Irango Parlamentuak lege proposamen bat onartu du bertan behera uzteko IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarekin duen lankidetza hitzarmena. Irango Segurtasun Batzorde Gorenak oniritzia ematen badio, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek ezingo ditu Irango azpiegitura nuklearrak gainbegiratu Teheranen onespenik gabe. Telegrameko bere kanalean eman du erabakiaren berri parlamentuak. IAEAk Iranen programa nuklearraren inguruan duen jarrera kritikatu izan du Teheranek, eta azken egunetan Israelek hasitako erasoaldiak eta AEBen bonbardaketek erabaki hori hartzera bultzatu dute parlamentua, iturri ofizialen arabera. Israelek eta Iranek ez diote elkarri erasorik egin atzotik, Donald Trump AEBetako presidenteak atzo goizaldean planteatutako tregoari jarraituz.
Hilaren 13an hasi zuen Israelek Iranen aurkako erasoaldia, Iranen programa nuklearra geldiarazi behar zuela argudiatuta; eta, igandean, AEBek Irango hiru gune nuklear bonbardatu zituen. Biharamunean, Reza Najafi IAEAn Iranen ordezkaria denak adierazi zuen NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna baliorik gabe geratu zela; Najafiren arabera, AEBen erasoak «kolpe konpongaitza» eman zioten itunari. Aurrez, Israelek erasoaldia hasi ostean, akordio horretatik ateratzeko aukera jarri zuen mahai gainean Teheranek.
Gaur, IAEArekin duen lankidetza eten du Teheranek, baina lankidetza hori ez dela amaitu ziurtatu dio Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak Al-Jazeera hedabideari. Baghaeiren ustez «logikoa» da Iranek IAEArekin duen harremana birplanteatzea. Gainera, gogorarazi du arma nuklearrak egiteko ez, baina energia nuklearra garatzeko eskubidea baduela Iranek, eta eskubide hori ukatu egin dietela: «Kalte handiak egin dizkiete gure azpiegitura nuklearrei».
3Zenbat pertsona exekutatu dituen Iranek Mossadeko agenteak izatea egotzita. Hiru pertsona exekutatu dituzte gaur Irango Urmia kartzelan, Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako espioiak izatea leporatuta. Irango Fars berri agentziaren arabera, Auzitegi Gorenak agindu ditu exekuzioak. Agentziak kaleratu duenez, gatazka hasi zenetik 700 lagun atxilotu dituzte Iranen, espioitza egotzita.
Gaur, Rafael Grossi IAEAko idazkari nagusiak Vienan egindako agerraldi batean esan du agentziaren lehentasuna dela Irango gune nuklearretara joan ahal izatea, AEBen erasoek eragindako kalteak aztertu ahal izateko. Atzo, adierazi zuen «konponbide diplomatiko bat» eman behar zitzaiola Iranen programa nuklearraren auziari. NBEren agentziak ohartarazi izan du Teheranek %60raino aberastutako uranioa duela —%90 aberastu beharko luke bonba nuklear bat egiteko —. Ekainean argitaratutako txosten batean, IAEAk Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Ituna ez errespetatzea leporatu zion Irani. Ituna 1970ean sartu zen indarrean, eta hura sinatzen dutenei arma nuklearrak izatea eta garatzea galarazten die, AEBei, Erresuma Batuari, Errusiari, Frantziari eta Txinari salbu. Israelek ez zuen ituna sinatu.
Atzo arte, elkarri eraso egiten aritu dira Iran eta Israel, eta AEBek Qatarren duten base militar bati ere egin zion eraso Teheranek astelehenean. Horren ostean, Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen bi herrialdeen artean menia adostu zutela. Hamabi egun horietan, gutxienez 610 lagun hil dituzte Iranen, herrialdeko Osasun Ministerioaren arabera; Israelen, berriz, 28 lagun hil dituzte.
Programa nuklearra
AEBek egindako erasoen ostean, Iranek programa nuklearra berriz martxan jartzea «ia ezinezkoa» dela uste du Steve Witkoff AEBen Ekialde Hurbilerako ordezkariak. Bonbardaketek uranioa aberasteko erabiltzen diren zentrifugagailu «gehienak edo guztiak» suntsitu zituztela jakinarazi zuen Witkoffek AEBetako Fox telebista katean, atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian— emandako elkarrizketa batean. Hala, Ekialde Hurbilerako ordezkariak gezurtatu egin du CNN eta The New York Times hedabideek zabaldutako informazioa. Hedabide horiek Pentagonoaren txosten bat filtratu zuten atzo, eta, haren arabera, «hilabete batzuk» baino ez dute atzeratu Iranen programa nuklearra.
Etxe Zuriak zabaldutako ohar baten arabera, txosten hori «erabat oker» dago. Iritzi berekoa da Trump: «fake news» gisa definitu ditu AEBetako hedabideek zabaldutakoak, eta «historiako eraso militar garrantzitsuenetako bati» garrantzia kentzen saiatu direla salatu du Truth Social bere sare sozialean. Eta argi utzi nahi izan du: «Irango gune nuklearrak guztiz suntsituta geratu dira!». Witkoffek ere operazioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du: Ekialde Hurbilerako ordezkariaren ustez, AEBek Iran uranioa aberasteko ahalmenik gabe utzi ostean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bere helburua lortu zuen, eta bi aldeek su etena adostu zuten.
«Orain, [irandarrek] ez dute ezer aberastu nahi. Suspertu egin nahi dute», adierazi du gaur AEBetako presidenteak, Hagan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen goi bileraren harira emandako prentsaurrekoan. Teheranek eta Tel Avivek «leher eginda» amaitu dutela nabarmendu du: «Berriro piztu al daiteke [gatazka]? Egunen batean, agian; laster, agian». Gainera Iranen azpiegitura nuklearren kontra egindako erasoak eta AEBek Bigarren Mundu Gerran Hiroshima eta Nagasaki hirietara (Japonia) jaurtitako bonba atomikoak parekatu ditu: «[Bigarren Mundu] Gerra amaitu zuten horiek. [Iranen eta Israelen arteko] Gerra amaitu dute hauek».
Tentsioak baretzera egin du, eta Trumpek iragarri du AEBak eta Iran datorren astean bilduko direla berriz, programa nuklearraz negoziatzen jarraitzeko.
Netanyahuk ere uste du Teheranen programa nuklearra desegitea lortu dutela, eta ohartarazi du «irmotasun eta indar bera erabiliz» erantzungo duela Iran programa berriz martxan jartzen ahalegintzen bada. «Iranek ez du inoiz arma nuklearrik edukiko», ziurtatu zuen atzo gauean egindako agerraldi batean.
gutxienez 41 pertsona hil ditu Israelek gazan
Israelek Gazako zerrendan erasoak egiten jarraitu du, eta gaur 41 pertsona hil ditu gutxienez. Al-Jazeera hedabideak zerrendako ospitaleetako iturriak aipatuz eman du datu hori. Zerrendaren iparraldean, Gaza hirian egindako eraso batean familia bereko zortzi herritar hil ditu Israelgo armadak; Gaza erdialdea, Deir al-Balah hiria eta Nuseirat errefuxiatu esparruan ere bonbardatu ditu. Atzo 94 pertsona hil zituen, horien erdiak baino gehiago janaria jasotzen ari zirenean. Bestalde, gaur goizean Israelgo armadak jakinarazi du atzo zazpi soldadu israeldar hil zituztela Gazan.
Bestalde, Israelgo armadak 14 urteko nerabe bat hil du tiroz gaur arratsaldean Zisjordania iparraldean, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez. Israelek jada 29 adingabe hil ditu aurten Zisjordaniako ekintza militarretan.