Afrikatik Kanarietara doan ibilbidea «munduko hilgarrienetako bat» da. Hala adierazi zuen atzo UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, uztailaren 18an Mauritaniako kostaldean egindako erreskatearen harira emandako prentsaurrekoan. Larunbatean erreskate bat egin zuten ibilbide horretan zihoan ontzi batean, eta 143 migrante hil ziren —desagertutakoak ere hiltzat hartuta—. 38 pertsona salbatu zituzten.
Ontzia Gambiako kostatik abiatu zen ekain amaieran, eta 180 migrante zeramatzan. Kanaria uharteak zituen helmuga, baina 25 egun itsasoan igaro ostean, ontzia erregairik gabe geratu zen. Mauritaniako kostaldean erreskatatu behar izan zituzten erreskate taldeek eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek.Â
UNHCRk jakinarazi duenez, uztailaren 18koa ez da izan azken egunetan egin duten erreskate bakarra; uztailaren 14tik 18ra hiru operazio egin zituzten Mauritaniako kostan: 387 migrante salbatu zituzten, baina migrante bat hil zen uztailaren 14an egindako erreskate batean.Â
Egoera ikusita, Kanarietara doazen migratzaileek pairatzen dituzten arriskuak nabarmendu zituen atzo UNHCRk: «Munduko migrazio biderik hilgarrienetako bat da oraindik ere; izan ere, distantziak luzeak dira, ozeanoaren baldintzak gogorrak izan ohi dira, ontziak prekarioak dira, eta bidaiari gehiegi hartzen dituzte, eta, gainera, garaiz erreskatatzeko zailtasunak daude». Erakundeak emandako datuen arabera, 2026an 2.147 migrante erreskatatu dituzte Mauritaniako kostaldean.Â
Halere, agentziak adierazi du azken urtean Kanarietara abiatzen diren migranteak gutxitu egin direla; 2025eko datuekin alderatuta, aurten %60 gutxiago izan dira. Baina agentziak ohartarazi du arriskua ez dela desagertu, eta beharrezkoa dela migranteak bidea hastera bultzatzen dituzten arrazoiak murriztea. Erakundearen esanetan, beharrezkoa da birkokatze postu gehiago eskaintzea, lan mugikortasuna handitzea eta hezkuntzarako aukerak indartzea.