Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea dekretuak, legeak eta halakoak sinatzeko erabili ohi duen errotuladoreari tapoia kentzekotan da, berandu gabe. Atzo gauean, Ordezkarien Ganberak ontzat jo zuen Jeffrey Epstein finantzariaren inguruko agiriak kaleratzea, ordekari baten ez beste guztien babesa bilduta: 427 boto alde, eta bat kontra. Jarraian izan zen Senatuko bozketa, eta aho batez onartu zuten Epsteinen Agirien Gardentasun Legea deritzona: lege proposamen horren bidez, galdegin dute argitaratu daitezela adingabeak prostituzioan aritzera behartzeagatik auzipetutako gizon horren dokumentuak.
Aztertzeko modukoa da Trumpek auzi horren inguruan izan duen jarrera, dokumentuak kaleratzeko presioa «demokraten trikimailutzat» baitzeukan joan den asteburura arte; igandean, baina, jarrera aldatu zuen, eta sare sozialetan esan «bost axola» zitzaiola dokumentuak kaleratu edo ez. Trumpek aurrez esana du lege proposamena Etxe Zuriko bulegora heltzen baldin bazaio sinatu egingo duela. Eta hala egiten badu, 30 eguneko atzerako kontaketa bat hasiko da: Pam Bondi AEBetako fiskal nagusiak epe hori izango du sekretua kentzeko Justizia Departamentuak Epstein auziari buruz dituen agiriei.
Adingabe bati prostituitu zedila eskaintzeagatik ikertu zuten Epstein 2005ean, nahiz eta ondoren akordioa lortu zuen fiskalarekin: bere burua erruduntzat jo zuen, eta, hala, hamahiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hortxe geratu zen auzia, harik eta 2019ko uztailean berriro atxilotu zuten arte, kargu federalengatik; leporatu zioten dozenaka neska adingabe prostituitzera behartzea 2002tik 2005era bitartean, New Yorken eta Palm Beach-en zituen etxeetan. Atxilotu eta hilabete batera, hilik aurkitu zuten espetxeko ziegan. Horren harira egindako ikerketan ondorioztatu zutenez, Epsteinek bere buruaz beste egin zuen.
Urte luzez eskatu izan dute Epstein auziko dokumentuak kaleratzeko, eta Bondik hitzeman zuen hala egingo zuela. Otsailean, fiskal nagusiak argitara atera zuen Epsteinekin harremana zuen jendearen zerrenda bat, eta esan agiri gehiago plazaratuko zituela, biktimen izenak ezabatu ahala; uztailean, berriz, Justizia Departamentuak ohar bat kaleratu zuen, eta jakinarazi ez zegoela «krimenak leporatzeko moduko bezeroen zerrendarik», ezta inor ikertzeko «frogarik» ere.
Gardentasuna exijitzea
Horiek horrela, Thomas Massie errepublikanoak eta Ro Khana demokratak lege proiektu bat aurkeztu zuten Ordezkarien Ganberan, Justizia Departamentuari presio egiteko. Irailean izan zen hori, eta joan den astean lortu zituzten behe ganberan proposamen bat bozkatu ahal izateko adina sinadura —ganbera horrek 435 eserleku ditu, eta 218 ordezkariren onespena behar da—, Adelita Grijalva demokrata ordezkari izendatu zuten egun berean; egin zuen lehenengo gauza zera izan zen, Epsteinen Agirien Gardentasun Legearen alde sinatzea. Kontuan hartzekoa da demokratak gutxiengoan daudela Ordezkarien Ganberan, eta sinadura horien guztien artean lau errepublikanorenak ere badaudela.
Gainera, egun horretan, Ordezkarien Ganberako ikerketa batzorde bateko demokratek argitara eman zituzten Epsteinen hiru mezu elektroniko, 2011 eta 2019 artekoak. Horietako batean, finantzariak iradokitzen zuen Trumpek bazuela sexu abusuen berri, eta «orduak» igaro zituela biktimetako batekin. Epsteinek bere neska laguna zenari bidali zion mezu hori, Ghislaine Maxwelli —hogei urteko espetxe zigorra betetzen ari da, sexu trafikoagatik—.
Hori ikusita, ikerketa batzordeko errepublikanoek demokratei egotzi zieten informazioa «komeni» zitzaien bezala kaleratu izana, Trumpi kalte egitearren, eta zitazio judizial baten bidez lortutako 20.000 artxibo inguru argitaratu zituzten —AEBetako presidentea aipatzen zen horietako batzuetan ere, nahiz eta politikagintzako kontuengatik izan—.
Dokumentu horietan, Trumpekin «orduak» igaro zituen biktimaren izena ageri da: Virginia Giuffre. Giuffrek, Epstein ez ezik, Andrew Mountbatten-Windsor ere salatu zuen, oraintsura arte Erresuma Batuko printzea zena: adierazi zuenez, Epsteinek sexu jazarpena egin ziola, eta Mountbatten-Windsorrek, berriz, sexu harremanak izatera behartu. Giuffrek bere buruaz beste egin zuen apirilean, eta haren memoriak kaleratu zituzten urrian; segidan, printze titulua kendu zioten Mountbatten-Windsorri, Epsteinekin zuen harremanagatik.