Historialari eta idazlea

Arax Azizi: «AEBekin zuten akordio nuklearra berritu nahi badute, irandarrek ez dute negoziazioei berrekitea beste aukerarik»

Washington eta Teheran lanean ari dira berriro, negoziazio mahaian esertzeko eta itun nuklearra ezartzeko; Israelek, ordea, errezeloz begiratzen die. Horri buruz aritu da Azizi.

Arax Azizi. BERRIA
Arax Azizi. BERRIA
2025eko irailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpen AEBak eta Irango Islamiar Errepublika negoziazio mahaian berriro esertzeko bidea bilatu nahian ari dira. Ekainean, bi administrazioek ia adostua zuten berriz ezartzea 2015ean Washingtonek Teheranekin sinatutako akordio nuklearra, zeina Trumpek bertan behera utzi baitzuen bere lehen agintaldian, 2018an. Ekainean bazirudien bi gobernuak elkar ulertzen hasiak zirela, baina, orduan, Israelek ofentsiba izugarria abiatu zuen Iranen kontra: hamabi eguneko gerra bat hasi zuen, eta negoziazioak etenarazi.

Iran bonba atomikoa sortzeko zorian zegoelakoan abiarazi zuen Israelek gatazka hori, eta, orain, baliteke berriz hastea; izan ere, Iran ahulduta eta bakartuta egotea nahi dute Israelgo autoritateek, eta hark ez lortzea posizioa hobetuko dion nazioarteko akordiorik. Hala uste du Arax Azizi historialari eta idazle irandarrak (Teheran, 1988). Azizi irakaslea da Yale Unibertsitatean, AEBetan, eta Irango errealitateari buruzko zenbait saiakera idatzi ditu; horrez gain, zenbait filmen koprodukzioan aritu da, eta epaimahaikide lanak egin ditu hainbat zinemalditan. Flama Fundazio Solidarioak Ekialde Hurbileko egoera politikoa ulertarazteko helburuz bultzatutako elkarrizketa sail baten parte da hau.

Berriz hasiko al dira AEBen eta Iranen arteko itun nuklearrerako negoziazioak?

Ahaleginak egin dira horretarako. Irango presidenteak, Masud Pezexkianek, gogor egin du aukera horren alde irandarren aurrean, eta haren hitzek oihartzuna izan dute: «Zer egingo dugu, ba, negoziatzea ez bada?». Argi dago AEBei interesatzen zaiela, eta Israelek etsaikeriaz jokatzen segitzen du, ohi bezala; beraz, irandarrek ez daukate diplomazian parte hartzea beste aukera askorik.

Europako herrialde batzuek Irani mehatxu egin diote zigorrak ezarriko dizkiotela berriro baldin eta ez bada akordio nuklearrik lortzen laster. Zure ustez, gerta daiteke hori? Europako eragileen ahotsa AEBenetik bereizia dago Irango auzi nuklearrari dagokionez?

Alde horretatik, Europako Batasunak zailtasunak izan ditu independente agertzeko, eta hori agerian geratu zen 2018an, Trumpek herren utzi baitzuen Ekintza Plan Integral Bateratua. EBk hitzeman zuen eutsi egingo ziola indarrean zegoen akordioari, baina ezin izan zuen askorik egin. EBk, ordea, ekiteko gaitasuna du, eta interes propioak; eta haserre dago Iranekin, hark Errusia babestu baitu Ukrainaren kontrako gerran. Irango droneek ukrainar asko hil dituzte. Horrek guztiak zera esan nahi du, Europako herrialdeek zigor horiek ezartzeak eragin nabarmena izango duela.

Aurten hamar urte beteko dira jatorrizko akordio nuklearra egin zenetik. Nola eragin zien irandarrei?

Akordio nuklearra hamar urte betetzekoa zen, baina Trumpek desegin egin zuen taxuzko urtemuga batera heldu baino lehen. 2015ean sinatutako akordioan, hitzeman zuten irandarren egoera ekonomikoa hobetuko zutela, eta hala izan zen tarte batez. Zoritxarrez, ez zuen luze iraun.

«Iran eskualdean integratzearen beldur da Israel: nahiago du hura ahul eta bakartuta egotea»

Irango jendeak uste du Israelen kontrako gerra berriro hasiko dela noiznahi?

Irandarrak horren beldur dira ekaineko gerratik. Israelek ahuldu egin nahi du Iran, eta hondamenari eutsi han. Irandarrek zain egon besterik ezin dute egin, ezinegonak jota.

Israelek zergatik eragotzi nahi du AEBek eta Iranek akordioa egitea?

Beldur dira Iranek ez ote dion gaitasun nuklearrari eutsiko akordioa sinatuta ere, eta ez ote dituen arma nuklearrak garatuko. Gainera, Iran eskualdean integratzearen beldur da Israel: nahiago du hura ahul eta bakartuta egotea, eta ez izatea gai Israelen kontrako inongo erasoaldirik egiteko. Israelek tentazioa du Iran betiko astintzen segitzeko, hartara herrialdea zatitua egon dadin eta estatu gisa porrot egin dezan; nahiago du Iran hala egotea, eta ez Trumpekin akordio bat sinatzea eta posizio hobean egotea.

Iran Israelentzako mehatxu bat dela esanez lortu du arrakasta Netanyahuk. Oro har, irandarrak Israelen kontra daude?

Orokorrean, ez. Haientzat, Israel urrutiko gerretan sartuta dagoen herrialde bat da, eta haiei ez diete zuzenean eragiten gerra horiek. Haserre daude beren gobernuarekin, parte hartzea interesatzen ez zaien gatazka batzuetan sartu dituelako herritarrak. Ekaineko gerrak agian areagotuko zuen Israelen kontrako jarrera. Lehen Israel bera edo Palestinako gatazka askorik interesatzen ez zitzaion jendea haserre dago orain. Baina, nire ustez, sentipen horrek ez du iraungo, eta ez dauka oinarri ideologiko sendorik.

«Irango erregimena, guk ezagutzen dugun hori behintzat, azkenetan dago; urte gutxi iraungo du»

Mendebaldean, batzuek esan izan dute Iranen aldatu egingo dela erregimena. Baliteke hauek izatea gobernu honen azken urteak?

Irango erregimena, guk ezagutzen dugun hori behintzat, azkenetan dago; urte gutxi iraungo du. Erregimen iraultzaile hori itsututa dago gizarte eredu islamikoarekin, AEBen aurka borrokatzearekin eta Israel suntsitzearekin, eta laster bukatuko da, Ali Khamenei gaur egungo buruzagi gorenaren agintaldian. Erregimen autoritario bat egongo da gero, eta segur aski eutsiko dio nolabaiteko legatu iraultzaile bati. Baina nazionalistagoa izango da, eta bere interes nazionalen alde egingo du, baita bere eliteen interesen alde ere, bazterrean utzita pentsaera iraultzaile hori, zeinak denari uko egitera eta mundua aldatzen saiatzera bultzatzen baitzuen. Eta «mundua aldatzeak» zera esan nahi du, Israelen eta AEBen kontra borrokatzea.

Herrialdean bertan, Iranek zapaldua dauka kultura arloa, baina Irango film batzuek ospe handia hartu dute nazioartean, eta askatasunerako tarte bat aurkitu dute han.

Zapalkuntza gorabehera, Irango zinemagile eta artista batzuek eskura dituzten zirrikitu apurrak aprobetxatzen dituzte artea egiten segitzeko. Erregimenaren kontrako erresistentzia politiko eta kulturala da. Gero eta pelikula gehiago daude modu klandestinoan eginak; esaterako, Jafar Panahiren It Was Just an Accident, zeinak Urrezko Palma irabazi baitzuen Cannesen. Panahiri debekatua zioten zinema egitea. Film hori egiten hasterako, haren aurkako debekua bertan behera geratua zen, baina Panahik gobernuaren baimenik gabe grabatu nahi izan zuen, zinema klandestinoaren boterea erakusteko. Diasporan ere egiten dira filmak: mundu osoko irandarrak elkartu, eta zinema egiten dute irandarrentzat eta irandarrei buruz. Tatami filma, adibidez, zuzendari irandar batek eta israeldar batek egina da. Irandar eta judu israeldar askok dute harremana. Gobernuak baimena eman zein ez, kultura Irango errealitatearen parte da gaur egun ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.