Hondamendia jazo da bart Venezuelan. Bi lurrikara gogorrek —Richter eskalako 7,2 gradukoa bata eta 7,5ekoa bestea— eta hogei bat erreplikak herrialdearen iparraldea astindu dute, Euskal Herrian gauerdia zela —osteguneko 00:04an—. Delcy Rodriguez presidenteak emaniko azken datuen arabera, 164 lagun hil eta ia mila zauritu dira, baina ziurtzat jotzen da askoz gehiago izango direla; izan ere, lehen datuetan ez dute kontuan hartu La Guaira estatuan izandako eragina, eta han jo dute gogorren lurrikarek.
Desagertuen artean euskal jatorriko bat dago gutxienez: Alazne Solabarrieta, 65 urtekoa. Caracasko San Bernardino auzoko etxe bat amildu da, eta senideek ez dute haren berririk. Caracasen jaioa izan arren, harreman estua izan du Ondarroarekin. Haren aitona, Jose Maria Solabarrieta, Ondarroako alkate izan zen, eta Espainiako gerran Venezuelara erbesteratu zen. Koldo Olalde, haren senarra, bizirik erreskatatu dute larrialdi zerbitzuek.
«La Guairan gertaturikoa hondamendia izan da, eta orain hondamendi eremua da», horrela azaldu du estatu hartako egoera Rodriguezek. La Guaira estatuak 500.000 biztanle ditu, eta Caracastik 30 kilometro eskasera dago, Karibe itsasoko kostaldean. Ingurune turistikoa da, Caracastik hondartza bila joaten den jende asko hartzen duena, eta bart mukuru beteta zegoen, jaieguna zelako Venezuelan.
đŸ‡»đŸ‡ª#URGENTE - Venezuela vive la peor tragedia de su historia.
— DatoWorld (@DatosAme24) June 25, 2026
La Guaira parece un escena de Guerra.pic.twitter.com/5NS1H09Gf7
Presidenteak argitu duenez, hainbestekoa izan da eragina, oraindik ezin izan baitute jakin gutxi gorabehera zenbat biktima izan diren han. La Guairan «dozenaka eraikin» amildu direla zehaztu du, eta besteak beste hamabost solairuko hotel bat suntsitu duela. Agerraldian, «ezohiko fenomeno sismiko» bati egotzi dio tragedia presidenteak, eta gaineratu du La Maiquetiako aireportua, herrialdeko handiena, itxita dagoela kalteengatik.Â
Diosado Cabello Venezuelako Barne ministroak zera adierazi du Venezuelako telebistan, telefonoz egindako agerraldi batean: «Hainbat eraikin eta etxebizitza erori dira. Kaltetuak artatzen ari gara; babes zibileko erakunde guztiak horretara bideratu ditugu». Horrez gain, herritarrei mintzatu zaie, eta «zuhur» jokatzeko eskatu: «Zer egoeratan gauden ulertu behar dute. Ezin gara etxean egon. Kalera atera beharra dago, eraikinetatik urrundu, eta bertan ahalik eta lasaien itxaron».
Erreskate zerbitzuen miaketa lanak martxan daude goizean goizetik Caracas hiriburuan. Oposizioko talde batek lotura bat prestatu du sare sozialetan, herritarrek desagertutako senideen kopuruak eman ditzaten. Eta, oraingoz, 11.000 lagun inguru zenbatu dituzte. Hala ere, komunikabide gehienak etenda daude, eta herritar askok ezin izan du Internetera konektatu ere egin. Hortaz, desagertuta dauden herritarrak askoz gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute.
Edificio Oasis, Playa grande
— Alerta Mundial (@TuiteroSismico) June 25, 2026
La Guaira, Venezuela
Totalmente colapsado !
Tremendo como se oyen los gritos!! pic.twitter.com/pY8pSy2SPr
Amerika osoko hainbat herrialdek beren burua eskaini dute erreskate zerbitzuak bidaltzeko, tartean AEBak. Donald Trumpek sare sozialetan esan du ziurrenik asko izango direla hildakoak. AEBetako zerbitzu geologikoaren arabera (USGS), litekeena da 10.000 eta 100.000 artean izatea. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere doluminak bidali dizkio Venezuelako herriari, eta «Euskadiren» babes eta elkartasun osoa eskaini dizkio.Â