Kongoko Errepublika Demokratikoan mila lagun baino gehiago hil dira dagoeneko ebolak jota

Erregistroak daudenetik, birusa inoiz ez da hedatu agerraldi honetan bezain azkar. Afrikako Osasun Agintaritzak «berehala ekiteko» eskatu dio nazioarteari, txerto eta botika espezifikoen eskasia dela eta.

Mediku batzuk, ebolaz hildako pertsona baten gorpua eramaten Kongoko Errepublika Demokratikoan, atzo. DIEUDONNE DIROLE / EFE
Mediku batzuk, ebolaz hildako pertsona baten gorpua eramaten Kongoko Errepublika Demokratikoan, atzo. DIEUDONNE DIROLE / EFE
2026ko uztailaren 23a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ebolaren azken agerraldia abiadura kezkagarrian hedatzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta hildakoak mila baino gehiago dira dagoeneko. Afrikako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroen zuzendari nagusi Jean Kaseyak atzo Ghanan prentsaurreko batean esan zuenez, maiatzaren erdialdean Bundibugyo herrian —Kongoko Errepublika Demokratikoan— izen bereko aldaera atzeman zutenetik gutxienez mila pertsona hil dira, eta 2.473 kasu baieztatu dituzte herrialde hartako osasun agintariek. Iturri ofizialek nabarmendu dute azken hamarkadetako «epidemiarik larrienetako» batean daudela.

Kaseyak adierazi zuenez, egoera «guztiz larria» da, eta «kontrola galtzeko» arriskua dago berehala neurriak hartzen ez badira. «Jendea hiltzen ari da, ez dugulako txertorik, ez dugulako botikarik eta ez dugulako behar adinako finantzaketarik», azpimarratu du Kaseyak; gainera, gehitu du orain aurre egiten ez badiote munduak inoiz jasan duen «epidemiarik larriena» bihurtuko dela.

Iturri ofizialen arabera, gaur egun eragiten ari den birusa Bundibugyo aldaera da, gizakiei eragiten dieten ebola birusaren lau aldaeretatik ezezagunenetako bat. Aldaera horren ezaugarri nagusietako bat da ez dagoela haren aurkako txerto edo tratamendu espezifiko homologaturik. Horrek, adituek azken asteetan esan dutenez, izugarri zailtzen du kutsatze kateak moztu eta gaixoak sendatzeko lana.

Egoera Kongoko Errepublika Demokratikoko ipar-ekialdeko probintzietan bideratu da nagusiki, baina beste hainbat eremutara zabaltzeko arrisku handia dago. Gaur egun gutxienez 737 paziente daude ospitalean edo bakartuta. Birusaren arriskua nahikoa ez, eta herrialdeko osasun langile askok greba egin dute azken egunetan, lan baldintza eskasak, babes materialen gabezia eta ordaindu gabeko soldatak salatzeko. Protestek gehiago kolapsatu dute osasun zerbitzuen erantzuna, eta are gehiago murriztu epidemiaren hedapena oztopatzeko gaitasuna.

Inoiz baino azkarragoa

Osasunaren Mundu Erakundeak kaleratutako estatistiken arabera, epidemia honek aurreko agerraldi guztien abiadura erregistroak gainditu ditu. Konparatzeko, 2013 eta 2016 artean Mendebaldeko Afrikan izandako ebola krisirik handienean —inoiz baino hildako gehiago eragin zituen epidemia hark, 11.000 biktimatik gora— zortzi hilabete behar izan ziren mila hildakora iristeko. Oraingoan, ordea, hamar aste baino gutxiagoan iritsi da zenbaki horretara.

Epidemiak inguruko herrialdeetan ere sortu du kezka. Uganda mugakidean, bi pertsona hil dira birusaren ondorioz, nahiz eta Ugandan azken osasun agintariek esan duten azken asteetan transmisioa kontrolatzea lortu dutela. Ugandan ebolarekin kutsatutako azken pazientea uztailaren 16an sendatu eta ospitaletik irten zen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA