Kubako Gobernua akabatzeko beste metodo bat erabiltzen ari da: ez dio burua moztu nahi, pixkana ito baizik. Donald Trump AEBetako presidenteak ez du, oraingoz, Venezuelan egin moduan, operazio militarrik egin Kubako agintariak boteretik kentzeko. Urtarrilean Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea atxiki ostean, Trumpek aditzera eman zuen Kuba izango zela hurrengo biktima. «Ez da izango bere buruari eusteko gai», ohartarazi zuen. Eta ordutik Karibeko uhartea estutzen aritu dira AEBak. Kubako ekonomia blokeatuta dute, hara erregaia esportatzea debekatu dute, Raul Castro Kubako presidente ohia (2008-2018) inputatu dute, eta orain Kubako Gobernuarekin negozioak dituen atzerriko enpresa orori zigorrak ezarriko dizkiotela egin dute mehatxu. Neurria bihar da indarrean sartzekoa, eta, batez ere, turismoaren sektoreari eragingo dio.
Hotel sareen ihesaldia
Azken asteetan zenbait hotel sarek jakinarazi dute alde egingo dutela uhartetik edo itxi egingo dituztela han dituzten hotel asko. AEBak zigorrak ezartzen hasi aurretik hartutako neurriak dira, baita Washingtonek ezarritako blokeoaren ondorioak ere. Zenbaitetan atzerriko enpresek kudeatzen badituzte ere, Kubako ostatu guztiak gobernuarenak dira.
Besteak beste, Kuban jarduten duten atzerriko lau hotel sare nagusiek esan dute beren jarduna murriztuko dutela. Horietan handiena Balearretako Melia turismo etxea da, eta atzo esan zuen itxi egingo dituela Karibeko irla horretan dituen 35 hoteletatik hamabost. Aurrez, Balearretako beste hotel sare batek, Iberostarrek, neurri bera hartu duela esana zuen: orain arte zituen hemezortzi hoteletatik sei baino ez dira egongo irekita aurrerantzean. Are eta erabaki gordinagoa hartu dute Kanadako Blue Diamond enpresak eta Indonesiako Archipielago Internationalek. Biek ala biek uhartean dituzten hotel guztiak itxiko dituzte. Blue Diamondek hamabost bat ostatu ditu Kuban, eta Archipielago Internationalek, sei.
Beste enpresa batzuk
Hotelez gainera, turismoarekin lotura duten beste hainbat enpresak ere iragarri dute jarduera ekonomikoak etengo dituztela Kuban. Horien artean, Espainiako Iberia hegazkin konpainiak bertan behera utzi ditu Kubarako hegaldiak, eskaria gutxitu dela eta uhartean erregai falta dagoela argudiatuta. World2Fly Balearretako hegazkin konpainiak ere maiatzaren 20tik ez du hegaldirik Karibeko irla horretara.
Horiez gainera, atzo Kubako Baku Zentralak jakinarazi zuen aurrerantzean Visa eta Mastercard etxeen finantza zerbitzuek ez dutela funtzionatuko Kuban. Banku zentralaren arabera, Washingtonen azken neurriaren ondorio da erabaki hori ere. Izan ere, Kubaren eta nazioartearen bitartekari lanak egiten zituen banketxeak bere jarduera etetea erabaki du —ez dute zehaztu zein zen banku hori—. Hala, Habanak salatu duenez, AEBek lortu dute Kubak atzerriko herrialdeekin dituen finantza harremanak etetea.
Mehatxua: aktiboak izoztea
Trumpek maiatzaren 1ean onartutako 14404 ordena exekutiboan dioenez, Washingtonek zigorrak ezarriko dizkie Kubako Gobernuarekin negozioak egiten dituzten atzerriko enpresa eta norbanako guztiei. Baina zein izango dira zigorrak? Bihartik aurrera, Washingtonek izoztu egingo ditu enpresa eta norbanako horiek AEBetan dituzten aktiboak. Hasiera batean soilik Kubako Gobernuarekin zuzenean harremanak zituzten enpresak mehatxatu zituzten ordena exekutiboan, baina astebete geroago gobernuarekin lotutako beste erakunde batzuk ere gehitu zituzten, besteak beste, Gaesa Kubako armadaren enpresa sarea.
Turismoa, beheraka
Maiatzaren 1eko ordena exekutiboak bultzatu ditu atzerriko enpresa asko Kubatik ihes egitera. Baina kontuan hartu behar da aurretik ere Kubako turismoaren egoera ez zela ona. AEBek ezarritako blokeoaren ondorioz, herrialdea krisialdi ekonomikoan dago, eta turismoaren negozioa motelduz joan da azken urteetan. Karibeko uharte horren sostengu ekonomiko garrantzitsuenetako bat da turismoa, baina gero eta gutxiago dira Kubako hondartzetan eguzkia hartzen duten atzerritarrak.
2025ean 1,81 milioi turistak bisitatu zuten Kuba, 2024an baino %18 gutxiagok. COVID-19aren pandemia garaia kontuan hartu gabe, Kubak ez zuen horren bisitari gutxi jaso mendearen hasieratik. Aurten are eta gutxiago jasoko dituela aurreikusten da; izan ere, urteko lehen lau hilabeteetan iaz aldi berean izandako bisitarien erdia baino gutxiago izan da Kuban.Â