Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia prest agertu dira Irani zigorrak kentzeko. «Iranek bere programa nuklearraren inguruan hartutako neurri argiei erantzunez, zigorrak kentzeko prest gaude», azpimarratu dute gaur, ohar bateratu batean. Lau herrialde horiek G7ko kideak dira, munduko zazpi ekonomia nagusietatik lau, alegia. Gaineratu dutenez, prest daude bi aldeekin lankidetzan aritzeko, baita IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin ere. Baina argi utzi dute marra gorria non dagoen: «Iranek ezin du inoiz arma nuklearrik eduki».
Europako lau herrialde horiek, AEBek, Japoniak eta Kanadak osatzen dute G7a, eta gaurtik hasi eta asteazkenera bitarte dira biltzekoak herrialde horietako liderrak, Frantziako Evian-les-Bains herrian. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Iranekin akordioa lortu duela iragarri eta biharamunean hasiko dute goi bilera, eta Trump bera ere bertan egongo da. G7ko lider guztiek X sare sozialean erreakzionatu dute AEBen eta Iranen akordioaren harira, eta ados jarri izana begi onez ikusi dute denek.
Nahiz eta Ukrainako gerra ere landu beharreko auzien artean dagoen —Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea gonbidatuta dago biharko saiora, eta Errusiak 60 misil baino gehiago jaurti ditu gaur Kievera—, aurreikus daiteke Ekialde Hurbileko auziaz mintzatuko direla nagusiki. Izan ere, lehen aldiz bilduko dira G7koen taldeko lider guztiak Israelek eta AEBek Irango erasoaldia abiatu zutenetik, otsailaren 28tik alegia.
Itunari dagokionez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, nabarmendu du «esfortzu diplomatiko bat» izan dela, eta «kide ugarik» lagundu dutela bidean. Gainera, Iranen programa nuklearraren gainean jarri du arreta. Izan ere, adierazi du itunak modua egin behar duela erantzun bat emateko Iranen «programa nuklearrarekin eta eskualdea ezegonkortzeko politikekin lotutako kezkei». «Horrela bakarrik lortuko dugu behin betiko bakea ezartzea. Eta Frantzia prest dago dagozkion egitekoak bere gain hartzeko», gaineratu du.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak ere antzera hitz egin du. Ontzat jo du akordioa, eta azpimarratu Ormuzko pasabidean «nabigatzeko askatasuna» berrezarri beharra dagoela, eta «bidesaririk gabea» izan behar duela.
Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, berriz, adierazi du akordio hori lagungarri izango dela nazioarteko ekonomia suspertzeko eta eskualdea egonkortzeko. «Orain, emandako hitza bete beharra dago», gaineratu du. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak, bestalde, azaldu du «behin betiko bakea lortzeko aukera bat» dela ituna, eta ezin dela alferrik galdu. Hala ere, azpimarratu du Libanok akordioaren parte izan behar duela.
Japoniako lehen ministro Sanae Takaichik ere ospatu egin du bi aldeek ituna egin izana, eta azpimarratu du «bermatu» egin beharra dagoela Ormuzko pasabidea irekitzea. Kanadako lehen ministro Mark Carneyk, berriz, «fede onez hitz egiteko» eskatu die bi aldeei, eta nabarmendu du Kanada prest dagoela «behin betiko bakea» lortzeko ahaleginetan laguntzeko, «baita Libanon ere».