Bero errea izan dute X-Pyr zeharkaldian parte hartu duten 50 parapentelariek eta haien taldeek. Aurreko igandean Hondarribitik abiatu ondoren, uste baino lehenago heldu dira Mediterraneora. Chrigel Maurer suitzarra —zortzi aldiz RedBull X-Alps-eko irabazlea eta lau aldiz X-Pyr-ekoa— asteazken arratsaldean heldu zen Santa Helena de Rodesko helmugara. Ikaragarria izan da suitzarraren erakustaldia, beste behin. Euskal hegalariak, Romain Larripa (Ziburu, Lapurdi, 1992), Mattin Iñiguez (Zegama, Gipuzkoa, 1985) eta Aner Bueno (Azpeitia, Gipuzkoa, 1987) ere bikain aritu dira, sailkapenaren erdi paretik nahiko aurrera. Atzo arratsalde-iluntzealdera heldu ziren hirurak Santa Helena de Rodesko mugarrira, ordu pare baten bueltan, eta gaur goizean azken hegaldia egin dute El Port de la Selvako hondartzara. Larripa 16. izan da, Iñiguez 21. eta Bueno 23.
Ikaragarri bizi hasi zen 2026ko X-Pyr, aurreko igandean. Hondarribian bero itogarria zela (38 gradu) abiatu ziren parapentelariak Larhuneko kaskora. Lehen hegaldian, Marcus Anders alemaniarra jarri zen buruan, baina Chrigel Maurer hegan aurreratu zitzaion berehala. Romain Larriparentzat, «zirraragarria» izan zen Larhunen, etxean, hegan egitea. «Senideen eta lagunen ondoan aireratzea, lehen biraketetan Maure idoloarekin batera aritzea, harrigarria izan zen niretzat».

Romain Larripa eta Mattin Iñiguez Luzaide inguruetan pausatu ziren lehen egunean, eta Aner Bueno, Izpegiko mendatearen azpian. «Lehen egunean gaizki hasi nintzen, eta azkeneko postuetan geratu nintzen. Haizea kontra genuen, termikak osatu gabe zeuden, eta ez nuen asmatu. Faborito asko ere nirekin joan ziren lurrera. Gero, atzetik aurrerako proba egin dut», azaldu du Buenok.
«50en artean 21. izan gara azkenean, baina aurrerago egon gintezkeela iruditzen zaigu. Erabaki pare bat ondo hartu izan bagenitu, hamabost aurrenekoen artean buka genezakeen»
MATTIN IÑIGUEZ Euskal selekzioko parapentelaria
Bigarren egunean, baldintza oso onak izan zituzten hegaldi luzeak egiteko. Chrigel Maurerrek hegaldi dotorea egin zuen Auñamendiko lepotik, eta 13:00ak baino minutu batzuk lehenago jo zuen Villanuako mugarria. Markus Anders alemaniarrak hegaldi bertsua egin zuen, baina ordu erdi geroago lurreratu zen. Villanuako panelean sinatu ondoren, 1.600 metrora igo ziren oinez biak, ekaitza lehertu aurretik ahalik eta azkarren aireratzeko. Maurer Benasqueraino iritsi zen hegan, ekaitza saihestuta.
Iñiguez, Orhiko lepotik abiatu zen eguneko bigarren hegaldian, eta Ezkaurre, Peña Forca eta Bisaurin atzean utzi ondoren, haizearen aurka borrokan, Villanuara iritsi zen. Aner Bueno, berriz, Lepoederretik aireratu zen, Larra-Belagua atzean utzi, Hecho harana zeharkatu eta egunaren azken hondarrean heldu zen Villanuara. «Besteak baino geroago aireratu nintzen, asmatu nuen horretan, eta Villanuaraino iritsi nintzen hegan. Giltzarria izan zen hegaldi hori, atzetik aurrera egiteko», Buenoren hitzetan. Egun horretan, Sabiñanigo inguruan geratu ziren hegalari gehienak. «Ekaitzak turbonada esaten zaien haize zakar eta arriskutsuak sortu zituen, eta Sabiñanigo aldean blokeatuta geratu ginen», azaldu du Iñiguezek.
Maurerren erakustaldia
Hirugarren egunean, berealdiko erakustaldia eman zuen Maurerrek: aireko autobideei bikain antzemanda, hiru herrialde gurutzatu zituen (Espainia, Frantzia eta Andorra), ekaitzen artean sigi-saga, eta Anetoko, Midi de Bigorreko eta Pic des Trois Seigneurseko mugarriak airean lotu ondoren, Sant Joan de les Abadesses herriko mugarria jo zuen, airean 238 kilometro eginda. Azaldu duenez, 4.000 metro inguruan mantentzea izan zen gakoa, aire finagoaren bultzada baliatzeko. Port de la Selvako helmugatik 70 kilometro eskasera geratu zen Maurer hirugarren egunean.
«Niretzat, ederra izan da Iñigo Redin zuzendariak aukera ematea; zeharkaldia osatzea, berriz, sekulakoa. Sailkapena alde batera utzita, borroka pertsonala izan da, eta oso gustura nago»
ANER BUENO Euskal selekzioko parapentelaria
Romain Larripak eta Mattin Iñiguezek Oturia tontorretik egin zuten hegan hirugarren egunean, eta Anetoko eta Midi de Bigorreko balizak lotu zituzten 186 kilometroko hegaldi bakar batean. «Elkarri lagunduz, nondik nora joan markatuz, goiza nola edo hala gainditu genuen. Oso zaila eta teknikoa izan zen hasiera. Ondoren, ikaragarrizko hegaldia egin genuen Larripak eta biok: Cotiella gainetik Peña Montañesara, 4.000 metroko sabaiak hartu, Maladeta guztiak pasa, Aneto eta Midi de Bigorreko balizak igaro, eta Baqueira iparraldean bukatu genuen eguna», oroitu du Iñiguezek.

Larripak ere egun hura zaila eta aldi berean «magikoa» izan zela adierazi du. Hegaldi bikain horri esker, diziplina honetako izen handi asko atzean utzi zituzten egun horretan. Aner Buenok ere hegaldi epikoa egin zuen hirugarren egunean, Collarada gainetik aireratuta: Anetoko eta Midi de Bigorreko balizak lotu zituen, antolakuntzakoek ezarritako altuera mugarekin (4.200 metro) jolasean.
Asteazkenean, ekainaren 24an, Chrigel Maurer 17:00etan iritsi zen Santa Helena de Rodesko GOLaren eremura —hala esaten diote helmugari aireko kiroletan—, eta garaipen ikusgarria eskuratu zuen. Ordu pare bat geroago sartu zen Markus Anders alemaniarra. Eta ordu batzuen buruan heldu zen hirugarrena, Lars Meerstetter suitzarra.
Euskal parapentelariek ere hegaldi bikainak egin zituzten asteazkenean. Iñiguezek hiru kilometro baino ez zituen egin oinez, eta, ondoren, «hegaldi zoragarria» egin zuen Pic des Trois Seigneurseko balizara arte. «Handik aurrera, zortea izan genuen Andorra iparralde basatia hegan zeharkatzean, eta baldintza perfektuak aurkitu genituen San Joan de las Abadesseseraino. Oberraunerrekin, Schuggekin eta jende onarekin oso aurrean heldu ginen», azaldu du Iñiguezek.

Ametsa beteta eta eskertuta
Ostegunean jo zuten helmuga hiru euskal parapentelariek. Euskal selekzioko bi kideak, Iñiguez eta Bueno, pozik ziren, baita Larripa ere. Iñiguezentzat, «amets bat betetzea» izan da X-Pyr osatzea. «Ezin nuen eskatu hobeto ateratzerik. Bukatzea eta taldekide guztiok gozatzea zen helburu nagusia, eta hala izan da. Sailkapenari ez genion horrenbesteko garrantzirik eman; 50en artean 21. izan gara azkenean, baina aurrerago egon gintezkeela iruditzen zaigu. Erabaki pare bat ondo hartu izan bagenitu, hamabost aurrenekoen artean buka genezakeen. Hala ere, oso-oso gustura gaude lortutakoarekin».
«Ez nuen espero hain aurrean ibiltzea. Karrera bat baino gehiago, abentura bat izan da, eta azken sailkapena eguraldiaren eta zortearen oparia izan da»
ROMAIN LARRIPA Parapentelaria
Aner Buenok taldekideekin probaz gozatzea zuen helburu, eta bete du asmoa. «Elikadura aldetik, mendian korrika, otorduak prestatzen, gidari lanetan... ekipo ederra izan dut ondoan, lan handia egin dute, eta asko gozatu dugu elkarrekin». Lehen egunean «hain gaizki» hasi eta gero, ez zuen espero gero hain azkar iristea. «Egunero huts txikiak egin ditut, baina hegaldi onak ere bai, eta lortu dut postuetan aurrera egitea. Hauxe da hike and fly modalitatearen esentzia. Niretzat ederra izan da Iñigo Redin zuzendariak aukera ematea; eta zeharkaldia osatzea, berriz, sekulakoa. Sailkapena alde batera utzita, borroka pertsonala izan da, eta oso gustura nago».
Larripak ere asko eskertu du lasterketaren zuzendariak emandako konfiantza. «Oso eskertuta nago aukera eman didalako, eta oso eskertuta lantalde osoarekin. Ez nuen espero hain aurrean ibiltzea. Niretzat, karrera bat baino gehiago, abentura bat izan da, eta azken sailkapena eguraldiaren eta zortearen oparia izan da. Eta, probaz harago, ederrena beste pilotuekin une harrigarriak bizitzea eta adiskide berriak egitea izan da».