AEBek eskua luzatu diote Europari, baina beren aldera tira egiteko

Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak ziurtatu du Europako «lagunekin» egin nahi diotela aurre munduaren ordena berriari. Halere, gaineratu du mendebaldearen «etsaiak» gailentzeko «konpondu beharreko hainbat akats» daudela .

Marco Rubio Johann Wadephul Alemaniako Atzerri ministroaren eta Jean-Noel Barrot Frantziako bere homologoaren tartean, gaur, Munichen. GIUSEPPE LAMI / EFE
Marco Rubio Johann Wadephul Alemaniako Atzerri ministroaren eta Jean-Noel Barrot Frantziako bere homologoaren tartean, gaur, Munichen. GIUSEPPE LAMI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 14a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduaren ordena berria abian da. Hori ziurtatu dute nazioarteko hainbat liderrek Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania) —atzo hasi zen eta bihar amaituko da—. Bada, ordena berri horretan, Washingtonek bere alboan eduki nahi ditu, beste behin, Europako herrialdeak; «gure lagun zaharrenak, gure aliatu preziatuenak». Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak lehenik koipea eman die Europako agintariei, eta jarraian haien politikak kritikatu ditu. Esan du merkataritza askearen aldeko apustua, nazioarteko erakundeei emandako eskumenak, ingurumen politikak eta migranteei «mugak zabaldu» izana «konpondu beharreko akatsak» direla.

Baina, lasai. Akats horiek konpontzeko itzuli da Donald Trump Etxe Zurira. Rubioren arabera, AEBetako presidenteak hartuko du Mendebaldeak «munduan duen tokia berrezartzeko» ardura.

Goratu egin ditu XX. mendeko «lorpenak»: «Bi mundu gerren ostean elkarrekin berreraiki genuen suntsitutako kontinentea, eta mundu askeak elkarrekin menperatu zuen komunismo sobietarra». Baina ziurtatu du hori guztia iragana dela; «historia», besterik ez. Orain etorkizunera begira ari da Etxe Zuria; munduaren ordena berria abian dela baieztatu du AEBetako Estatu idazkariak, baita etorkizun hori «saihetsezina» dela ere. Horregatik, adierazi du aurrerantzean ere «Mendebaldeko zibilizazioari» komeni zaiola elkarlanean jarraitzea: «Prest gaude, beste aukerarik ez badago, geure kabuz aritzeko, baina gure lehentasuna eta asmoa zuekin batera jarraitzea da, Europako lagunekin batera».

Lehendik ere argi geratu ez bada, AEBek ez dutela Europarengandik banandu nahi errepikatu du Rubiok: «Antzinatik datorren laguntasuna biziberritu nahi dugu, eta gizakiaren historiako zibilizaziorik handiena berritu».

Munichen emandako hitzaldian Rubiok nabarmendu du Mendebaldeak «munduan duen tokia berrezarriko» duela Trumpek.
Munichen emandako hitzaldian Rubiok nabarmendu du Mendebaldeak «munduan duen tokia berrezarriko» duela Trumpek. RONALD WITTEK / EFE


Aitortu du, ordea, Trumpen administrazioak desadostasunak ere eduki dituela Europako estatuekin. Baina, azaldu du Europarengatik «kezkatuta» daudelako izan dela: «Europa indartsua izatea nahi dugu». Izan ere, Etxe Zuriaren arabera, azken hamarkadetan Europako herrialdeek hartutako erabakiek ez daramate kontinentea bide egokitik.

Rubiok aipatutako «akats» horien artean dago interes nazionalak albo batera utzi izana. AEBetako Estatu idazkariaren ustez, Berlingo Harresia eraisteak «ilusio arriskutsu» bat piztu zuen bai Europan eta bai AEBetan: «nazio oro demokrazia liberala izango zela, harreman komertzialek sortutako loturak nazioaren ideiaren gainetik egongo zirela, legeetan oinarritutako munduaren ordenak interes nazionalak ordeztuko zituela, mugarik gabeko mundu batean biziko ginela, eta guztiok munduko herritarrak izango ginela».

Kontua da, Rubioren arabera, beste hainbat herrialdek ez zutela jokaera bera hartu. Ez du izenik aipatu, baina jakina da besteak beste Txinaz ari zela. Azken hamarkadetan Asiako herrialdea goraldi ekonomikoan zen bitartean, eta defentsarako gastua areagotzen aritu denean, Europak eta AEBek beren interesen alde begiratu ez izana kritikatu du. «Guk mugarik gabeko merkataritzaren alde egin genuen beste herrialde batzuek beren ekonomiak babesten zituzten bitartean». Salatu duenez, horren ondorioz, hornikuntza kateen kontrola «etsaien» eskuetan geratu da.

Defentsarako gaitasuna, «ahulduta»

Gainera, aipatu du hainbat eskumen nazioarteko erakundeen esku utzi izanak eta ongizate estatuan dirutza gastatzeak defentsarako ahalmena «ahuldu» dutela; eta garai horretan beste herrialde batzuek «gizateriaren historiako pilaketa militar azkarrenari» ekin ziotela. Ingurumenaren aldeko politikak ere kritikatu ditu. Eta beste behin «etsaiak» izan ditu hizpide: «Bitartean, gure lehiakideak, petrolioa, ikatza eta gas naturala ustiatzen aritu dira, beren ekonomiak sustatzeko eta gureari kalte egiteko». Gainera, «inoiz ez bezalako migrazio olatu» bati atea ireki izana ere txarretsi du: «Gure gizarteen batasuna arriskuan jarri du, baita gure kulturaren eta gure herrien etorkizuna ere».

Iaz J. D. Vance AEBetako presidenteordeak Municheko konferentzian egindako adierazpenen aldean tonua apaldu du Etxe Zuriak. Aurtengoan Europari elkarlanean aritzeko deia egin dio; hori bai, elkarlan horrek bat egin beharko du AEBetako presidentearen mundu ikuskerarekin. Eta helburuak izan beharko du Trumpen administrazioak «etsaitzat» dituen herrialdeak gailentzea.

Europako hainbat liderrek beren egin dute Trumpen ikuspegi gerrazalea. Horren adibide, Europako Batasunak berriz armatzeko duen plana eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideek defentsako gastua areagotzeko asmoa. Gaur, Municheko konferentzian, mahai inguru batean parte hartu dute Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Biek ala biek berretsi dute Europako herrialdeek defentsaren aldeko apustua sendotu beharra daukatela, eta prest egon behar dutela gerra baterako.

AEBek Venezuelan egindako erasoa kritikatu du Wang Yi Txinako Atzerri ministroak gaur, Munichen. RONALD WITTEK / EFE
AEBek Venezuelan egindako erasoa kritikatu du Wang Yi Txinako Atzerri ministroak gaur, Munichen. RONALD WITTEK / EFE

Halaber, AEBak nazioartearen ordena berri horretan hartzen ari diren rola kritikatu du Txinak. Wang Yi Atzerri ministroak Europako herrialdeei dei egin die Ukrainako negoziazioetan hitza dutela adieraztera: «Europak ez luke menuan egon beharko, mahaian eserita baizik». Orain arte AEBen, Errusiaren eta Ukrainaren artekoak izan dira elkarrizketa aipagarrienak. AEBek Venezuelan egindako erasoaz ere galdetu diote, eta nabarmendu du nazioarteko zuzenbidea ezin dela urratu, eta estatuen subiranotasuna errespetatu behar dela. Iranen inguruan, berriz, tentuz jokatu behar dela esan du, eta gatazkak ekidin behar direla.

Hain justu, atzo Trumpek iragarri zuen beste hegazkinontzi bat bidaliko duela Ekialde Hurbilera. Urtarrilaren amaieratik Arabiako itsasoan dago USS Abraham Lincoln hegazkinontzia, eta atzo jakinarazi zuen hara bidean dela USS Gerald R. Ford ontzia ere —orain arte Venezuelako uretatik hurbil egon da—.

Gaur, Reza Pahlavi Irango monarkiaren ondorengoa ere mintzatu da Munichen, eta ziurtatu du ez duela herrialdeko agintea hartzeko asmorik: «Nire helburu bakarra da Irango herritarrek beren gobernua demokratikoki hautatu ahal izatea». 1979ko Irango Iraultzan kendu zuten boteretik azken xah Persiakoa. Iranen azken hilabeteetan izandako protestak hauspotu ditu erbestetik xahren oinordekoak, eta AEBen esku hartze bat defendatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.