Kubako Gobernuak esan du AEBekin hizketan ari dela

Diaz Canel presidenteak adierazi du «konfrontazioa» alde batera utzi eta krisiari irtenbidea topatu nahi diotela. Gaineratu du hiru hilabete direla herrialdean petroliorik sartu ez dela.

Miguel Diaz Canel gaur egin duen agerraldian, Fidel Castroren irudia atzean duela. ALEJANDRO AZCUY / EFE
Miguel Diaz Canel gaur egin duen agerraldian, Fidel Castroren irudia atzean duela. ALEJANDRO AZCUY / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 13a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako presidente Donald Trumpek begiz jota dauka Kuba aspalditik. Munduko beste zenbait gerratan muturra sartu ondoren, asteon adierazi du Karibeko uharteak «arazo humanitario handiak» dituela, eta hori aintzat harturik AEBek herrialdearen kontrola har dezaketela. «Lagunen moduan egin daiteke, edo ez. Galbidean doaz. Ez daukate ez energiarik ezta dirurik ere», esan zuen asteazkenean. Bada, bi egun geroago, Miguel Diaz Canel Kubako presidenteak adierazi du bi herrialdeetako ordezkariak hitz egiten hasi direla, eta helburua zera dela: «Bi nazioen artean dauzkagun desberdintasunei irtenbide bat topatzea, elkarrizketen bidez».

Kubako telebista publikoan zuzenean eman dute Diaz Canelek egindako prentsaurrekoa. Adierazi duenez, «irtenbide bat behar duten arazoak» zeintzuk diren identifikatu nahi dute lehendabizi, eta gero ikertzekoak dira zein izan daitekeen «irtenbiderik egokiena» arazo bakoitzarentzat. Horrez gain, gaineratu du «lankidetza arloak» identifikatu nahi dituztela; batetik, etorkizuneko mehatxuei aurre egiteko, eta, bestetik, bi herrialdeen artean, Latinoamerikan eta Kariben «bakea eta segurtasuna» bermatzeko. «Egungo egoerak ahalegin handiak eta gogorrak egitea eskatzen du, konponbidea topatzeko guneak sortzeko eta konfrontaziotik aldentzeko», adierazi du Diaz Canelek. Hala ere, Kubako presidenteak zehaztu du gaur-gaurkoz «urrun» dagoela bi herrialdeen arteko akordioa.

AEBek urtarrilaren hasieran Venezuelan esku hartu zutenean hasi zen erregaiaren krisia Kuban. Izan ere, ordura arte, inportatutako erregaiaren parte handi bat Venezuelatik iristen zen Kubara. Bada, Washingtonek Kubarako petrolioaren garraioa eten zuen, eta, are, urtarrilaren 29an blokeo hori areagotzeko ordena exekutiboa sinatu zuen Trumpek; horren bidez, ohartarazi zuen Kuba «mehatxua» zela AEBentzat, eta «larrialdi nazionala» ezarri zuen. Diaz Canelek gaur adierazi duenez, hiru hilabete dira Kuban petroliorik sartu ez dela, eta horrek egoera are gehiago okertu du.

Otsailaren 5ean, berriz, Diaz Canelek esan zuen Kuba «prest» zegoela AEBekin negoziatzen hasteko. «Gauza askotan elkarrekin lan egin dezakegu, inolako aurreiritzirik gabe», esan zuen presidenteak orduko hartan. Azken asteetan, Trumpek baieztatu du bi herrialdeetako ordezkariak hitz egiten hasiak zirela. Habanak, ordea, ukatu egin du gaur arte.

Diaz Canel jakitun da zer gertatu den Venezuelan eta Iranen. Bi herrialdeetako agintarien aurka egin du Trumpek herrialde horietan. Venezuelako presidente Nicolas Maduro bahitu zuen, eta giltzapean dago gaur egun. Iranen, berriz, Ali Khamenei lider gorena hil egin zuen bonbardaketa batean. Hori dela eta, behin lehen urratsa eginda, Diaz Canelek adierazi du egiten dena egiten dela «berdintasunean oinarrituta» behar duela izan, eta betiere «bi estatuetako sistema politikoak, subiranotasuna eta gobernuen autodeterminazioa errespetatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA