Ur turrusta handiek zeharkatu dute Cervinoren iparra, eta, hala, klima aldaketaren eragina agerian utzi

Egunotako beroaren eta ekaitz elektrikoen eraginez, mendiaren goialdeko elurra, izotza eta permafrosta urtu eta ezohiko ur jauzi hauek sortu dira. Harry Lauber gidariaren argazkiak «mendiaren hauskortasuna» nola ari den areagotzen erakutsi du.

Ur jauziak Cervinoren ipar aurpegian. HARRY LAUBER
Ur jauziak Cervinoren ipar aurpegian. HARRY LAUBER
ramon olasagasti
2026ko ekainaren 30a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazkiari begiratuta, Cervino edo Matterhorn mendi ikusgarria (4.478 metro) negarrez ari dela ematen du. Zermattetik (Suitza) begiratuta, haren ipar aurpegiaren bisaia negargarria izan da aurreko egunotan: Harry Lauber mendi gidariak ateratako argazki biralean, ur turrusta izugarriak ageri dira mendiaren ipar isuri horretan behera amiltzen, egunotako beroaren eta euriaren ondorioz goialdeko elurrak eta izotzak urtuta. Klima aldaketaren ondorio agerikoak dira, munduko mendirik eder eta ikusgarrienetako batean.

Harry Lauber 78 urteko mendi gidaria da, Zermattekoa bertakoa. Haren familia Suitzako herri horretan errotua da 1650. urtetik, eta bera ere han hazi eta bizi izan da betidanik. Bere denboran, beraz, etxeko leihotik ikusi izan du Matterhorn lerdena, baina aurreko ekainaren 25eko irudirik, sekula ez: «Etxetik bertatik atera nuen argazkia, 18:00 aldera. Zermatten euri tanta batzuk erori ziren, baina Matterhornen bertan ekaitz elektrikoa sortu zen». Mendiaren letagin formak ere zerikusia du fenomenoarekin, Lauberren iritziz: «Aire beroa mendi hegal malkartsuetan gora igotzen da, eta ekaitz elektriko oso mugatuak sortzen dira. Ura, orduan, hormetan behera jausten da, turrusta horiek sortuz. Ikuskizun laburra izan zen, nolanahi ere, bost eta hamar minutu artekoa».

Ezohikoa izan da irudia, eta, adituen ustez, desizozte biziak ere eragin nabarmena izan du. Udan gertatu izan dira aurrez ere ur jauziak Cervinon, baina inoiz ez halako emariarekin. Elurraren, azaleko izotzaren eta permafrostaren urtze azkarrak eragindakoa izan da aurreko egunetako fenomenoa. Alpeetan ere tenperaturak ere oso beroak izan dira, eta zero graduko isoterma 4.000 metroz goitik egon da zenbait egunetan, baita 4.500 metroz goitik ere une jakin batzuetan ere. Hala azaldu du Luca Nisi Meteo Swisseko meteorologoak: «Azken hiru urteetan, udako hiru egunetan gutxienez, 5.000 metroz goitik egon da izozte maila. 2023koa da errekorra, isoterma 5.300 metrora igo baitzen, baina aurtengoa bezalako bero bolada luzerik ez dugu inoiz izan». Lauberrek ur jauzien argazkia atera zuenean, izozte maila 4.500 metrora zegoen.

Harry Lauber mendi gidaria
Harry Lauber mendi gidaria.

Hain goian euria egiten duenean edo elurra urtzen denean, ura harkaitzaren arrakaletan iragazten da eta permafrostera iristen da —lur eta harkaitz geruza izoztua—, adituek azaldu dutenez. Uraren berotasunak azkartu egiten du geruza horren desizoztea, urtu egiten du harkaitza soldatzen duen izotz geruza, harkaitzaren hausturak zabaldu egiten dira eta ura sakonago barneratzen da. Hitz batean, mendia gero eta hauskorragoa bihurtzen da. Uraren emaria hain handia denean, berriz, horman azaleratzen da, eta ur jauziak sortzen dira Cervino bezalako mendi tenteetan. Horren guztiaren ondorioz, areagotu egiten da harriak jausteko arriskua, eta aldatu egiten dira alpinismoko bide askoren baldintzak. Luca Nisiren iritziz, halako fenomenoak sarriago gertatuko dira aurrerantzean. «Garaiera handian gero eta gehiago igotzen ari dira tenperaturak».

Cervinoko ipar aurpegia, 1.200 metroko desnibelarekin, Alpeetako hiru ipar aurpegi handietako bat da, Eiger eta Grandes Jorassesekoarekin batera. Agertoki hartan gertatu dira alpinismoaren historiako eskalada handienetako batzuk. Azken urteotan, ordea, tenperatura gorakadaren, glaziarren atzeraldiaren eta permafrostaren degradazioaren ondorioz, mendia «oso arriskutsu» bihurtzen ari da Alpeetako mendi gidarien eta alpinisten esanetan. Eta, ondorioz, alpinismoko jarduerak egiteko urte garaiak eta ordutegiak moldatzen ari dira.

Beraz, argazki ikusgarri batetik harago doa egunotan gertatutakoa. Ohartarazpen argia da Lauberren irudia, klima aldaketaren eraginez mendiak ere nola ari diren eraldatzen eta gero eta hauskorrago bihurtzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA