Israelek Irango Inteligentzia ministroa ere hil du

Irango hedabideek baieztatu dute Israelek Esmail Jatib hil duela. Teheranek mendekua agindu du. Israelgo armadak Beirut erdigunea bonbardatu du.

Beirut erdigunea gaur, Israelen eraso baten ondoren. EDGAR GUTIERREZ / EFE
Beirut erdigunea gaur, Israelen eraso baten ondoren. EDGAR GUTIERREZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko martxoaren 18a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak esan zuen, Israelgo armadak hura hil bezperan, Teherani eraso egiten diotenak «damutu» egingo direla. Israelek hiltzat jo zuen Larijani atzo, eta Irango hedabideek bart baieztatu dute segurtasun burua hila dela; baita Gholamreza Soleimani Basij talde paramilitarreko burua ere. Gaur egin dituzte hiletak, Teheranen. Eta Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak esan du, armadako bilera batean, Esmail Jatib Irango Inteligentzia ministroa ere hil dutela bart, eraso batean —Israelen esanetan, ministro horren ministerioko beste hamabi kide ere hil ditu eraso berean—; horren berri eman dute Israelgo hedabideek, eta gaur arratsaldean baieztatu du Irango presidente Masud Pezexkianek. Katzen hitzetan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «Irango edozein buruzagi erailtzeko» baimena eman dio armadari, «aurrez oniritzirik jasotzeko beharrik gabe». Joan den astean, hamar milioi dolarreko ordainsaria —ia bederatzi milioi euro— eskaini zuen Washingtonek «Irango lider terroristen» informazioaren truke; zerrenda horretan daude Mojtaba Khamenei lider gorena, Larijani, Jatib eta armadako zenbait buru. Eta, hain zuzen, Khameneik azpimarratu du gaur, Telegrameko bere kontuan idatzitako mezu batean, Israelek egindakoagatik «ordainduko» duela.

Irango Guardia Iraultzaileak mendeku hartu du Larijaniren eta Soleimaniren hilketagatik, eta Israel erdigunea bonbardatu du bart; Fars albiste agentziak eman du horren berri, Irango armadako adar horren ohar bat aipatuz: ehun azpiegitura militarri eraso die, eta larrialdi zerbitzuek jakinarazi dute bi lagun hil direla Ramat Gan hirian, Tel Aviv hiriburutik hurbil. «Momenturik eta lekurik aproposenean, erantzun erabakigarri eta damugabea emango diegu Amerika kriminalari eta erregimen sionista odolzaleari», adierazi du Amir Hatami Irango armadako komandanteburuak, ohar bidez.

Israelek ez du atzera egin. Beirut erdigunea eta Libano hegoaldea bonbardatu ditu goizaldean, eta gutxienez 23 lagun hil —hamabi hiriburuan eta beste 11 herrialdearen hegoaldean—, herrialdeko Osasun Ministerioaren arabera. NNA agentziak ere kaleratu du bonbardaketak izan direla gaur Libano ekialdeko Bekaa haraneko herri batean eta gutxienez sei lagun hil direla. Israelgo armadak Libano hegoaldea ebakuatzeko agindua du emana erasoaldia hasi zuenetik —Israelgo mugatik 40 bat kilometrora arteko gunea, Zahrani ibairainokoa—, Hezbollah milizia xiitaren azpiegiturak jomuga dituela argudiatuta. Eta Israelek jakinarazi du iluntzean Libano hegoaldea herrialdearen gainontzeko lurrekin lotzen dituen zubiak bonbardatu dituela.

Armadako bozeramaileetako batek atzo ohartarazi zuen herritarrek alde egin zezatela hegoaldeko Tiro hiritik eta inguruko guneetatik ere; besteak beste, gertu diren errefuxiatu palestinarren kanpalekuetatik: Raxidieh, Burj Xemali eta El-Buss —70.000 bat palestinar bizi dira han—.

Israelgo tropak Libanoko Al Adisa herrian, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo tropak Libanoko Al-Adisa herrian, gaur. ATEF SAFADI / EFE

Iran ekialdeko Lorestan probintziari ere eraso diete Israelgo eta Ameriketako Estatu Batuetako armadek, Tasnim agentziak probintzia hartako iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez: gutxienez zazpi hil dira Dorud hirian, eta beste lau Txegeni eskualdean. Eta AEBetako armadako Agintaritza Zentralak bart esan du Iranek misilak gordetzen dituen hainbat instalazio bonbardatu dituela Ormuzko itsasartetik hurbil; zehaztu duenez, bi tona baino gehiagoko zenbait bonba erabili ditu horretarako, eztanda egin aurretik sakonki lurperatzen direnak.

Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroak adierazi du aztertzen ari direla armadaren ontziak itsasarte horretara bidaltzea petroliontziak eskoltatzeko, baldin eta aurrez su etena «irmoki» ezartzen badute. Parlamentuaren aurrean hitz egin du gaur, Donald Trump AEBetako presidentearekin Washingtonen bildu bezperan: «Ez dut esaten ezinezkoa denik laguntzarik eskaintzea behin menia bat ezarri eta gero. Menia ezartzen bada, orduan pentsatuko dugu». Aintzat hartzekoa da su etenari egin dion aipamena, Japoniako Konstituzioak zera baitio 9. artikuluan: «Japoniarrek betiko egingo diote uko gerrari nazioaren eskubide gisa, eta mehatxuak edo indarra erabiltzeari nazioarteko gatazkak konpontzeko». Takaichik berretsi du ezein neurrik ez duela herrialdeko legedia urratuko, eta Trumpi «gogoraraziko» diola Japoniak ezingo dituela hedatu Autodefentsarako Indarrak —hala deritzo armadari—.

Su etenarekin lotuta, Frantziako Atzerri ministro Jean-Noel Barrotek adierazi du Iranek «funtsezko kontzesioak» egin beharko dituela gerra amaitu nahi badu; konponbide politikoekin, bederen. «Iranek errotik aldatu beharko du jarrera irtenbide politiko bat egon dadin, Iranen eta inguruetan modu baketsuan bizitzeko aukera egon dadin eta Irango biztanleek beren etorkizunari buruz erabaki ahal izateko», esan du Barrotek, Johann Wadephul Alemaniako bere homologoarekin Berlinen egindako prentsaurrekoan.

Horrez gain, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Rafael Grossik esan duenez, Iranek ez du uranio aberastua mugitu Ekialde Hurbileko gerra hasi zenetik. Washingtonen egindako prentsaurreko batean zehaztu duenez, erreserba horiek lur azpian pilatuta daude gaur-gaurkoz, herrialdeko erdialdean dauden Isfahan eta Natanz hirietan.

«Akats zentzugabea»

Trumpek nazioarteko koalizio bat sortu nahi du Ormuz irekitzeko, baina, astearen hasieran, Europako herrialdeek uko egin zioten itsasarte horretan edozein esku hartze militar egiteari. Erantzun hori ikusita, AEBetako presidenteak atzo esan zuen NATOko kideek «akats zentzugabea» egin dutela, eta dagoeneko ez duela behar laguntzarik; zenbait herrialderen laguntza «bidean» da, Etxe Zurian atzo iragarri zuenez. Galdetu zien ea zeintzuk dauden koalizio horretan, eta erantzun zuen orain arte Ekialde Hurbileko herrialdeen «laguntza handia» jaso dutela; eskualdeko ezein herrialdek ez du esan ontzirik bidaliko duenik Ormuzera.

Ekialde Hurbileko beste zenbait herrialderen kontra ere egin du Teheranek. Saudi Arabiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du gaur pare bat drone atzeman dituela Riad ipar-ekialdeko As-Safarat barrutian; hantxe daude atzerriko enbaxada gehienak. Anthony Albanese Australiako lehen ministroak adierazi du, prentsaurreko batean, Iranen jaurtigai batek eztanda egin duela Arabiar Emirerri Batuetako Al-Minhad aireko basean, Australiako soldaduak dauden gunean; ez da inor zauritu, eta «sute txiki» bat eragin du ostatu hartzen duten blokean eta osasun instalazio batean. Halaber, eztandak entzun dira Dubai hirian, Reuters berri agentziak lekukoak aipatuz kaleratu duenez. Qatarko Defentsa Ministerioak jakinarazi du zenbait drone atzeman dituela.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aireko defentsa sistemek hiru misil atzeman dituzte Turkian gatazka hasi zenetik, eta herrialde horretako Defentsa Ministerioak iragarri du aliantza militarrak AEBen Patriot aireko defentsa sistema bat ezarriko duela hegoaldeko Adana probintzian —dagoeneko han dago Espainiaren Patriot sistema bat—; probintzia horretako Incirlik aireko basean daude AEBetako eta beste zenbait herrialdetako tropak. Joan den astean, mota horretako beste sistema bat ezarri zuen Malatia probintzian.

Bestalde, Irango Tasnim albiste agentziak kaleratu duenez, Teheranek gizon bat exekutatu du gaur, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuko espioia izatea leporatuta. Irango Auzitegi Gorenak eman du hura exekutatzeko agindua, «prozesu legal baten ondoren». Agentziak adierazi du gizona Suedian zegoela errekrutatu zuela Mossadek, duela bi urte, eta Europako sei herrialdetan eta Tel Aviven aritu zela Iranera joan baino lehen. Irango Guardia Iraultzaileak Savojbolagh hirian atxilotu zuen iazko ekainean, Israelen, AEBen eta Iranen arteko hamabi eguneko gerran, hain zuzen ere.

eskualdeko tentsioa areago handitu du irango gas hobi bati egindako erasoak

Israelek eta AEBek eraso bateratu bat egin dute gaur Iranen, South Pars gas hobiaren kontra, Persiar golkoan

. Munduko handiena da —9.700 kilometro koadro ditu—, eta handik irteten dira errepublika islamiarraren gas esportazio gehienak. Irango Guardia Iraultzaileak ohar batean nabarmendu du erasoa «gerra krimen bat» izan dela, eta ohartarazi erantzun egingo duela. Horrenbestez, helburutzat jo ditu eskualdeko herrialdeen petrolio instalazioak, eta, esaterako, jada eraso dio Qatarko findegi bati, baita Riadeko, hau da, Saudi Arabiako hiriburuko petrolio biltegi bati ere. Masud Pezexkian Irango presidenteak X sare sozialean esan duenez, baliteke AEBen eta Israelen eraso horrek «ondorio kontrolaezinak» ekartzea. 

 

IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari Rafael Grossik esan duenez, eraso horretan ez da inor zauritu, eta «kalte txikiak» eragin ditu. Informazio hori bera baieztatu du Teheranek. Erasoaren ondoren, petrolioaren eta gasaren prezioek nabarmen egin dute gora. Brent upela %6 igo da, eta 110 dolarrera heldu; gas naturala %8 garestitu da Europan: 55 euro megawatt-orduko.

 

Instalazio hori ez dago soilik Iranen. Zehazki, 3.700 metro koadro Irango uretan daude, 6.000 Qatarkoetan, eta bi herrialde horiek dira hobiaren jabe. Hori dela eta, Qatarren haserrea piztu du erasoak. Israelen aurka agertu da Majed al-Ansari, Qatarko Atzerri Ministerioaren bozeramailea, eta egotzi dio eraso «arriskutsua eta arduragabea» egin izana. Ministerioak ohar bat kaleratu du, eta «neurriz» jokatzeko eskatu die bi aldeei, baita nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko, tentsioak baretzearen alde lan egiteko, eta eskualdearen «segurtasuna eta egonkortasuna» zaintzeko ere. «Energia azpiegiturei eraso egitea mehatxu bat da munduko segurtasun energetikorako», gaineratu du.

 

Eskualdeko beste herrialdeko batek ere gaitzetsi du erasoa, Arabiar Emirerri Batuek, eta azpimarratu balitekeela horrek gatazka koska bat estutzea. «Energia azpiegiturei eraso egiteak arriskuan jartzen du mundu guztiko energia segurtasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA