Errusiaren lurralde eskakizunei men eginda ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du uste gerra amaituko denik: «Ukraina zatituagatik ere ez da gerra amaituko; ameskeria litzateke hori pentsatzea», azaldu du gaur Municheko Segurtasun Konferentzian (Alemania). Errusiak Donbass eremua osorik kontrolatu nahi du, eta Kievi exijitzen dio entregatu dezala orain bere esku daukan Donetskeko zatia —eskualde horren %80 inguru kontrolatzen du Moskuk, eta osorik du kontrolpean Luhansk, Donbasseko beste eskualdea—. Zelenskik Bigarren Mundu Gerraren aurreko egoerarekin parekatu du Ukrainako egoera: «Ameskeria izan zen pentsatzea Txekoslovakia sakrifikatzeak gerra eragotziko zuela». Alemania naziak Europa ekialdeko herrialde hori inbaditu zuen 1939ko martxoan.
Bestalde, Ukrainako presidentea prest dago hauteskundeetara deitzeko, baina horretarako baldintza bat jarri du: Errusiak bi hilabeteko su etena onartzea. Donald Trump AEBetako presidenteak exijitu zion Zelenskiri bozetara deitzeko, eta orain Zelenskik Trumpi eskatu dio menia lortzeko: «Trump presidenteak egin dezake. [Errusiako presidente Vladimir] Putini presio egin, eta menia bat lortu. Orduan, gure parlamentuak legea aldatuko du, eta bozak egingo ditugu».
Zelenski 2019tik da presidente, eta bere kargua 2024an zen amaitzekoa. Baina gerra legea ezarrita dago Ukrainan 2022ko otsailetik, eta indarrean dagoen bitartean ezin da hauteskunderik egin. Hortaz, Zelenskik aipatu moduan Ukrainako Parlamentuak hainbat erreforma egin beharko lituzke.
navalni pozoitu egin zutela salatu dute europako bost herrialdek
Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Herbehereek eta Suediak kaleratutako ohar baten arabera, Aleksei Navalni Errusiako oposizioko kidea pozoituta hil zuten. Hainbat herrialdetako zerbitzu sekretuek egindako ikerketetan ondorioztatu dute Moskuk igel pozoitsu baten pozoia baliatu zuela oposizioko kidea hiltzeko. 2024ko otsailaren 16an hilik agertu zen Navalni, Yamalo-Nenets barrutiko kartzela batean (Errusia), zirkulu polar artikotik hirurogei bat kilometrora. Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak esan du salaketa «Mendebaldearen propaganda» baino ez dela, eta exijitu du ikerketaren emaitzak argitara ateratzeko.
Otsailaren 24an beteko dira lau urte Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik. Asteazkenean, Financial Times Erresuma Batuko egunkariak kaleratu zuen Ukrainako presidenteak, efemeride horretaz baliatuz, bozetara deituko zuela. Eta maiatzaren 15ean hauteskundeak egingo dituztela. Egun berean, Zelenskiren bulegoak informazio hori gezurtatu zuen, eta gehitu segurtasunik ez dagoen bitartean ez dutela horrelako iragarpenik egingo.
Bitartean, gatazkaren inguruko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. Ukrainako, Errusiako eta AEBetako ordezkariak Genevan (Suitza) biltzekoak dira datorren asteartetik asteazkenera, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez. Aurrez hiru aldeko bi bilkura egin dituzte Abu Dhabin; urtarrilaren 23tik 24ra egin zuten lehena, eta otsailaren 4tik 5era bigarrena. Aldeak, baina, ez zuten lortu ados jartzea lurraldetasunaren auziari dagokionez.