Politologoa

Anelle Sheline: «AEBek ez zuten onartu nahi izan Israel legeak urratzen ari zela Gazan; bestela, ezingo zioten armarik bidali»

AEBetako Estatu Departamentuan lan egin zuen, baina, ikusirik agintariek zer erabaki hartzen zituzten Palestinako auzian, kargua utzi zuen 2024an.

Anelle Sheline. BERRIA
Anelle Sheline. BERRIA
Beirut
2026ko urriaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Annelle Shelinek (Albuquerque, AEB, 1985) AEBetako Estatu Departamentuan egiten zuen lan Gazan gerra piztu zenean. Giza eskubideetan aditua da Sheline, eta 2024ko martxoan utzi zuen kargua, ez baitzen gai agintari haien aginduak betetzeko jakinik «bide ematen» ziotela «Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritziz seguru asko genozidio bat den horri». Washingtondik aritu da BERRIArekin hizketan, hara itzuli baita Quincy Institute think tank-ean aritzeko; hain zuzen, talde hori lanean ari da AEBen kanpo politika hain militarizatua egon ez dadin.

Nolakoa izan zen AEBetako Estatu Departamentuan aritu zinenekoa?

Urtebete aritu nintzen han. Egiaztatu nuen AEBek askoz baliabide gehiago bidaltzen dizkietela Ekialde Hurbileko gobernu autoritarioei gizarte zibilari baino, eta horrek esan nahi du ez diola kontra egiten gobernu horien errepresioari.

AEBek giza eskubideen alde egiten dute aurkaritzat dauzkaten herrialdeetan, hala nola Txinan, Errusian eta Iranen, baina ez dute ezer esaten Saudi Arabiaz, Egiptoz eta Israelez. Egoera etsigarri horretan geundela iritsi zen 2023ko urriaren 7a. Gero, ikusita AEBek zer-nolako gauzak onartzen zizkioten Israeli... argi zegoen Israelek genozidio bat egiteko asmoa zuela, eta horixe egiten ari zela. Saiatu nintzen bestelako politika bat egitera bultzatzen, baina ez zegoen modurik. Bazegoen jendea ni baino askoz gorago ere horretan saiatzen ari zena, eta haiek ere porrot egin zuten. Handik sei hilabetera, dimisioa eman nuen.

Zer zenekiten Israelek Gazan egiten zituen krimenei buruz?

Akbar Shahid Ahmedek horri buruz hitz egiten du Crossing the Red Line liburuan [Marra gorria gurutzatzen]. Estatu Departamentuko lege arloko kideek adierazi zioten ezen, administrazioak nahi izan balu guk krimenen berri izatea, haien berri izango genuela. Baina ez zuten nahi halakorik. Guk geure artean galdetzen genuen: «Nola liteke? Ez al da agerikoa AEBetako legeak urratzen ari garela Israeli bide ematen badiogu krimen horiek egiteko eta hari armak bidaltzen segitzen badugu?».

Eta zuek zeuen artean galdetu zenuten moduan, nola liteke?

Administrazioko abokatuak konbentzitu zituzten konklusio batzuk atera ez zitzaten. Ez zuten frogatu nahi Israel AEBetako legeak urratzen ari zela; esaterako, Gazarako laguntza humanitarioa blokeatzen ari zela, besteak beste. Bestela, ezingo zioten armarik bidali Israeli.

Nik dimisioa eman eta gero, Stacey Gilbertek ere beste hainbeste egin zuen. Hura ikertzen ari zen ea Israel laguntza humanitarioa blokeatzen ari ote zen, eta ondorioztatu zuen baietz, baina gobernuak kontrakoa esan zuen, eta agerikoa zen gezurretan ari zela. Genozidioa zuzenean ematen ari ziren, eta telefonoan ikusten genuen: ez zen informazio konfidentzialik behar.

Nork egiten du presio handiagoa armak bidaltzen jarraitzeko, Israelgo lobbyak edo AEBetako armagintzako lobbyak?

Auzitegi Gorenak Citizens United neurria onartu zuen 2010ean, eta, hari esker, korporazioek diru kantitate mugagabea eman diezaiekete kanpaina politikoei; bada, horrek indarra eman zien lobby askori, hala nola Israelgoari eta armen lobbyari, orain hautagaiak erosteko aukera dute eta.

Historikoki, Israelgo lobbyak eta AEBetako herritar juduek harreman estua izan dute. Orain, ordea, herrialde honetako judu gehienak Israel egiten ari denaren kontra daude, eta batzuek genozidio hitza ere erabiltzen dute.

«Gero eta jende gehiagok galdetzen dio bere buruari zergatik bidaltzen ditugun urtero milaka milioi dolar Israelera»

Zein eragin du horrek?

Berdin dio, eragin handiko milioidun gutxi batzuek zer pentsatzen duten baino ez baitzaio interesatzen Israelgo lobbyari: haietako asko sionista konprometituak dira, eta batzuk, kristauak.

2010etik, Israelgo lobbyak inoiz baino eragin handiagoa du Washingtonen. Baina gero eta jende gehiagok galdetzen dio bere buruari —baita Trumpen alde bozkatu duten batzuek ere— zergatik bidaltzen ditugun urtero milaka milioi dolar Israelera.

Hemen, Libanon, batzuek esaten dute gerra amaiarazteko modu bat dela Israelekiko harremana normalizatzea. Israel eskualdean integratzeko prozesuak aurrera egin al dezake, kontuan hartuta ikertzen ari direla Israel genozidioa egiten ari ote den, eta hiru urtean zazpi herrialde bonbardatu eta gero?

Ez. Abrahamen Akordioen bidez —Trumpek bultzatu zituen, 2020an, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek eta Marokok Israelekin bat egin zezaten—, ahalegin ziniko bat egin zuten erakusteko posible zela herrialde horiek Israelekiko harremanak normalizatzea eta aurrera begiratzea, alde batera utzita Israelek Palestina okupatua duela eta palestinarrek autodeterminaziorako eskubidea dutela berez.

Akordio horiek zirela kausa, buruzagi palestinarren artean desesperazioa zabaldu zen, ikusi baitzuten mundua aurrera zihoala palestinarrak usteltzen utzita. Uste dut besteak beste horregatik erabaki zutela ekintza militarren bat egitea eta urriaren 7an eraso egitea.

Nola askatu Ekialde Hurbileko korapiloa, mugaren alde batean Hamas eta Hezbollah izanik, eta bestean Israel, gero eta estremistago?

Zoritxarrez, AEBek hainbeste eta baldintzarik gabe lagundu diotenez Israeli, arrisku moral bat sortu dute. Israelek badaki Qatar bonbarda dezakeela, AEBek NATOtik kanpo duten aliaturik garrantzitsuenetako bat, eta AEBek babestu egingo dutela hala ere.

Israelek politika ez hain biolentoak egiteko modurik onena zera da, AEBek Israeli armak bidaltzeari uztea. AEBei esker dauka Israelek Burdinazko Kupula, eta, hari esker, herrialdea babestuta dago bere erasoen ondorioetatik; beraz, beste herrialdeei eraso egin diezaieke, jakinik nahiko babestuta egongo dela haiek erantzuten badute. Bere erasoen ondorioei aurre egiteak moderatu egingo lioke jarrera, eta auzo herrialdeengana hurbilduko luke; hori lagungarria litzateke bizikidetza hobetzeko.

Israelek, gainera, bide eman beharko lioke Palestinako estatua sortzeari, edo eskubide berak eman beharko lizkioke mundu guztiari. Genozidio betean, zaila da palestinarrek beren burua irudikatzea israeldarrekin bizitzen, eta eman dezake bi estaturen konponbidea dela errezetarik onena. Baina [Jordan] ibaiaren eta [Mediterraneo] itsasoaren artean bizi direnek aukera izan behar dute botoa emateko eta erabakitzeko zer-nolako etorkizun politikoa nahi duten.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA