Afrikako Batasunak Etiopiari eta Somaliari eskatu die elkarren arteko tentsioa «baretzeko»

Etiopiari Itsaso Gorrirako sarbidea bermatuko dion memoranduma sinatu dute herrialde horretako gobernuak eta Somalilandiakoak. Etiopiak esan du ez duela «gerrarik» hasi nahi; hala ere, Arabiar Ligak eta AEBek akordioarekiko kezka agertu dute.

AB Afrikako Batasuneko presidente Moussa Faki Mahamat.
AB Afrikako Batasuneko presidente Moussa Faki Mahamat, Berlingo konferentzia batean, azaroaren 20an. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
iraia vieira gil
2024ko urtarrilaren 4a
18:30
Entzun

Astelehenean sinatu zuten Etiopiak eta Somalilandiak Afrikako Adarrean tentsioa areagotu duen memoranduma. Hitzarmenean zehaztu dutenez, Itsaso Gorrirako sarbidea eskainiko dio Somalilandiak Etiopiari, eta herrialde horrek, trukean, independentzia aitortuko dio besteari; gobernu eta konstituzio propioak dituen arren, Somaliaren parte baita oraindik ere. Somaliak, zehazki, akordioaren aurkako jarrera agertu du, eta, ondorioz, okertu egin dira Etiopiarekin dituen harremanak. AB Afrikako Batasuneko presidente Moussa Faki Mahamatek elkarren arteko tentsioa «baretzeko» eta «bakearen aldeko kooperazioa eta segurtasuna» bermatzeko eskatu die herrialde biei, gaur argitaratutako ohar baten arabera. Gatazka modu «baketsu eta eraikitzaile batean» konpontzeko ere eskatu die, elkarlanean oinarritutako «berehalako negoziazioen» bitartez.

Erdialdeko Afrikako herrialdeen arteko «harreman onak» zaintzea garrantzitsua dela azpimarratu du bereziki ABeko presidenteak, eta azaldu du mugak partekatzen dituzten Afrikako Adarreko lurralde guztiek «bizikidetza arauak» errespetatu behar dituztela. Adierazi duenez, ezinbestekoa da eskualdeko egonkortasuna «mantentzea»; beraz, Etiopiari eta Somaliari eskatu die egonkortasun hori arriskuan jar dezakeen erabakirik ez hartzeko. Somalilandiako autodeterminazio gatazkari dagokionez, gainera, argitu du AB osatzen duten herrialdeen «batasuna, lurralde osotasuna eta guztizko subiranotasuna» errespetatu behar direla.

Somaliak barkamena eskatzeko exijitu dio IGAD Garapenerako Gobernu Arteko Autoritateari, «Etiopiaren aldeko adierazpenak» egiteagatik.

IGAD Garapenerako Gobernu Arteko Autoritatea bat dator ABarekin: Etiopiak eta Somaliak «era baketsuan eta adiskidetsuan» bilatu behar diote irtenbidea gatazkari. Prentsa ohar batean ezagutarazi zuen atzo erakunde horretako idazkari nagusi Workneh Gebeyehuk bere iritzia, eta aitortu zuen egoerarekin «oso kezkatuta» dagoela. Horrez gain, idazkian jakinarazi zuen gertakariak «arduraz» aztertzeari ekin diola erakundeak, baita eskualdeko egonkortasuna bermatzeko «inplikazio potentzialak» identifikatzeari ere. Somaliak, baina, baieztapen horiek egiteagatik barkamena eskatzeko exijitu dio IGADi, gaur argitaratutako komunikatu baten bitartez; argudiatu du «Etiopiaren aldeko adierazpenak» egin dituela.

Arabiar Ligak, bestalde, Etiopiak eta Somalilandiak sinatu duten memoranduma gaitzetsi zuen atzo, «Somaliaren subiranotasunaren eta lurralde osotasunaren aurkako erasotzat» hartu baitu akordioa. AEB Ameriketako Estatu Batuek bat egin dute erakundearekin; Estatu Departamentuko bozeramaile Matthew Millerrek, zehazki, Somalilandiaren independentzia ukatu du gaur emandako prentsaurreko batean, eta gatazka eragin duten aldeen arteko «elkarrizketa diplomatikoen» beharra nabarmendu du.

Somalilandia
Somalilandia

Akordioaren oinarriak

Etiopiako Gobernuak atzo ziurtatu zuen Somalilandiarekin adostutako akordioak inon ez duela eraginik izango. Kontrara, uste du herrialdeari onurak ekarriko dizkiola: «Etiopiari aukerak emango dizkio itsas base iraunkor eta seguru bat izateko, eta Adengo golkoan itsas zerbitzua lortzeko», adierazi zuen gobernuko komunikazio bulegoak. Izan ere, eta, hitzartutakoaren arabera, Itsaso Gorrirako sarbidea 50 urtez izango du Etiopiak erabilgarri, alokairu sistema baten bitartez. Etiopiako herritarren «antsietatea» murrizteko aukera dela uste du herrialdeko gobernuak, eta «poztuko dituen gertaera historikoa» izango dela. Ziurtatu zuen, gainera, ez duela «gerra» hasteko asmorik, eta akordioak ez duela legeriarik urratu. Eta berretsi zuen: «Kooperazioaren bitartez aurrera egin dezakegula erakusteko froga da».

Somaliako Parlamentuak akordioa aurrera eramateko aukera oztopatzea erabaki du, eta hitzarmena atzera botatzeko legea onartu zuen herenegun. Egun horretan bertan, Somaliako presidente Hasan Sheij Mohamudek zin egin zuen «herrialde osoa» babestuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.