AEBek eta Iranek akordioa lortu duten arren, Israelek esan du ez dela Libanotik aterako

Otsailaren 28an abiatu zuten erasoaldia AEBek eta Israelek Iranen. Ia lau hilabeteren ostean sinatuko dute «bake akordioa», ostiralean, Suitzan. Teheranek ohartarazi du ituna ez dela «jasangarria» izango Libanoren segurtasunak arriskuan jarraitzen badu.

Motozale batzuk gaur Teheranen, Ali Khameneiren omenezko mural baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Motozale batzuk gaur Teheranen, Ali Khameneiren omenezko mural baten aurretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 15a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Iranek bake ituna adostu zuten atzo gauean. Bi aldeek baieztatu dutenez, datorren ostiralean egingo dute memoranduma sinatzeko ekitaldia, Suitzan. AEBetako presidente Donald Trumpek adierazi du ostiralerako Ormuzko pasabidea «erabat irekita» egongo dela. Teheranek ere akordioa egitea lortu dutela berretsi du. Modu horretan, 60 eguneko tarte bat zabalduko dute negoziatzen segitzeko. Dena den, Esmail Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak ohartarazi du ituna «jasangarria» izango bada Israelek Libanotik atera behar duela. Israelek, baina, ez du hori egiteko asmorik. Israel Katz Defentsa ministroak hala adierazi die gaur kazetariei. Eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berretsi du «borroka» ez dela amaitu, eta gaur gauen egindako agerraldian gehitu du Libanon okupatutako «kontrol eremuei» eutsiko dietela.

«Egina dago akordioa Irango Errepublika Islamiarrarekin. Zorionak denoi!». Hitz horiekin eman du AEBetako presidenteak bi aldeen itunaren berri, Truth Social bere sare sozialean. «Munduko itsasontziak, piztu motorrak! Isur dadila petrolioa!», gaineratu du, itunaren gaineko xehetasun gehiago eman gabe —AEBek eta Israelek otsailaren 28an hasi zuten Iranen kontrako erasoaldia—. Jakinarazpen horren ostean, JD Vance AEBetako presidenteordeak elkarrizketa bat eman du bart Fox News katean, eta adierazi du Iranek ez duela inoiz arma nuklearrik izango. «Baieztatu dezakegu Iranek ez duela arma nuklearrik izango, eta hori ospatu beharra daukagu. Lan asko daukagu egiteko, baina garaipen handia lortu dugu», adierazi du —IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak hainbatetan esan du ez daukala Iran arma nuklearrak garatzen ari den seinalerik—. Horrez gain, Vancek esan du ostiralean Suitzara joateko asmoa daukala, sinadura ekitaldira, eta ez du baztertu Trump ere joatea.

Halere, dagoeneko «guztia sinatuta» dagoela jakinarazi du gaur AEBetako presidenteak, Evian-les-Bainsen (Frantzia), G7 taldearen bilkura baino lehen egindako adierazpenetan. Trumpek, Vancek eta Mohammad Bagher Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak modu digitalean sinatu zuten atzo akordioa.

Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko Idazkaritzak bart agiri baten bidez jakinarazi du «berehala» amaituko direla gerra eta fronte guztietako operazio militarrak, baita «Iranen aurkako itsas blokeoa» ere. Gainera, oharrean zehaztu du behin betiko akordioa lortzeko elkarrizketak aurrerago egingo direla, «beste aldeak memorandumean adostutako betebeharrak betetzen dituenean». Ez du zehaztu, ordea, betebehar horiek zeintzuk liratekeen, baina jakina da bi aldeek 60 egun izango dituztela auzi nuklearraren gainean eztabaidatzeko.

Masud Pezexkian Irango presidenteak sare sozialetan adierazi duenez, Teheranek akordioa onartu du ikusteko ea AEBek «praktikan» Iranen eskubideak errespetatzen dituzten. Gainera, lorpen gisa aurkeztu du akordioa. «Israelen erantzunak erakusten du garaipena lortu dugula», adierazi du gaur egindako agerraldi batean.

Bestalde, Irango kantzilerorde Ali Gharaibabadik ohartarazi du Iranek «gogor» erantzungo duela Washingtonek hitza betetzen ez badu. Hori zabaldu du Irango Fars agentziak gaur.

Ormuzko igarobideari dagokionez —Iranek itxi zuen, otsailaren 28an AEBek eta Israelek erasoaldia abiatu zutenean, eta bertatik igarotzen da munduko petrolioaren %20—, iturri berak jakinarazi du bertatik igarotzen diren ontziei diru saria ordainarazteko asmoa daukala Iranek, negoziatzeko elkarri eman dizkieten 60 egunak amaitu ostean. Informazio horren arabera, memorandumean jasotzen da «Ormuzko pasabideko itsas zerbitzuen administrazioaren etorkizuna» Iranek eta Omanek erabakiko dutela. 

Libanorako ere bai

Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek, berriz, X sare sozialean jakinarazi du ostiralean memoranduma sinatu ostean abiatuko dituztela akordioa ezartzeko «elkarrizketa teknikoak» —bitartekari aritu da Pakistan, Qatarrekin batera—. Era berean, bitartekariek aste honetan bilera batzuk egingo dituztela ere azaldu du. Horrez gain, adierazi du bi aldeek erabaki dutela operazio militarrak «fronte guztietan» amaitzea, baita Libanon ere, «berehala eta modu iraunkorrean».

Libanoko auziak tenkatu du bi aldeen arteko soka azken asteetan. Teknikoki, su etena indarrean dago Libanon apirilaren 16az geroztik, eta 45 egunez luzatzea adostu zuten maiatzaren 15ean. Baina Tel Avivek egunero urratu du menia hori, Hezbollah bertako talde xiitaren aurkako erasoak zirela argudiatuta. Martxoaren 2an egin zuen Israelek lehen erasoa Libanon, eta, geroztik, 3.783 pertsona hil ditu eta 11.700 zauritu, gutxienez, Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

PAN-eko presidentetzarako bozak, 2027aren hasieran

Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak erakunde horretarako hauteskundeetara deitzeko lege dekretu bat onartu zuen atzo. Wafa albiste agentziaren arabera, azaroan egingo dituzten PANeko hauteskunde orokorrak, eta 2027aren hasieran presidentetzarakoak. Azkenekoz 2005eko urtarrilean egin zituzten PANeko presidentetzarako bozak, eta azken hauteskunde orokorrak, 2006ko otsailean.

 

Libanoko presidente Nabih Berri Libanoko Parlamentuko presidenteak begi onez ikusi du akordioa, eta Libano itunean sartu izana goraipatu du ohar batean. Adierazi du espero duela akordio horrek Libanok «bere lurralde osoan duen subiranotasuna» babestea, eta ez daitezela «erori» Israelek bertako lehen ministro Benjamin Netanyahuren gidaritzapean eraikitako «tranpan». Libanoko presidente Joseph Aounek, berriz, esan du espero duela akordio honek bide emango diela Libanoko herritarrei suntsitutako guztia berreraikitzeko eta euren ohiko bizimodura itzultzeko. 

Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Esmail Baghaeik kazetarien aurrean egindako agerraldi batean adierazi du Libanoko auzia «memorandumaren alderdi garrantzitsu bat» dela, eta ohartarazi du Teheran adi-adi egongo dela Libanon gertatzen den guztiari. «Libanoren subiranotasuna eta lurraldearen osotasuna AEBekin egindako behin-behineko akordioaren parte dira», adierazi du.

Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak, aldiz, ostiralean adierazi zuen Israel ez dela akordioaren parte, eta Israelgo armada ez dela aterako Libano hegoaldean dauzkan «segurtasun guneetatik». Bada, ostiralean esandakoa berretsi du gaur, Reutersek zabaldu duenez. Eta gaineratu du Israelgo armada Libanon egiten ari den operazioagatik Iranek Israeli eraso egiten badio «errepresaliak» hartuko dituela. Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak ere bide beretik jo du. Gaur X sare sozialean adierazi du akordioak ez duela Israel ezertara behartzen: «Israel ez dago AEBen menpe. Herrialde independentea eta burujabea gara. Gu Israelgo herritarrei, Israelgo armadari eta herri juduari zor gatzaizkie».

ISRAElek gutxienez BESTE hiru pertsona hil ditu gazan

Israelgo armadak 10 urteko haur bat eta haren aita hil ditu gaur Gaza hirian, droneekin egindako eraso batean. Geroago, armadak jakinarazi du Hamas talde islamistako bi buruzagi militar hil dituela zerrendan zehar egindako bi erasotan —horietako bat Gaza hirian hildakoa—. Gazako Osasun Ministerioak zabaldutako datuen arabera, 73.000 baino gehiago dira Israelek 2023ko urrian inbasioa areagotu zuenetik Gazan hildako pertsonak. Atzo, beste haur bat hil zuten; 6 urte zituen.

 

Israelen aginduz beren herrietatik ihes eginda zeuden Libano hegoaldeko zenbait herritar etxera itzultzen ari dira jada, AEBek eta Iranek Libano akordioaren parte dela iragarri ostean. Libanoko armadak, ordea, «tentu handiz jokatzeko» eskatu die. Izan ere, Libanoko Albiste Agentziak gaur goizean zabaldu duenez, Israelek erasoak egin ditu azken orduetan Libano hegoaldean, bi aldeek akordioaren berri eman ostean. Informazio horren arabera, droneekin egin du eraso Israelgo armadak, Khiam eta Nabatieh hirien aurka, eta zenbait pertsona zauritu ditu. Atzo, berriz, hainbat eraso egin zituen Israelgo armadak Libanon, eta Trumpek Truth Social sare sozialean idatzi zuen horrek ez lukeela gertatu beharko. Horregatik, erasoak «bertan behera uzteko» eskatu zien Etxe Zuriko maizterrak Israeli eta Hezbollahri. «Bakea oso gertu dago», gaineratu zuen. Hezbollahk, bestalde, gaur Reuters berri agentziari adierazi dio Libanoko milizia xiitak ez duela Israelen aurkako inolako erasorik egin bart bake akordioa lortu dutela iragarri zutenetik.

Akordioaren harira, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak bi aldeak zoriondu ditu bart X sare sozialean zabaldutako ohar batean, eta adierazi du «urrats erabakigarria» dela gatazkak «konponbide baketsu bat» izan dezan. «Zorionik beroenak AEBei eta Irani behin betiko su etena eta Ormuzko pasabidearen irekiera jasotzen dituen bake akordioa adosteagatik». Era berean, eskerrak eman dizkie Ekialde Hurbileko beste hainbat herrialdetako gobernuei, negoziazioetan egindako lanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA