AEBek iragarri dute operazio militar bat egingo dutela Karibeko uretan

Pete Hegseth Defentsa idazkariak azaldu du «narkoterroristak» Hego hemisferiotik kanporatzea dela misioaren helburua.

Pete Hegseth, AEBetako Defentsa idazkaria. AARON SCHWARTZ / EFE
Pete Hegseth, AEBetako Defentsa idazkaria. AARON SCHWARTZ / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 14a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hegoaldeko lantza. Horrela deitu diote AEBek Karibeko uretarako iragarri duten operazioari. Pete Hegseth AEBetako Defentsa idazkariak eman du operazioaren berri gaur goizaldean, X sare sozialaren bitartez, eta azaldu du misioaren bidez «narkoterroristak» hego hemisferiotik kanporatu nah dituztela: «Gure herritarrak hiltzen dituzten drogetatik babestuko dugu gure aberria».

Defentsa Departamentuko buruak ez die testuingururik eman bere hitzei, eta zalantzak sortu dira. AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak hilabeteak daramatza Karibeko urak kontrolatzen, arrazoi bera argudiatuta: «narkotrafikoari aurre egitea». Pentagonoak ez du zehaztu ea indarrean dauden mugimenduek bat egiteko egingo duten iragarritako operazioa ala estrategia berriak gauzatzeko eta indar handiagoa erabiltzeko asmoa duten.

Aste honetan jada AEBek presentzia militarra areagotu dute eremu horretan, eta USS Gerald R. Ford hegazkinontzia eraman dute hara, munduko handiena —4.000 marinel daude bertan—. Nazioarteko uretan dago ontzia, Venezuelaren kontrolpekoa den eremuarekin mugan. Kanpaina hau abuztuan hasi zuten AEBek, eta 80 pertsona hil dituzte jada, narkotrafikoagatik susmagarriak diren ontziei eraso egiten dietela argudiatuz. Lau pertsona hil dituzte gaur goizaldean, Pentagonoak jakinarazi duenez.

Hegsethen iragarpenarekin, Donald Trump AEBetako presidenteak presioa areagotu nahi izan du Venezuelaren eta Nicolas Maduro herrialdeko presidentearen aurka. Madurok dei egin die herritarrei «borroka armaturako» presta daitezen. Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko liderrak «garai historiko bateko ordu erabakigarrietan» egoteaz hitz egin zuen atzo, AEBen erasoaldiaz esplizituki hitz egin gabe, baina Venezuelarako «trantsizio baketsua» eskatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.