Prest da menua, osatu da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiaren 19. ekitaldiko egitaraua. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaitzat dituzten 49 pelikula izango dira abenduaren 4tik 13ra BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiaren 19. ekitaldian. Hainbeste lanen artean hautaketa egitea ez dela lan erraza izan onartu dute jaialdiaren antolatzaileek; izan ere, inoiz baino pelikula gehiago aurkeztu dira aurten, 231 hain zuzen –aurreko bi urteetan 226 izan ziren– eta orain arteko marka gainditu da beraz. Sail Ofizialean 43 pelikula izango dira lehian, eta aurkezpen berezientzat gordetako Zabalandi sailean, berriz, sei programatu dira.
Aurten, sei euskal ekoizpen aurkeztuko dira, horietatik bost sail Ofizialean. Aner Etxebarriak Abata filma aurkeztuko du. Nafarroa eta Lapurdi arteko mugan dagoen borda batean, Gerardo Damboriena Etxalarko azken usozale belaunaldiaren ordezkariak, 700 urte baino gehiago dituen tradizio honen eta desagertzeko zorian dagoen langintzaren sekretuak agertzen ditu pelikulan.
Oihane Ruiz arkitektoaren eta Ane Barrutia paisajistaren Berdea lanak Euskal Herrian egurraren zikloaren inguruan egiten du gogoeta, basotik hasi eta industriaraino. Eta premiazko galdera bati erantzunak bilatzea du helburu: zer baso utziko diegu etorkizuneko belaunaldiei?
Aitor Intxaurragaren Denboraren ibilaldia filmak bidaia bat proposatzen du Gorbeia mendiguneko mila metrotik gorako 50 gailurretan barrena, eta erronka fisikoa lurraldearen memoriarekin lotzen du.
Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak eta Gexan Mendizabal zinegileak K2-Lurretik hegan pelikula ondu dute. Mattin Iñiguez da filmaren protagonistetako bat. Iñiguez hegan ibili da aurtengo udan Karakorumen, K2 menditzarrera iristeko ametsarekin, baina hegaldi eta amets horiez harago, hango Arando herrixkako biztanleekin izandako esperientzia sakona da pelikularen benetako mamia.
Mikel Urrizaren Zegama Zegama da filma mendi lasterketa entzutetsuak 25 urteotan egindako bidearen laburpena da: herri baten, mendi baten eta bien artean urteetan ehundu den harremanaren kontakizuna.
Seigarren filma aspaldikoa da 1981. urtean Jannu mendia (7.710 m) igo zuen espedizio nafarrari buruzko lana. Egiazko harribitxi bat. Orain, EMMOA-Euskal Mendizaletasunaren Museoak berreskuratu du pelikula, eta Euskal Filmategiak digitalizatu du. Iñaki Aldaia, Xabier Garaioa, Mari Abrego, Josema Casimiro, Javier Muro eta Patxi Senosiain mendizale nafarrek Jannu menditzarrean burututako igoera azaltzen du filmak, euskal mendizaleek Himalaian eginiko jarduera nabarmenenetakoa. Film hau Zabalandi sailean proiektatuko da.
'Tenzing', ‘The Dark Wizard’...
Euskal ekoizpenez gain, Europa, Ipar eta Hego Amerika, Asia, Afrika eta Ozeaniako lanak izango dira Mendi Filmen, jaialdiak nazioartean duen entzute eta oihartzunaren erakusle. Horien artean, nabarmentzeko moduko titulu asko dago: Tenzing, The Dark Wizard, Trango, K2 West Face. The legacy of two climbers, Yerupajá, Frost without snow and ice edota I follow rivers, besteak beste.

Tenzing filma Everest lehen igoeraren kontakizuna da. Edmund Hillary zeelanda berritarrak eta Tenzing Norgay xerpak osatutako sokan, bigarrenaren begietatik azaltzen du nolakoa izan zen igoera hura. Jennifer Peedom australiarrak zuzendutako lana da. Bilboko estreinaldian izango da Peedom, eta aurten aitortu zaion Mendi Zinemaldien nazioarteko elkargoko (IAMF) Sari Nagusia bertan jasoko du.
The Dark Wizard doku-seriearen protagonista Dean Potter eskalatzaile eta BASE jauzilaria da. Peter Mortimer zuzendariak eta Sender Films ekoiztetxeak lau kapituluko seriea ondu dute, zinez ikusgarria. Mortimer zuzendaria Bilbora etorriko da bere lana aurkeztera. HBO-k erositako seriea da, eta Bilbokoa, pantaila handian gozatzeko aukera bakarra izango da.
Trango pelikularen oinarria Karakorumeko Trango dorreetara egindako bi espedizio norvegiar dira, bata 1984koa eta bestea 1999koa. Nazioarteko estreinaldi indartsua izango da Bilbon. Mundu osoko mendi jaialdietan ezinbesteko pelikula izango da hortik aurrera. K2 West Face. The legacy of two climbers lanak Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajima ditu protagonista. K2 mendian bide berri bat zabaltzeko saiakeran zendu ziren 2024an. Moe Wada zine zuzendari japoniar entzutetsuak ondutako pelikula da.

Yerupajá lanak Marc Toralles, Bru Busom eta Ruben Sanmartin alpinisten jarduera itzela azaltzen du. 2026ko Urrezko Pioleta eskuratu du igoera horrek.
Frost without snow and ice Asgeir Helgestad zinemagile eta argazkilari norvegiar ospetsuaren lana da. Svalvarden bizi den Frost izeneko hartz-eme zuri bat da pelikulako protagonista. Irudien eta naturaren arteko konexioa bete-betekoa da, eta klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak agerian geratzen dira.
Zuzendari sarituak Bilbon
Mendi Film jaialdian sariak irabazitako puntako zuzendariak berriro ere Bilbon izango dira beren lanak aurkezten, besteren artean, honako hauek: Davina eta Seb Montaz-Rosset, Bertrand Delapierre, Ignasi Lopez, Hugo Clouzeau, Yannick Boissenot, Ben Knight, Oihane Ruiz eta Aner Etxebarria.
Beste estreinaldi handietako bat Mendi Film Bizkaia Ternua Bekak saritutako Los últimos guardianes de Shangri-La pelikula izango da. Marina Garcia Andreu zuzendari kataluniarraren lana da, eta Tibet atarian dagoen Yunnan eskualdeko mendi zaindarien istorioa ekarriko du pantaila handira.
Mendi Filmek atal berria estreinatuko du aurten, Mendi Bosteko. Lurraren zaintza eta harekiko errespetuzko jokaera nabarmentzen duten pelikulei atal honen etiketa bereizgarria ezarriko zaie. Aurten, 8 pelikula izango dira atal horretan.