Inoiz jaso duen zigorrik handiena jarri diote Metari: 25.000 milioi dolarrekoa. Hala ebatzi du Mexiko Berriko estatu auzitegiak (AEB), argudiatuta Facebook, Instagram eta Whatsapp sare sozialen jabe den AEBetako konpainiak erabiltzaileak engainatu zituela eta haien datu pertsonalak bidegabe erabili zituela.
Hain justu, AEBetako hauteskundeekin du lotura zigorrak. Mexiko Berriko Justizia Departamentuaren arabera, 2016an, bere lehen agintaldiaren aurretik, Donald Trumpek Facebookeko milioika erabiltzaileren datu pertsonalak jaso zituen, erabiltzaileen oniritzirik gabe, eta mezu politikoak zabaltzeko erabili. Zehazki, Erresuma Batuko Cambridge Analytica aholkularitza etxeak jaso zituen datu haiek, eta hark bideratu zizkion Trumpi.
2018an zabaldu zen Cambridge Analyticaren filtrazio horien berri: Metak 87 milioi erabiltzaileren datuak saldu zituen haien baimenik gabe. Mexiko Berriko epaile batek ebatzi zuen Facebookek iruzur egin zuela erabiltzaileen datuak nork erabili zitzakeen eta datuak nola babesten zituzten adierazteko garaian. Eta hori kontuan hartuta, Francis Mathew epaileak 25.000 milioi dolarreko zigorra ezarri dio konpainiari —22.240 milioi euro—, nahiz eta hasieran 219.000 milioi dolarreko zigorra jartzea ere aztertu zuen —194.860 milioi euro—. Zigorra %15 handituko da urtero, Metak hura guztiz ordaindu arte.
Raul Torrez Mexiko Berriko fiskal nagusiak begi onez ikusi du zigorra, eta nabarmendu du AEBetako enpresa baten aurka inoiz jarritako zigor handienetakoa dela. Prentsaurreko batean, Torrezek gaineratu du diru hori Mexiko Berriko hezkuntza sistemarako izango dela, baina ohartarazi du Metak helegitea jarriz gero litekeena dela diru kopuru horren iritsiera atzeratzea.
Zigorrak pilatzen
Mark Zuckerberg buru duen enpresari zigorrak pilatzen ari zaizkio azkenaldian. Abuztu bukaeran, 16.680 milioi dolar ordaintzea adostu zuen, adingabeen eta sare sozialen auziaren harira —AEBetako 50 estatuetatik 29k Metari leporatu zioten adingabeei «adikzioa» eragitea—. Kasu horretan ere, Brian Schwalb Washingtongo fiskal nagusiak «egundoko garaipentzat» jo zuen ebazpena.
Baina zigorrak gero eta gehiago badira ere, AEBetako enpresak gero eta irabazi handiagoak ditu. Atzo jakinarazi zuen urtarriletik irailera 52.481 milioi dolar irabazi dituela, iaz epe berean baino %39 gehiago. Diru sarrerei dagokienez, 181.712 milioi dolar fakturatu ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, eta iaz urte osoan, 200.966 milioi dolar.
Zuckerbergek adierazi zuen publizitatean eta adimen artifizialean egindako «aurrerapausoen» fruitu direla irabazi horiek. Gaineratu du «modu intentsiboan» jarraituko duela sare sozialen garapenean eta adimen artifizialaren aukera berrietan inbertitzen. Esan zuen irabaziak oraindik eta handiagoak izango direla 2027an.