Trumpek iritzia aldatu du, eta Epsteinen dokumentuak argitaratzearen alde agertu da

Bihar dira bozketa egitekoak AEBetako Ordezkarien Ganberan. Trumpen arabera, ez dute «ezer ezkutatzeko», eta demokratei leporatu die Epsteinen kasua «arreta desbideratzeko» erabili izana.

'Lagunik onenak betirako'. Donald Trumpen eta Jeffrey Epsteinen aurkako protesta estatua, urriaren hasieran, Poliziak kendu aurretik. JIM LO SCALZO / EFE
'Lagunik onenak betirako'. Donald Trumpen eta Jeffrey Epsteinen aurkako protesta estatua, urriaren hasieran, Poliziak kendu aurretik. JIM LO SCALZO / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 17a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amesgaiztoak ditu Donald Trump AEBetako presidenteak Jeffrey Epstein pederasta diruduna zenaren krimenen dokumentuekin. Presidentea ez dago eroso gai horren inguruan mintzatzean, eta hainbat alditan aldatu du jokabidez: aurrena dokumentuak argitaratzearen alde egin zuen, ostera, pasa den astean, horiek publikatzeko trabak jarri zituen, eta orain, aldeko jarrera hartu du berriro. Edo, hobeto esanda, agiriak argitaratzearen alde agertu baino, ez du horri buruz ezer jakin nahi izan: «Berdin zait», idatzi du gaur goizaldean Truth Social bere sare sozialean. Kontuak kontu, dokumentuak kaleratu edo ez erabakitzeko bozketa egitekoak dira bihar Ordezkarien Ganberan.

Epstein finantzari diruduna zen. Hainbat adingaberi sexu abusuak egiteagatik 45 urteko kartzela zigorra eskatu zuten harentzat, eta epaiketa abiatu aurretik, bere buruaz beste egin zuen New Yorkeko kartzela batean, 2019ko abuztuaren 10ean. Epstein eta Trump lagun minak ziren, eta lagunaren sexu abusuen berri izatea leporatu izan diote AEBetako presidenteari.

Are gehiago areagotu da presioa azken astean. Behe ganberako diputatu demokratek Epsteinen hiru mezu elektroniko eman zituzten argitara, 2011 eta 2019 bitartekoak, eta adierazi zuten mezu horietan agerian geratzen zela Trumpek abusuen berri zeukala eta biktimetako batekin «orduak» igaro zituela. Gainera, etxe barruan ere arazoak sortu zaizkio Trumpi; izan ere, Ordezkarien Ganberako diputatu errepublikanoek ere kasuarekin lotutako 20.000 artxibo baino gehiago zabaldu zituzten.

Trumpek ukatu egin du Epsteinen krimenekin zerikusia izatea. Eta zera esan du sare sozialean kaleratutako oharrean: «Ganberako errepublikanoek Epsteinen artxiboak argitaratzearen alde bozkatu beharko lukete, ez baitugu ezer ezkutatzeko, eta demokraten fartsa hau atzean uzteko garaia da». Demokratei leporatu die Epsteinen kasua «arreta desbideratzeko» erabili izana eta kontu ekonomikoen inguruan hitz egiteari uzteko erabili izana —gogoratu behar da AEBetako administrazioaren inoizko itxierarik luzeena amaitu berritan itzuli dela berriro kasua lehen lerrora—.

Baldintzak

Eta demokraten estrategia eta jokabidea salatzeaz gain, bere alderdiko diputatuen jarrera ere salatu du Trumpek, estrategia horri bide ematea argudiatuta: «Errepublikano ahul batzuk haien atzaparretan erori dira bigunak eta inozoak direlako», idatzi du bere sare sozialean.

Proposamena aurrera ateratzeko, lehenik, Ordezkarien Ganberan gehiengoa izan behar du, bigarrenik, Senatuan %60k bozkatu behar dute alde, eta azkenik, Trumpek onartu behar du. Kasu horretan, Justizia Departamentuak kasuko artxibo guztiak argitaratu beharko ditu. 

Artxiboak argitaratzearen alde bozkatzera deitu ditu Trumpek errepublikanoak, eta beraz, proposamena ganberetatik presidentearen mahaira iritsiko dela espero da. Bere hitzak benetakoak badira, Trumpek ez luke arazorik eduki beharko proposamena onartzeko, baina badu beste aukera bat: betoa. Proposamenaren aurka egiten badu, berriro egin beharko da bozketa, bai Ordezkarien Ganberan eta bai Senatuan, eta bi ganberetan botoen bi heren lortzen badira, Trumpek derrigorrez onartu beharko du artxiboak argitaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.