Hegoafrikan nekazari zurien aurkako «genozidioa» egiten ari direla aurpegiratu dio Donald Trump AEBetako presidenteak Cyril Ramaphosa Hegoafrikakoari. Bi gobernuen arteko harremanak gaiztotu egin dira Trumpek kargua hartu duenetik: Hegoafrikako Gobernuaren politikak kritikatu ditu, eta herrialde horretan afrikanerrak —kolono europarren oinordekoak— hiltzen ari direla zabaldu izan du Trumpek sare sozialetan. Ainara Mancebo politologoarentzat, agintari estatubatuarraren jarrera horren atzean dago Hegoafrikak Israel salatu zuela Nazioarteko Justizia Auzitegian, Gazan genozidioa gauzatzea leporatuta: «Trumpen jarrera hauxe da: 'Zuek diozue Israel genozidioa egiten ari dela, eta guk diogu ez dela hala. Orduan, zuen herrialdean ere genozidioa egiten ari zarete, zurien aurka'».
Genozidiorik ba ote dagoen galdetuta, itzulingururik gabe erantzun du Sandile Moloi Pretoriako Unibertsitateko irakasleak: «Hegoafrikan ez dago genozidiorik. Hegoafrikan krimena dago, eta horrek guztiongan du eragina». Politika Zientzien eta Nazioarteko Harremanen Departamentuan egiten du lan Moloik, eta, bideodei bidez, argi utzi nahi izan du Hegoafrikan zuriei ez dietela eraso egiten zuri izateagatik: «Hegoafrikan hiltzen dituzten gehienak beltzak dira. Nekazari zuriei eraso egin izan diete, bai, baina, etxaldeetan egindako erasoetan, biktima gehienak nekazari eta langile beltzak izaten dira».
Mancebok bi hamarkada daramatza Hegoafrikako sistema politikoa ikertzen, eta 2011tik Lurmutur Hirian bizi da. Telefonoz azaldu duenez, AEBetako presidente ohi Joe Bidenen garaitik (2021-2025) dator Hegoafrikaren aurkako jarrera. Pretoriako gobernuak 2023ko abenduaren 29an aurkeztu zuen Tel Aviven aurkako salaketa Hagako auzitegian. Haren ustez, Etxe Zuriak Ramaphosaren gobernuari presio egin nahi dio kasua albo batera utzi dezan. Iritzi berekoa da Moloi, eta jakinarazi du Hegoafrikako politikarien artean salaketa bertan behera utzi ala ez eztabaidatzen aritu direla presio horren ondorioz. Oraingoz, ordea, Ramaphosaren gobernuak ez du atzera egin.
«Trumpen jarrera hauxe da: 'Zuek diozue Israel genozidioa egiten ari dela, eta guk diogu ez dela hala. Orduan, zuen herrialdean ere genozidioa egiten ari zarete, zurien aurka'»
AINARA MANCEBOPolitologoa
«Nekazari zuriei eraso egin izan diete, bai, baina, etxaldeetan egindako erasoetan, biktima gehienak nekazari eta langile beltzak izaten dira»
SANDILE MOLOIPretoriako Unibertsitateko irakaslea
Otsailean, Washingtonek Hegoafrikari ematen zizkion zenbait diru laguntza bertan behera utzi zituen Trumpek dekretu bidez; hilabete hartan bertan, afrikanerrak errefuxiatu gisa hartzeko plan bat martxan jarri zuen; eta maiatzean iritsi ziren lehen asilo eskatzaile afrikanerrak AEBetara. Gainera, martxoan, Hegoafrikak AEBetan zuen enbaxadorea kanporatzeko agindua eman zuen Etxe Zuriak, eta oraindik ez dute berria ezarri.
Mancebok uste du Washingtonek ez duela aliatu gisa ikusten Hegoafrika: «Hamasen alde dagoela diote, eta Iranek finantzatzen duela». Ramaphosak, ostera, badu AEBen beharra. Txinaren atzetik, Hegoafrikaren bazkide komertzial nagusietan bigarrena da, eta abuztu bukaeran dira berritzekoak bi herrialdeen arteko merkataritza askeko ituna. Gainera, azaroan, G20ko goi bilkura Durbanen (Hegoafrika) egitekoa da, eta, Manceboren arabera, Hegoafrikako presidentearentzat oso garrantzitsua da AEBetako goi mailako ordezkaritza bat bertaratzea.
Lobbyen eragina
AEBen erabakien atzean badaude beste eragile batzuk ere. Esaterako, Hegoafrikako lur jabe zurien elkarteek lobby lana egiten dute Washingtonen: Afriforum eta Solidarity elkarteak aipatu dituzte Moloik eta Mancebok. Erakunde horietako kideak Etxe Zuriko ordezkariekin batzartu izan dira, eta, bi adituen arabera, nekazari zuriak diskriminatzen dituztelako kontakizuna hauspotzen dute.
Kallie Kriel Afriforumeko zuzendari nagusiak ez du zehaztu nahi izan Hegoafrikan genozidio bat gertatzen ari den ala ez; uste du «semantika eztabaida» horretaz baliatu direla nekazari zurien hilketak «ukatu edo horiei garrantzia kendu nahi dietenak». Afrikaner komunitatearen interesak defendatzen dituen gobernuz kanpoko erakundea da Afriforum. Krielek audio mezu bidez deitoratu duenez, Hegoafrikako Gobernuak Israel genozidioa egiteagatik salatu badu ere, Ramaphosak bere herrialdean ez ditu gaitzesten «genozidiorako deiak». Dei horien egile gisa seinalatu du Julius Malema EFF Askatasun Ekonomikoaren Aldeko Borrokalariak alderdi marxistako burua. Malemak Kill the boer (Hil zuria) kantua abestu izan du bere mitinetan, eta Trumpek hitzaldi horietako baten bideoa erakutsi zion Ramaphosari Etxe Zurian elkartu zirenean, «genozidioaren» froga gisa.
Mancebok azaldu du kantu horrek apartheid garaian (1948-1991) duela jatorria, eta «askapen mugimenduaren kantu tradizional bat» dela. Politologoak jakinarazi duenez, Afriforum saiatu zen auzitegiek kantua legez kanpokotzat jo zezaten, baina epaileek ebatzi zuten «beste edozein abesti bezalakoa» dela. Afriforumeko buruak, ostera, gaitzetsi egin du epaitegien erabakia; Krielentzat, «horrelako gauzengatik, jendea ez da seguru sentitzen».
Bestalde, Afriforumek eta Trumpek salatu izan dute Hegoafrikako Gobernuak «diskriminatu» egiten dituela lur jabe zuriak, eta konpentsaziorik eman gabe lurrak kentzen dizkietela. Urtarrilean Ramaphosaren administrazioak desjabetze legeari egindako erreformatik atera dute ideia hori. Mancebok azaldu du zertan datzan aldaketa: «[Hegoafrikako] Konstituzioak dio desjabetzearen trukean ordain justua eman behar dela; eta merkatuaren prezioa hartu izan da aintzat. Orain zera aldatu da: zenbait baldintza betetzen badira merkatuko prezioa ordaindu gabe hartu ditzakeela lurrak estatuak». Halere, desjabetzeen inguruan «populismo eta informazio faltsu ugari» dagoela ohartarazi du: «Jabetza eskubidea oso ongi babestua dago burokratikoki. Prozesua oso motela da, eta berme asko daude desjabetzea eragozteko».
%72Hegoafrikako lur jabe indibidualen lursailen artean zenbat dauden zurien esku. Hegoafrikako Gobernuak 2017an egindako landa ikuskaritzaren arabera, herrialdeko lursailen %23 estatuaren esku daude, %47 enpresen esku, eta %30 lur jabe indibidualenak dira. Azken horien artean, gehienak (%72) zuriak dira. Hau da, Hegoafrikako lursail guztien %22 nekazari zurienak dira; kontuan hartu gabe zenbat diren zurien esku dauden enpresak. 2022ko erroldaren arabera, Hegoafrikako biztanleen %7,3 baino ez dira zuriak.