AEBek Kubako blokeoa arindu dute

Errusiako petroliontzi bat iristea baimenduko du Washingtonek; 100.000 tona erregai daramatza. Trumpek garrantzia kendu dio: «Lider txarrak eta ustelak dituzte; petroliontzi bat bidali edo ez, horrek ez du axola».

AEBek Habanan duten enbaxada, ostiralean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
AEBek Habanan duten enbaxada, ostiralean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 30a
12:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petroliontzi bat Kuban porturatzear da; hiru hilabete baino gehiagoan Karibeko uharte horretara iritsiko den lehena izango da. AEBetako Gobernuak de facto debekatua eduki du herrialde horretara petrolioa bidaltzea; baina, hein batean, blokeoa arindu du orain. Bere aldetik «arazorik ez» dagoela ziurtatu du Donald Trump AEBetako presidenteak: «Bizirik iraun beharra daukate». Errusiako Anatoli Kolodkin ontzia Kubako kostaldetik hurbil dago, eta 100.000 tona petrolio daramatza.

Itsasontzia Matanzas hiriko portuan (Kuba) deskargatzeko zain dagoela jakinarazi du gaur Errusiako Garraio Ministerioak —Errusiako gobernuarena da Anatoli Kolodkin ontzia—. MarineTraffic itsas nabigazioko datuak biltzen dituen webgunearen arabera, petroliontzia Kubako kostaldetik hurbil dago, eta bihar goizaldean iritsiko da Matanzasko portura.

Moskuk aitortu du aurrez hitz egin zutela AEBekin. Hala baieztatu du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Eta, gaineratu duenez, Errusiak Kubari laguntza bidaltzen jarraitzeko asmoa du: «Errusiaren betebeharra da gure lagun kubatarrei behar duten laguntza ematea. Lanean jarraituko dugu».

Goizaldean The New York Times egunkariak aurreratu du Etxe Zuriak baimena emango diola petroliontzi horri Kuban porturatzeko. Primorsk hiriko portutik atera zen martxoaren 9an, eta 700.000 petrolio upel baino gehiago daramatza. Egunkari horren arabera, «hainbat astez» aseko du Kubako erregai eskaria, eta zertxobait arinduko du herrialdea pairatzen ari den itoaldi ekonomikoa.

AEBek urtarrilaren hasieran Venezuelari eraso egin ostean larriagotu da erregai eskasia Kuban. Ordura arte Kubara iristen zen erregaiaren zati handi bat Caracasek bidaltzen zuen, baina, Washingtonek Venezuelan esku hartu ostean, bidalketak eten zituen. Gainera, Etxe Zuriak mehatxu egin zuen muga zergak ezarriko zizkiela Kubara erregaia bidaltzen zuten herrialdeei. Horretarako ordena exekutibo bat sinatu zuen Trumpek urtarrilaren 29an. Habana AEBen segurtasun nazionalerako «mehatxua» zela argudiatu zuen, eta «larrialdi nazionala» ezarri. Miguel Diaz Canel Kubako presidenteak duela bi aste esan zuen bazirela hiru hilabete Kuban petroliorik sartu ez zela.

Habana, «amaituta»

Diaz Canelek gehitu zuen AEBekin hizketan ari zirela, eta «konfrontazioa» alde batera utzi eta krisiari irtenbidea topatu nahi ziotela. Trumpek esana du Kuba «erortzear» dela. «Ez dakit nola eutsiko dioten beren buruari», adierazi zuen Venezuelari eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea harrapatu ostean. Ordutik, Habana estutzen aritu da. Atzo gauean, baina, adierazi zuen petroliontzi bat Kubara iristen bada ere arazorik ez daukala. Kazetariek horren inguruan galdetu ziotenean ziurtatu zuen Kubako Gobernua «amaituta» dagoela, eta erregaia iristeak ez duela ezer aldatuko: «Lider txarrak eta ustelak dituzte; petroliontzi bat bidali edo ez, horrek ez du axola».

Hein handi batean, AEBek ezarritako neurriak daude Kubako krisialdiaren atzean. Orain, Trumpek esan du «nahiago» duela blokeoa arintzea: «Herritarrek berogailuak erabili behar dituzte, eta aire girotua». Azken asteetan areagotu egin dira itzalaldiak, eta, besteak beste, arazoak izan dituzte osasun sisteman. The New York Times egunkariak Kubako sei medikuren lekukotzak jaso ditu, eta salatu dute blokeoaren ondorioz jendea hiltzen ari dela: «Bestela eragotzi ahalko liratekeen heriotzak eragiten ari da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA