66 lagun hil dira Kolonbian, armadaren hegazkin batek lurra jo ondoren

Aireratu eta gutxira amildu da hegazkina, herrialdearen hegoaldean. Zergatik erori den ikertzen ari dira. 128 pertsona zihoazen barruan.

Erreskate taldeetako kideak atzo Kolonbian, amildutako hegazkinaren bueltan. EFE
Erreskate taldeetako kideak atzo Kolonbian, amildutako hegazkinaren bueltan. EFE
Igor Susaeta.
2026ko martxoaren 24a
10:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolonbiako armadaren hegazkin batek lurra jo zuen atzo herrialdearen hegoaldean, Putumayo eskualdean, eta horren ondorioz gutxienez 66 pertsona hil dira, 58 zauritu, eta lau desagertuta daude. Iturri ofizialen arabera, 128 pertsona zihoazen barruan. Aireratu eta gutxira amildu zen abioia.

Ikertzen ari dira zergatik erori zen. Pedro Sanchez Suarez Defentsa ministroak adierazi du prozesua «gardena» izango dela. Sare sozialetako bideo batzuetan ikus daiteke abioia nola hasten den pixkanaka beherantz egiten, aireratu eta gutxira.

Puerto Leguizamo hiriko lurretan amildu da hegazkina, Amazonian, Peruko mugatik gertu. FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentziek erasoak egin izan dituzte eremu horretan. Horren harira, Sanchez Suarezek X sare sozialean esan du ez dagoela gertatutakoa erasotzat hartzeko moduko zantzurik.

Hegazkina amildu ondoren, leherketa batzuk entzun dira. Defentsa ministroak argitu duenez, sute bat piztu da, eta, haren ondorioz, eztanda egin du garraiatzen ari ziren munizioaren parte batek. 

Defentsa kontuetan espezializatutako webgune baten arabera, hegazkinak 43 urte zituen. AEBetako armada hasi zen hura erabiltzen, 1983an, eta Kolonbiakoak 2020an erosi zuen.

Polemika iturri

Hori dela eta, Gustavo Petro herrialdeko presidenteak kritikatu egin du hegazkina erosi zenean herrialdeko presidentea zena, Ivan Duque (2018-2022) eskuinekoa alegia. Zera idatzi du X sare sozialean: «Txatar hutsa erosten dute gerrarako. Zergatik ez zuten, beren ibilgailuekin eta apartamentuekin egin bezala, hegazkin berri bat erosi?».

Maiatzaren 31n presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Kolonbian, eta Paloma Valenciak, uribismoaren presidentegaiak, Petro jarri du jomugan. Honela mintzatu da sare sozialetan: «Onartezina da gure soldaduen bizitza arriskuan jartzea Kolonbiako hegazkinen mantentzea penagarria izateagatik». Petrok nabarmendu du, hain justu, armadaren ekipamendua berritzeko hautua egin zuela bere gobernuak agintera iritsi berritan, baina ezin izan dutela aurrera eraman, «zailtasun burokratikoekin» topo egin dutelako administrazio militarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!