azken 30 urteetan Amerikan hildako gehien eragin dituzten lurrikarak
- 1. Haiti, 2010eko urtarrilaren 12a. Richter eskalan 7 graduko lurrikara batek herrialde osoa astindu zuen. Hainbestekoa izan zen hondamendia, hildakoen datuak gutxi gorabeherakoak baitira oraindik ere. Nazio Batuen Erakundeak «ehunka mila» hildako izan zirela esan izan du haren urtemugetan. Zenbaketa batzuen arabera, 316.000 lagun hil ziren guztira, hala lurrikararen nola haren ondorioen eraginez.
- 2. Haiti, 2021eko abuztuaren 14a. Bost urte geroago, oraindik zehazteke dago zenbat hildako eragin zituen Saint-Louis du Sud hiria astindu zuen ikarak. Datu ofizialen arabera, 2.248 hildako izan ziren. 7,2 graduko lurrikara izan zen, eta 60.700 etxe suntsitu zituen.
- 3. Kolonbia, 1999ko urtarrilaren 25a. 6,2 graduko astindu batek Armenia hiriko eraikinen %60 suntsitu zituen. 1.230 hildako eragin zituen, eta 439 milioi euro behar izan ziren azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko.
- 4. El Salvador, 2011ko urtarrilaren 13a. Itsasikara bat izan zen, Ozeano Pazifikoan, Usutan departamentuko kostaldetik gertu. 7,7 graduko lurrikara bat izan zen, eta 944 pertsona hil zituen, eta 1,3 milioiri eragin zizkion kalteak. 1.155 eraikin publiko hondatu zituen, eta 108.261 etxe birrindu.
- 5. Ekuador, 2016ko apirilaren 16a. 7,8 graduko lurrikara bat eta berrehun erreplika baino gehiago izan ziren Manabi eta Esmeralda probintzietan. 670 pertsona hil ziren, eta kalte materialak erraldoiak izan ziren. Astindua hain handia izan zen, Kolonbian eta Perun ere nabaritu baitzuten.
- 6. Peru, 2017ko abuztuaren 15a. Richter eskalan 8 graduko lurrikara batek herrialdearen kostaldea astindu zuen. Gogorren jotako hiriak Pisco, Ica, Chincha eta Paracas izan ziren. 595 pertsona hil ziren, eta 300 desagertu. Seismoak 75.000 etxe birrindu zituen.
- 7. Txile, 2010eko otsailaren 27a. Mende honetan Hego Amerika astindu duen lurrikararik indartsuena izan zen: 8,8 gradu Richter eskalan, eta bi minutu eta erdiko iraupena. Tsunami bat eragin zuen herrialdearen erdialdean. 526 pertsona hil ziren.
- 8. Mexiko, 2017ko irailaren 19a. 7,1 graduko lurrikara batek 369 hildako eragin zituen, horietatik 228 Mexiko Hiria hiriburuan. Lurrikararen epizentroa Morales eta Puebla estatuen artean izan zuen. Hamabi egun lehenago beste lurrikara bat izan zen Mexiko hegoaldean, eta 98 hildako eragin zituen.
- 9. El Salvador, 2011ko otsailaren 13a. Urte bereko urtarrilean lurrikara bat izan zen, eta, handik hilabetera, lurrak berriz ere dar-dar egin zuen. 6,6 graduko ikarak herrialdearen erdialdea astindu zuen, eta 315 hildako eragin. 57.000 etxe suntsitu zituen.
- 10. Bolivia, 1998ko maiatzaren 22a. 6,8ko graduko ikara bat izan zen, baina 2.000 erreplika baino gehiago nozitu zituzten hurrengo bi hilabeteetan. Cochabambako lurraldean izan zuen eraginik handiena, baina herrialdearen erdialde osoan nabaritu ziren. 105 hildako eragin zituen.
Azken 30 urteetan Amerikan hildako gehien eragin dituzten lurrikarak
Bi larrienak Haitin izan ziren, baina herrialde askok jasan dituzte astindu handiak azken 30 urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu