«Memoria ezin da giltzapean egon». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak X sare sozialean iragarri du sekretua kenduko dietela 1981eko otsailaren 23ko agiri guztiei, herritarrekin duten «zor historikoa kitatzeko asmoz». Hain zuzen ere, gaur 45 urte bete dira Antonio Tejero Guardia Zibilaren teniente koronelak estatu kolpea eman zuenetik —Espainiako armadako buruak zeuden tartean—.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak bihar onartuko du neurria, eta, gero, Elma Saiz eledunak emango ditu xehetasun guztiak. Gobernuko barne iturriek zehaztu dute bilera horretan onetsitakoa asteazkenean argitaratuko dela Espainiako Aldizkari Ofizialean eta hortik aurrera Moncloaren webgunean kontsultatu ahal izango direla dokumentu guztiak —lamoncloa.gob.es helbidean, alegia—.
Sanchezek txiokatu duenez, «demokraziek iraganaren berri izan behar dute etorkizun hobe bat eraiki ahal izateko». Eskerrak eman dizkie «bidea ireki zutenei».
Cercasen eskaera
Txioan, Javier Cercas idazleak egindako eskaera txertatu du Sanchezek. Espainiako Gorteetan estatu kolpeari buruz egindako solasaldi batean, Cercasek Sanchezi eskatu zion ken ziezaiela sekretua agiriei. Cercasek, Anatomía de un instante (Istant baten anatomia) liburua idazteko, lau urte iragan zituen kolpe hari buruz ikertzen, eta dena ezaguna da jada: «Gezur asko zabaldu dira, negozio bat da. Presidente jauna, gauza bat eskatuko dizut: lege bat dago, baina desklasifika ezazu ahal duzun guztia. Dena. Ez da ezer aldatuko estatu kolpearen interpretazioari buruz. Badugu egiaren berri, baina, gutxienez, gezurrak kontatzen dituzten horiek helduleku bat gutxiago izango dute».
Argitara aterako diren dokumentuen artean daude estatu kolpeko auziari buruzko paperak. Espainiako Auzitegi Gorenean daude gordeta. Auzipetuen grabazioak ere badaude, eta Espainiako garai hartako zerbitzu sekretuek grabatutako entzuketen transkripzioak.
Legearen afera
Nahiz eta orain paper horiek desklasifikatuko dituen, Espainiako Gobernua uzkur azaldu da orain arte sekretu ofizialen legea indargabetzeari dagokionez. Hainbat taldek —besteak beste EAJk, EH Bilduk eta Geroa Baik— hamaika bider eskatu diote frankismo garaiko lege hori bertan behera uzteko; izan ere, estatu kolpea ez ezik, diktadurako eta trantsizioko beste hainbat gertakari ere sekretupean daude oraindik lege horren babesari esker. Egia osoari sekretupean eusteko eta segurtasun indarren zigorgabetasuna bermatzeko zutarri nagusietako bat da.
Espainiako Gobernuaren arabera, informazio klasifikatuari buruzko lege proiektua onartua du, eta Kongresuan dago egitasmoa, tramitatzeko prozesuan. Hain zuzen, proiektu horretan proposatzen da «goi sekretupeko» agiriak 45 urteren buruan desklasifikatzea, «sekretupeko» dokumentuak 35 urteren buruan argitaratzea, «konfidentzialtzat» hartutakoei zazpi eta bederatzi urte arteko epea ezartzea, eta «informazio murriztutzat» jotzen direnei hiru eta bost urte bitartekoa.
EAJren eta EH Bilduren arabera, lege egitasmoa ez da nahikoa, eta epeak gehiegizkoak direla deritzote.
Borondate politikoa
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan du «albiste ona» dela agiriak desklasifikatzea, eta, behin hasita, «oraindik ere giltzapean jarraitzen duten beste kasu asko» argitu beharko liratekeela. «Aurrerapauso honek erakusten du borondate politikoarekin posible dela sekretuak altxatzea eta martxoaren 3ko sarraskiaren, 78ko sanferminen, Zabalza kasuaren edota GALekin lotutako dokumentuak argitara ateratzea».
Eta bide bertsua hartu du Maribel Vaquero EAjren Espainiako Kongresuko bozeramaileak: «Zabalzaren kasuaren paperak ere desklasifikatu behar dira, baita Martxoaren 3ko gertakarienak ere. Eta, horien atzetik, beste guztiak».