Misil batek Iran hegoaldean ikastetxe bat jo zuen, eta 168 haur hil zituen, AEBek eta Israelek abiarazitako erasoaldiaren lehen egunean, otsailaren 28an. Asteon, NBE Nazio Batuen Erakundeak iragarri du ikerketa independente bat hasi duela erasoaren atzean nor egon zen argitzeko. Begi guztiak Etxe Zuriaren gainean daude. The Washington Post eta The New York Times egunkariek iragan astean kaleratu zutenez, eskola hori AEBen helburuen zerrenda batean ageri zen, eta posible da azpiegitura militar batekin nahastu izana. AA adimen artifiziala ari dira erabiltzen helburu militarrak zehazteko, eta Maria Sukhareva AI Realist aholkularitza enpresaren sortzaileak uste du balitekeela AAk Minabeko eskola base militar gisa identifikatu izana: «Posible da adimen artifizialak, base militarraren antolaketari eta itxurari erreparatuta, eskola helburutzat hartu izana».
The New York Times egunkariak, AEBetako armadaren ikerketa bat aipatuz, ziurtatu du Washington dagoela eraso horren atzean. Ikerketa horren lehen emaitzen arabera, Tomahawk misil batek jo zuen Minab hiriko Xajarah Tayyebeh eskola. Lehen hezkuntzako ikastetxe hori Irango Guardia Iraultzailearen base militar baten alboan dago, eta helburuak zehazteko orduan «hutsegite bat» egin zutela ondorioztatu dute.
Egunkari horrek aipatutako iturrien arabera, Defentsarako Inteligentzia Agentziaren datu zaharkituak erabili zituzten. Duela urte batzuk eraikina —ia erabat suntsituta geratu da— dagoen tokia Guardia Iraultzailearen basearen parte zen; 2016tik, baina, harresi batek banatzen ditu eremu militarra eta ikastetxea. Ikerketaren lehen emaitzek ez dute argitu zergatik ez zuten informazio hori egiaztatu. Bestalde, Al-Jazeerak egindako ikerketa baten arabera, erasoa nahita egindakoa ere izan liteke.
Minabeko erasoak eztabaida bat jarri du mahai gainean: ea AAren erabilerak zerikusirik izan dezakeen «oker» horrekin, eta ea zenbaterainoko pisua duen adimen artifizialak horrelako erabakiak hartzeko orduan. Izan ere, Iranen aurkako erasoaldian, AEBak eta Israel AA erabiltzen ari dira informazio kopuru handiak prozesatu eta helburu militarrak identifikatzeko. Horri esker, bi herrialdeek ziurtatu dute egun gutxiren buruan milaka instalazio militar suntsitu ahal izan dituztela: erasoaldia hasi zutenetik aste eta erdira, AEBetako armadak 5.500 helburu militar jo zituela jakinarazi zion The Washington Post egunkariari, eta Israelgo armadak, 3.400.
Kontua da Donald Trump AEBetako presidentearen administrazioak murriztu egin duela gizakiaren esku hartzea «eraso kate» horretan. «Egunean horrenbeste eraso egiten dituzte, posible dela horrelako okerren bat aintzat ez hartzea», azaldu du Sukharevak telefono bidez.
«Gizakiarentzat ezinezkoa da egunean milaka helburu zehaztea; hortaz, agian, egunean huts bat egingo du. Adimen artifizialak, ordea, ehunka egin ditzake»
MARIA SUKHAREVA Adimen artifizialean aditua
Gizakiek ere horrelako hutsegiteak egin ditzaketela gogorarazi du adituak, baina nabarmendu du aldea «proportzioan» dagoela: «Geroz eta helburu gehiago jarri, orduan eta aukera gehiago daude huts egiteko». Eta, adituaren arabera, hori da adimen artifizialak gerran duen funtzioa: ahalik eta helburu gehien prozesatzea, horien inguruko informazioa ematea, eta erabakiak hartzea erraztea. «Gizakiarentzat ezinezkoa da egunean milaka helburu zehaztea; hortaz, agian, egunean huts bat egingo du. Adimen artifizialak, ordea, ehunka egin ditzake».
AEBetako armadak Palantir etxearen Maeven programa erabiltzen du helburu militarrak identifikatzeko, eta, AEBetako hedabideen arabera, Anthropic konpainiaren Claude izeneko adimen artifizialaz baliatzen da sistema hori. Hain justu, Anthropic etxeari AEBetako armadarekin lan egitea debekatu zion Etxe Zuriak Irango erasoaldia hasi bezperan.
AEBetako Gerra Departamentuak Claude «helburu legitimo guztietarako» erabili ahal izateko baimena eskatu zuen. Anthropicek, ordea, ezezkoa eman dio. Ez du baimendu bere teknologia erabiltzea arma erabat autonomoak ekoizteko, ezta herritarrak masiboki zelatatzeko ere. Horregatik, Pentagonoak «hornikuntza katerako eta segurtasun nazionalerako mehatxu» deklaratu du enpresa hori, eta Open AI konpainiarekin akordio bat egin zuen. Baina, ordu gutxiren buruan hasi zuen Iranen aurkako operazioa; hortaz, litekeena da Claudek zerrendatu izana bonbardatu beharreko helburu militarrak.
Horrelakoak ez gertatzeko, Sukharevak uste du beharrezkoa dela halako kontuak gizakiak gainbegiratzea, eta argi utzi behar dela norena izango den erantzukizuna hutsegiterik balego: «Horrela, baliteke garrantzi handiagoa ematea gainbegiratzeari».
Iranek, Tomahawk misilik ez
Gertakariaren inguruan galdetuta, Trumpek iradoki izan du erasoaren egilea Teheran izan litekeela. «Iranek ere baditu hainbat Tomahawk», adierazi zuen kazetariek AEBen erantzukizunaz galdetu ziotenean: «Dakizuen moduan, beste hainbat herrialdek dauzkate Tomahawk misilak. Guri erosten dizkigute».
Egia da AEBek saltzen dituztela misil horiek, baina Iranek ez dauka horrelakorik. AEBetako Estatu Departamentuak eman behar du baimena misil horiek ezein herrialderi saldu aurretik. The New York Times egunkariaren arabera, AEBez gainera, Australiak eta Erresuma Batuak baino ez dituzte Tomahawk misilak. Eta beste bi herrialdek dute erosteko baimena: Japoniak eta Herbehereek. Hortaz, Irango azken erasoaldian parte hartu duten herrialdeetatik AEBek baino ez dituzte gisa horretako misilak.