Gatazka koska bat estutu da Persiar golkoan

AEBek uztailaz geroztiko eraso gogorrena egin dute Iranen, eta hemezortzi pertsona hil dituzte. Teheranek gerra krimenak egotzi dizkio Washingtoni.

Emakume bat aurreko astean Teheranen, atzean AEBen kontrako horma irudi bat duela. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Emakume bat aurreko astean Teheranen, atzean AEBen kontrako horma irudi bat duela. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 2a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Diplomaziaren zubiak hautsita ez baina kolokan dauden honetan, AEBek atzo iluntzean Iranen egindako aire erasoetan gutxienez hemezortzi pertsona hil dira, eta 60 inguru zauritu. Hori jakinarazi dute iturri ofizialek. Donald Trump AEBetako presidenteak erasoak iragarri eta gutxira heldu ziren bonbardaketak. Eta AEBetako presidenteak gaur goizaldean nabarmendu du haien helburua ez dela Iran negoziatzera «behartzea». Truth Social bere sare sozialean esan du oraingoan «bost axola» zaiola Teheranek zer egiten duen. Eta irandarrei eskatu die aspaldiko partez matxinatzeko. «Noiz altxatuko eta borrokatuko dira?». 

Lehengo astean sei hilabete bete ziren AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik, eta azkeneko urte erdian egoera ez da askorik aldatu. AEBek bigarren egunez jarraian bonbardatu zuten atzo Iran, argudiatuz, buruzagitza militarraren arabera, Iran berriki eraso egiten saiatu dela Ormuzko itsasartetik nabigatzen ari ziren zamaontziei eta Persiar golkoan dauden AEBetako posizioei. Uztailaz geroztiko eraso hilgarriena da azken orduetakoa; hortaz, gatazka koska bat estutu da Persiar golkoan.

Teheran kontraerasoan aritzen da AEBek beren lurren kontrako aire erasoak egiten dituzten bakoitzean, eta gaur goizaldean ere AEBek Jordanian, Kuwaiten, Iraken eta Bahrainen dituzten baseak bonbardatu ditu, droneak eta misilak baliatuz. Horren berri eman du Irango Guardia Iraultzaileak, ohar batean. Jordaniak esan du, baina, Iranek jaurtitako misilak erorarazi dituela.

Horren guztiaren harira, Irango iturri ofizialek zehaztu dute AEBen bonbardaketetan zazpi pertsona hil dituztela Khuzestan eskualdeko hiru puntutan, hegoaldean, Irakeko mugatik gertu. Eta hegoaldean, baina beste muturrean, Hormozgan eskualdean, lau pertsona hil dituzte Kuhestan herrian; ezkontza batean zeuden. Ospakizun batean zeudenei eraso egitea egotzi zien Iranek atzo azken orduan AEBei, eta Pentagonoak sare sozialetan erantzun du haiek ez dietela zibilei eraso egiten, «Guardia Iraultzaileak ez bezala». Teheranek, baina gerra krimenak egotzi dizkio Washingtoni. «Ezkontza bat bonbardatu dute. Beren porrota ezkutatzeko desesperazioaren berri ematen du AEBen eraso horrek», idatzi du Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur, X sare sozialean.

Bestalde, Teheranek esan du Irango Guardia Iraultzaileko lau kide hil dituztela erasoek Kermanshah eskualdean, mendebaldean; baita Basij milizia islamikoko hiru kide ere Lavan uhartean.

Errusia Irani laguntzen ari da misilen ekoizpenean

Iran gurutzaldi misilen programa bat garatzen ari da, eta langintza horretan Errusia ari zaio laguntzen. Hori kaleratu du gaur Financial Times Erresuma Batuko egunkariak. Informazio horren arabera, 2023an hasi ziren arma horiek ekoizten, eta AEBek Ekialde Hurbilean dituzten gerraontziak lituzkete helburu; oraindik ez dituzte hedatu. Ikerketa hori kaleratzeko, Financial Times-ek oinarri gisa hartu ditu filtratutako mezuak, aditu errusiarrek Iranera egindako bidaien erregistroak, eta, besteak beste, patente militarren analisiak.

Eta, gertatutakoaren harira, «kezkatuta» dago Pakistan. Bi aldeen artean bitartekari ari da, eta hango Atzerri Ministerioak adierazi du X sare sozialean espero duela bi aldeak berriro itzuliko direla negoziazio mahaira. Shanghaiko Lankidetza Erakundeak herenegun eta atzo Kirgizistanen egindako goi bileran parte hartu zuten Pakistango agintariek, Irangoekin eta, besteak beste, Errusiakoekin batera —horiez gain, Txinak, Indiak, Bielorrusiak, Kazakhstanek, Kirgizistanek, Tajikistanek eta Uzbekistanek osatzen dute foro hori—. Han esan zuen atzo Masud Pezexkian Irango presidenteak gatazka eteteko adostutako neurriak hartuko dituela baldin eta Washingtonek beste horrenbeste egiten badu.

Gaur goizaldean, ordea, bonbardaketak egin ondoren, Trumpek esan du AEBak «gustura» daudela orain. «Ia guztiz kontrolpean dugu Ormuzko itsasartea, eta haien ekonomia kolapsatzear dago».

Bi hildako Ormuzen

Pentagonoaren esanetan, Irani eraso egin diote, hain justu, Teheranek Ormuz zeharkatzen ahalegintzen diren zamaontziei eraso egiten dielako. Bada, Saudi Arabiako itsas konpainia nazionalak, Bahrik, Reuters berri agentziari kontatu dionez, astelehenean beren banderapeko zamaontzi bati eraso egin zioten pasabidean, Omango kostaldetik hamasei itsas milia ingurura, eta bi marinel hil zituzten. 

94

Brent upelaren prezioa, dolarretan. Azken bi egunetan AEBek egindako erasoen eta Iranen kontraerasoen ondorioz, garestitu egin da petrolioa, eta Brent upela 94 dolarren truke saldu dute gaur lehen orduan. Atzo, berriz, 97 dolarrean; hau da, joan den uztailaren 24az geroztiko garestien.

Munduan kontsumitzen den petrolioaren bosten bat igarotzen da itsasarte estrategiko horretatik. Haren gaineko burujabetza aldarrikatzen du Iranek, eta ia guztiz blokeatuta dauka. AEBk diote, ordea, kontrolpean dutela, eta itsasbide batzuk ezarri asmo dituzte han. Washingtonek dio, gainera, Iranek nabigazioa oztopatzeko jarritako minak kendu dituztela.

Teheranek, ordea, ukatu egiten du, eta gaur azpimarratu du bi petroliontzik minak jo dituztela eta barruan zihoazen marinelek ihes egin behar izan dutela. Irango Guardia Iraultzailearen oharraren arabera, «legez kanpoko» bide batetik pasatzen ari ziren ontzi horiek. Marinelak AEBetako indarren esku geratu dira, Teheranek esan duenez. Ez du zehaztu zer bandera zuten ontziek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA