Korrikalaria

Aitor Ajuria: «Zoriontsu naizenean, edozer egiteko ahalmena dut»

Euskal Herriko trail zaleentzat ez da ezustekoa izan Aitor Ajuria bederatzigarren geratu izana. Iazko Gorbeia Suzien proban erakutsi zuen zertarako gai den, eta Zegaman ondo aritu da, lau orduren langa eraitsita.

Aitor Ajuria, Sancti Spirituko aldapan. GORKA RUBIO / FOKU
Aitor Ajuria, Sancti Spirituko aldapan. GORKA RUBIO / FOKU
Unai Ugartemendia.
Zegama
2026ko maiatzaren 18a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazuen «konfiantza» Aitor Ajuriak (Otxandio, Bizkaia, 1998) egunen batean gai izango zela Zegama-Aizkorrin egin duena egiteko. «Iazko ikasgaia ikasita», lortu du hamar lehenengoen artean sartzea eta lau ordutik jaistea.

Emaitza hau espero zenuen?

Bai! Kritika asko egin dizkidate azken urteetan: esan izan didate beti aurrean irteten naizela eta ondoren ez dudala ahalmenik postuari eusteko. Jendeak hitz egitea ondo dago, baina nik badakit zenbat entrenatzen naizen eta zertarako gai naizen. Batzuetan lortu egiten da eta beste batzuetan ez, baina nik horrela ulertzen ditut lasterketak. Banekien egunen batean hau egiteko gai izango nintzela.

Beti izan duzu konfiantza zeure buruarengan.

Iazko Gorbeia Suzien lasterketara arte, ez nuen pentsatzen maila honetara iritsiko nintzenik. Ez dut harroputza izan nahi, baina neure buruarengan konfiantza handia daukat. Nire inguruan dabilen jendearengatik poztu naiz gehien.

«Iaz ez nuen nahi nuen lasterketa egin. Ez nintzen buruz ondo prestatuta iritsi, eta ez nuen ondo kudeatu. Lasterketak gaina hartu zidan. Iazko ikasgaiak asko balio izan dit aurtengorako»

Iazko Gorbeia Suzienen jauzi handia egin zenuen. Gaurkoa handiagoa izan da?

Bai. Badakit zoriontsu naizenean edozer egiteko ahalmena dudala, eta oraintxe bertan egoera horretan nago. Zoriontsu bizi naiz, dena ondo doa, eta horrelakoetan askoz errazagoa da emaitza onak lortzea.

Iazko denbora urrun utzi duzu.

Iaz ez nuen nahi nuen lasterketa egin. Ez nintzen buruz ondo prestatuta iritsi, eta ez nuen ondo kudeatu. Lasterketak gaina hartu zidan. Iazko ikasgaiak asko balio izan dit aurtengorako.

Noiz konturatu zara lehen postuetan amaitzeko gai izango zinela?

Hasieratik oso erritmo bizian joan gara, eta hor jada konturatu naiz lasterketa bikaina egin nezakeela. Erritmoari eutsi ahal izan diot, eta oso gustura amaitu dut.

Lehen euskalduna izan zara, eta lau ordutik behera egitea lortu duzu. Zer esan nahi du horrek?

Poz handia ematen dit. Euskal Herrian dagoen mailaren erakusgarri da. Bai mutiletan, bai nesketan, asko korritzen duen talde handi bat sortzen ari gara. Gaur ni izan naiz lehena, baina Paul Ormaetxeak ere lasterketa bikaina egin du, baita Oier Zubeldiak eta beste batzuek ere. Pozik nago nigatik, baita haiengatik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA