Trumpek jakinarazi du AEBek Venezuelako petrolioa kontrolatuko dutela

Washingtonek eta Caracasek adierazi dute «historiarako itun bat» dela. Trumpen hitzetan, Washingtonek 65.000 milioi upel baino gehiagoren kontrola hartuko du Venezuelan. Delcy Rodriguezek esan du «eragin nabarmena» izango duela Venezuelaren berpizkundean.

Herritarrak AEBen aurkako afixekin, Caracasen, maiatzean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Herritarrak AEBen aurkako afixekin, Caracasen, maiatzean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 29a
17:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduan fronte asko zabaldu edo areagotu dira azken urteetan, eta ia denetan murgilduta dago Donald Trump AEBetako presidentea. Oraingoan, Venezuela izan du mintzagai Etxe Zuriko maizterrak. Venezuelako Gobernuarekin egindako «historiarako» akordio baten berri eman du goizaldean, zeinak bide emango dien AEBei Venezuelako petrolio erreserben kontrola bere gain hartzeko. Horiek horrela, AEBen petrolio erreserbak orain halako bi izango dira.

«Munduaren historian petrolioaren inguruan egin den akordiorik handiena da». Hitz horiek erabili ditu Trumpek goizaldean, Truth Social bere sare sozialean, Venezuelarekin egindako akordioaren berri emateko. Izan ere, haren hitzetan, akordioak bide emango die AEBei Venezuelan 65.000 milioi upel baino gehiago kontrolatzeko.

Gainera, azaldu du akordioa sektore pribatuarekin egindako aliantza bat dela, eta Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak eta Pete Hegseth Gerra idazkariak gauzatu dutela, eta Delcy Rodriguez «Venezuelako behin-behineko presidente errespetatuarekin lankidetza estuan» gauzatu ere. «Merkataritza akordio historiko honek AEBetako petrolio erreserbak bi halakotuko ditu, gure petrolio hornidura nabarmen handitu, eta, luzera begira, akordioari esker nabarmen jaitsiko dira gasolinaren prezioak estatubatuar guztientzat».

Delcy Rodriguezek, Venezuelako jarduneko presidenteak, ordu batzuk geroago berretsi du Trumpek aurrez zabaldutako albistea, sare sozialetan. Rodriguezek ere «historiarako akordiotzat» jo du, eta adierazi Venezuelako nazioaren berpizkundean «eragin nabarmena» izango duela. «Akordioak bide emango dio petrolio ekoizpena nabarmen handitzeari, operadore pribatuen parte hartzeari esker», esan du ohar batean.

Azaldu duenez, 100.000 milioi dolarreko inbertsioa egitea aurreikusi dute oraingoz, eta azpimarratu bi herrialdeen arteko erlazioa «sendotu» ostean lortu dutela akordioa —urte askotako hausturaren ostean, iragan martxoan ekin zioten diplomaziari bi herrialdeetako ordezkariek—. Eskerrak eman dizkie Trumpi eta Rubiori, akordio hori egiteko erakutsi duten jarreragatik. «Horrela, Venezuelak beste aro bat abiatuko du: susperraldiarena, hazkundearena, ekoizpenarena, segurtasunarena eta oparotasunarena», gaineratu du Delcy Rodriguezek.

Rubiok ere sareetan idatzi du, eta azaldu aurreikusitako inbertsioari esker «ondo ordaindutako milaka lanpostu» sortuko direla eta Venezuelako ekonomiaren «berreraikuntza» bultzatuko dutela. «Garaipen bat da hala AEBetako herriarentzat nola Venezuelakoarentzat», nabarmendu du AEBetako estatu idazkariak.

Kontuan hartu beharra dago Venezuela dela petrolio erreserba frogatu handienak dituen herrialdea. Delcy Rodriguezek astelehenean zehaztu zuen gaur egun Venezuelak 1,23 milioi petrolio upel ekoizten dituela egunean, 2019ko otsailaz geroztik erregistratutako gehien.

Petrolioa helburu

Urtarrilaren 3an AEBek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea bahitu zutenetik, petrolioa izan du helburu Washingtonek. Hala erakutsi du hasiera-hasieratik. «Guztiz eskuragarri izan behar ditugu petrolioa eta herrialdea berreraikitzeko modua emango diguten beste gauza batzuk», ohartarazi zion orduko hartan Trumpek Delcy Rodriguezi.

AEBak dira munduan petrolio gehien ekoizten duen herrialdea. Irango gerra abiatu aurreko datuak kontuan hartuta, egunean hamalau milioi upel ekoizten dituzte AEBek gutxi gorabehera; ez dute nahi, baina, Venezuelako petrolioa «AEBen etsaiek» kontrolatzea. Alegia, Errusiak, Iranek edota Txinak.

Behin Maduro bahituta, Delcy Rodriguez chavista mantendu zuen Washingtonek agintean. Maria Corina Machado ultraren aukera baztertu zuen Etxe Zuriko maizterrak, argudiatuta ez zeukala herritarren «babes nahikorik». Eta Delcy Rodriguezek hasieratik esan zuen Venezuelako Gobernuak ez zuela kanpoko inoren agindurik onartuko, baina Washingtonek ohartarazi zuen prest dagoela Venezuelan indarra erabiltzeko baldin eta jarduneko presidenteak bi herrialdeen arteko lankidetzari eusten ez badio.

Geroztik, Caracas Washingtonen uberan aritu da. Besteak beste, Venezuela irten egin zen Nazioarteko Zigor Auzitegitik, harreman diplomatikoak berrezarri zituen AEBekin eta Israelekin, eta narkotrafikoaren aurkako operazio bateratuak ere egin izan ditu AEBekin.

GOBERNUAREN ETA OPOSIZIOAREN ARTEKO BIGARREN BILERA saila, DATOZEN ASTEETAN

AEBek Venezuelako Gobernuaren ordezkarien eta oposizioaren ordezkari batzuen arteko bilera sorta bat bultzatu zuten abuztuko bigarren astean, herrialdean trantsizio bat gerta zedin. Bada, beste bilera sail bat abiatuko dutela jakinarazi zuen atzo Dinorah Figuera oposizioaren delegazioko buruak. Haren esanetan, irailaren 15etik aurrera ekingo diote bilerei. EFE albiste agentziak Figueraren prentsa taldea aipatuz zabaldu duenez, data ez da behin betikoa, eta zenbait gai jorratuko dituzte. Besteak beste, berme politikoak, berme zibilak eta adierazpen askatasuna.

 

Lehen bilera sortan, bi akordioren berri eman zuten bi aldeek. Alde batetik, Justizia Epaitegi Gorena goitik behera berritzea adostu zuten, eta, beste alde batetik, atzerriko aktiboak berreskuratzea ekainaren 24ko lurrikarek eragindako kalteei aurre egiteko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA