AEBetako Gobernuak beste koska bat estutu du Kubaren aurkako presio politiko eta ekonomikoa. Donald Trumpen administrazioak zigor gehiago ezarri dizkie Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteari, haren inguruko senide batzuei eta erregimeneko hainbat erakunde nagusiri. Habanak berehala erantzun du: neurriak «legez kanpokotzat» jo, eta «gatazka giroa» elikatzeko direla salatu du.
AEBetako Altxorraren Departamentuak eman du zigorren berri. Zerrendan daude Miguel Diaz-Canel bera, haren emazte Lis Cuesta, haren semeorde Manuel Anido Cuesta eta Alejandro Castro Espin koronela, Raul Castro presidente ohiaren semea. Zigortuen artean dago, halaber, Raul Alejandro Castro Calis, Kubako buruzagi historikoaren biloba.
Pertsonak ez ezik, erakundeak ere zigortu dituzte AEBek. Besteak beste, Kubako Indar Armatuen Ministerioa (Minfar), Iraultzaren Defentsarako Batzordeak (CDR) eta Herrien Arteko Adiskidetasunerako Kubako Institutua. Eta bi enpresa: La Victoria meatzea eta Amistur bidaia agentzia.
Zigorrak ezartzeak esan nahi du pertsona eta erakunde horiek ezin izango dutela finantza edo merkataritza operaziorik egin AEBetako jurisdikzioaren barruan, eta, han ondasunik badute, blokeatuta geratuko direla.
Ikusi gehiago
Azken hilabeteetan, Donald Trumpen administrazioak areagotu egin du Kubaren aurkako estrategia. Joan den maiatzean, Etxe Zuriak iragarritako agindu batek mehatxu egin zien uhartearekin negozio harremanak dituzten atzerriko enpresa eta pertsonei, bereziki GAESA taldearekin lotura dutenei ―ekonomiaren parte handi bat kontrolatzen du talde horrek―.
Washingtonen arabera, segurtasun arrazoiengatik hartu dituzte neurriak. Marco Rubio estatu idazkariak adierazi du Kubak hamarkadetan «ezker erradikalaren terrorismoa» babestu eta sustatu duela Latinoamerikan eta beste eskualde batzuetan. Haren esanetan, zigorrak «Kubaren jarduera subertsiboak finantzatzen dituzten sareen» aurka doaz.
Habanak, ordea, guztiz bestelako analisia egin du. Diaz-Canelek salatu du blokeoa indartzeko eta AEBen eta Kubaren arteko «gatazka giroa» elikatzeko direla zigorrak. Kubako presidenteak ohartarazi du neurriok herritarrak zigortzea dutela helburu, eta Washingtonen «agresibitatea» salatu du.