Afrikak munduan duen tokia mapetan islatu dadin

AB Afrikako Batasunak 'Correct the Map' egitasmoa babestu du, nazioartean gehien erabiltzen den mapa eredua aldatzeko eskatuz. Mapa horretan ekuatorearen inguruko lurraldeak errealitatean diren baino txikiago ageri dira beste lurraldeekin alderatuta.

Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hartu sakelakoa eta ireki Google Maps aplikazioa. Txikitu mapa, urrundu, egin atzera munduaren zati handiena pantailan ikusi arte. Erreparatu Groenlandiaren tamainari. Eta orain Afrikarenari. Ez dago alde handirik bien artean. Berdin Appleren mapen aplikazioan edo Open Street Mapsen. Bada, errealitatean, Afrika Groenlandia halako hamalau da. Gaur egun zabalduen dagoen mapa eredua lehenesten dute aplikazio horiek: Mercator proiekzio kartografikoan oinarritutakoa. Horretan desitxuratuta ageri dira planetan iparraldeen eta hegoaldeen dauden eremuak, eta, ekuatoreko eremuekin alderatuta, errealitatean baino handiagoak dirudite. Hori aldatu nahi du AB Afrikako Batasunak, eta beste eredu bat erabiltzea proposatu du: Equal Earth proiekzioa. Eredu horren sortzaile Tom Patterson kartografoak argi du: «Mercator proiekzioa inola ere ez litzateke erabili beharko mundu osoa irudikatzen duten mapetan».

Eskolako horman bezala, munduko mapa iltzatuta dago gizartearen iruditerian. Mapa horretan Afrika eta Hego Amerika proportzioan diren baino txikiagoak ageri dira munduko gainerako lurraldeekin alderatuta. Tamaina, baina, kilometro karratuetatik harago doa Lerato Mogoatlhe Africa No Filter erakundeko kidearen ustez: «Gizartearen iruditerian, Afrika mapa horietan duen tamainara mugatzen da, eta Afrikak munduan duen tokiaren inguruko pertzepzioetan eragiten du».

Afrikari buruzko «narratiba estereotipatuak aldatu eta hobeto irudikatzea» helburu du Africa No Filter erakundeak, eta Correct the Map (Zuzendu mapa) egitasmoa bultzatu du Speak Up Africa elkartearekin batera. Maiatzean hasi ziren sinadurak biltzen nazioarteko erakundeei eskatzeko Mercator eredua ordezkatzeko, eta Equal Earth proiekzioa erabiltzen hasteko. Abuztuan, Afrikako Batasunak eskaera hori babestu zuen. Afrikako estatuen elkarlana bultzatzea helburu duen erakunde kontinentala da AB. Ofizialki 2002an sortu zen eta, egun, 55 herrialdek osatzen dute.

«Geografiaren arloko desinformazio kanpaina zaharrenaren aurrean gaude. Gezur bat da. Eta zuzendu egin behar da»

LERATO MOGOATLHE Africa No Limits erakundeko kidea

ABren erabakiak kanpaina hauspotu duela adierazi du Mogoatlhek bideo dei bidez: «Hedabideetan egitasmoaren inguruan hitz egiten ari dira, baita Tiktoken ere, Interneten, kalean... Jendea galderak egiten hasi da: 'Zergatik zuzendu beharko genuke mapa?', 'Ba al du garrantzirik?'. Ba, bai, noski. Geografiaren arloko desinformazio kanpaina zaharrenaren aurrean gaude. Gezur bat da. Eta zuzendu egin behar da».

Mercator proiekzioa ez da okerra, baina bere helburua ez da mundua den moduan irudikatzea. Gerardus Mercator geografo flandriarrak itsas nabigaziorako sortu zuen XVI. mendean: «Hari esker, marinelek norabide bat hartu, eta, iparrorratzari jarraituta, A puntutik B puntura erraz iritsi ahal ziren, lerro zuzena jarraituz», azaldu du Pattersonek bideo dei bidez. Eredu hori, baina, ez da distantziakidea; hau da, ez ditu planetako lurraldeen tamainak proportzioan erakusten.

Izan ere, ezinezkoa da mundua den moduan irudikatzea mapa batean. Lurra ez da laua, ezta zirkulu perfektu bat ere. Beraz, bi dimentsioko errepresentazio batek ez du inoiz planeta den moduan erakutsiko. Horregatik, kartografiak jakintzat jotzen du mapa guztiek izango dutela nolabaiteko distortsioren bat. Distortsio horiek, baina, ez dira berdinak mapa guztietan; erabilitako proiekzio kartografikoak baldintzatzen ditu. Proiekzio batek zehazten du nola irudikatu planeta esferikoa mapa lau batean.

«[Mercator proiekzioak] Ikasleak nahasaraz ditzake. Herrialdeen eta kontinenteen tamaina oker ikastea eragin dezake»

TOM PATTERSON Kartografoa. Equal Earth proiekzioaren sortzailea.

«Mercatorren proiekzioaren kasuan, masa kontinentalen tamainan du zehaztasun gabeziarik handiena. Latitude handieneko guneetan, oso iparraldean edo oso hegoaldean, tamaina nabarmen distortsionatzen da ekuatoreko guneekin alderatuta», argitu du Pattersonek. Horregatik, kartografoarentzat Mercator eredua ez da egokia munduko mapetarako, bereziki hezkuntza arloan erabiltzen direnetarako: «Ikasleak nahasaraz ditzake. Herrialdeen eta kontinenteen tamaina oker ikastea eragin dezake».

Abantailak ere baditu. Kartografoak uste du Mercatorrena Interneteko mapetarako egokia dela, beste proiekzio batzuen aldean: «Mercatorren ezaugarri bat da konformetasuna, hau da, formak bere horretan erakusten dituela. Hiri bateko mapan biribilgune bat zirkulu perfektu bat izango da Mercator proiekzioan; beste proiekzio batzuetan, aldiz, deformatuta agertuko da». Mogoatlhe Africa No Filterreko kidearen ustez, baina, sarean mapak eskaintzen dituzten plataforma teknologikoek beste eredu batzuk lehenetsi beharko lituzkete. Google Mapsek, esaterako, hiru dimentsioko mapa erabiltzen du ordenagailuko bertsioan; sakelakoan, ostera, Mercator proiekzioa mantentzen du. Mogoatlhe: «Mercator lehenetsitako eredua bihurtu da. Herentzian jaso dugu, baina orain informazio hobea daukagu».

Bidearen hasiera

Horretarako sortu zuten Pattersonek, Bojan Savricek eta Bernhard Jennyk Equal Earth proiekzioa, 2018an. «Zenbait hilabetez, agian urte erdiz, proiekzio kartografikoa irudikatzen aritu nintzen, zein itxura izan beharko zuen diseinatzen. Robinson proiekzioan oinarritu nintzen». Halere, proiekzio horrek ere ez ditu lurraldeen tamainak benetan duten proportzioan irudikatzen. Horregatik, «egin beharreko moldaketak» egin zizkion Pattersonek. «Eta Bojan eta Bernie arduratu ziren matematiken arloaz eta kodetze informatikoaz. Zorionez, nire bi lankideak oso onak dira matematiketan. Merezi du lagun azkarrak edukitzea!».

2017an beste proiekzio bat ari zen sona hartzen: Peters proiekzioa. Equal Earth proiekzioak bezala, Petersenak ere lurraldeen tamainen proportzioak mantentzen ditu, baina kontinenteen forma distortsionatzen du, luzatuta ageri dira: «eskegitako arropa bustiak dirudite», zehaztu du kartografoak. Zenbait erakunde proiekzio hori erabili nahian hasi ziren Mercator baino zehatzagoa zelakoan, baina, Pattersonen ustez, ez zen eredu aproposena: «Kartografo profesionalok bagenekin bazeudela proiekzio distantziakide hobeak, baina arrazoi bat edo beste direla medio ez zuten arrakasta izan». Horregatik hasi zen Equal Earth proiekzioa lantzen. Orain, Afrikako Batasunak Pattersonen eta bere lankideen proiekzioa erabiltzeko eskatu duela-eta, egileak «pozez zoratzen» daude.

Halere, bidea ez da amaitu. Mapa doan deskargatu daiteke equal-earth.com webgunean, eta ahalik eta hizkuntza gehienetan eskaini nahi dute mapa hori. Gaur-gaurkoz hamasei hizkuntzatan dago eskuragarri: ingelesez, txineraz, arabieraz, katalanez... Gainera, azken asteetan bi pertsona Pattersonekin harremanetan jarri dira mapa euskarara itzultzeko: «Agian, hilabete batzuen buruan, Equal Earth mapa euskarara itzulita edukiko dugu».

Correct the Map egitasmoaren bidea ere ez da amaitu Afrikako Batasunaren erabakiarekin. Mogoatlhek jakinarazi duenez, sinadurak biltzen jarraitzen dute kanpainari indarra emateko: «Dagoeneko 500 erakundek sinatu dute». Gainera, goraipatu du Afrikako Batasuna ez ezik, beste nazioarteko erakunde batzuk ere hasi direla eskaera kontuan hartzen: «Munduko Bankuak, esaterako, erabaki du ez duela Mercator proiekzioa erabiliko». Afrikak Mercatorren proiekzioan duen tamaina baino toki handiagoa baitu munduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.