Lehbib Abdelaziz Fronte Polisarioko komandantea hil du Marokok

Mohamed Abdelaziz Mendebaldeko Saharako presidentea izandakoaren semea zen. Fronte Polisarioko beste bi kide ere hil dituzte.

Lehbib Abdelaziz, Fronte Polisarioko komandantea. SEAD
Lehbib Abdelaziz, Fronte Polisarioko komandantea. SEAD
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 8a
17:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez ditu beste gatazka batzuek adina titulu hartzen, baina Mendebaldeko Saharan gerran daude. Atzo Lehbib Abdelaziz Fronte Polisarioko komandantea eta beste bi kide hil zituen Marokoko armadak. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Defentsa Ministerioak atzo eman zuen 37 urteko komandantearen heriotzaren berri. Mohamed Abdelaziz liderraren semea zen; 1976tik SEADeko eta Fronte Polisarioko burua izan zen Abdelaziz, eta 2016an hil zen.

Abdelaziz semea Fronte Polisarioko idazkaritza nagusiko kidea zen, nazioarteko harremanetako ikasketak egin zituen Aljerian, eta 2011n sartu zen Fronte Polisarioan. Beste bi kideen inguruko xehetasunik ez dute eman. Heriotza horiengatik hiru eguneko dolua ezarri dute.

Fronte Polisarioaren arabera, Lotsaren Harresiaren kontrako operazio militar bat egiten ari zirela hil dituzte hiru soldaduak, droneekin egindako eraso batean. Marokok Mendebaldeko Saharan eraikitako hesiari deitzen diote Lotsaren Harresia; Marokok okupatutako zatia —%80 inguru— eta Fronte Polisarioak «askatutakoa» —ia guztia desertua da— bereizten ditu.

2020ko azaroan, Marokok su etena hautsi zuen —1991tik zegoen indarrean—, eta Fronte Polisarioari gerrari berrekin zion. Ordutik, soldadu sahararrek hainbat eraso egin dituzte Marokoko armadaren posizioen aurka, baina harresiaren inguruan jarduten dute gehienbat. Eta droneek asko zaildu dizkiete operazioak: Marokoko armadak militar sahararren aurka erabili izan ditu. Fronte Polisarioak 2024an jakinarazi zuenez, kalkulatu zuten 2020tik 120 saharar inguru hil zituela Marokok.

NBEren mandatariaren bisita

Hain justu, Staffan de Mistura NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako mandataria Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara iritsi berritan izan zuten erasoaren berri. De Mistura SEADeko ordezkariekin biltzekoa da datozen egunetan, Tindufen —200.000 saharar inguru bizi dira Aljeria hego-mendebaldeko desertuan dauden kanpaleku horietan—.

SEADeko ordezkariak, Marokokoak, Aljeriakoak eta Mauritaniakoak negoziatzen aritu dira urte hasieran, baina egindako bilkuretan ez dute aurrerapausorik eman. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa urtebetez luzatzea onartu zuen NBEren Segurtasun Kontseiluak iazko urrian, baina babesa eman zion Marokok aurkeztutako planari. AEBek bultzatu zuten ebazpen hori; izan ere, Donald Trumpen administrazioa Rabatek aurkeztutako planaren aldekoa da. Fronte Polisarioak, ordea, ez du onartzen sahararren autodeterminaziorako eskubidea urratzen duen planik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE