Agintarien utzikeriaren aurrean, bizilagunen elkartasuna

Hirurehun emakume ingururentzako komunitate bilakatu da Ceutako La Reina kaleko biztanleek antolatutako kanpalekua. Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatu ostean, gune seguru bat topatu dute.

Arropa eskegita, La Reina kaleko emakumeentzako kanpalekuaren kanpoaldean. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Arropa eskegita, La Reina kaleko emakumeentzako kanpalekuaren kanpoaldean. A. GARMENDIA ETXEBERRIA
Aitor Garmendia Etxeberria.
🌐 Ceuta (Berriemaile berezia)
2026ko abuztuaren 11
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saidak bere lau seme-alabekin zeharkatu du Marokoren eta Espainiaren arteko muga, igerian. «Heriotza ikusi dugu. Igeri egiten ez zekien jendea gainontzekoen gainean jartzen zen; haurrei ere bultza egiten zieten». Marokoarra da, Tetuangoa. Uztailaren 30ean iritsi zen Ceutara, gutxienez beste 80.000 pertsonarekin batera —Espainiako Gobernuaren azken datuek hori diote—. Azken egunak Sidi Embarek auzunean igaro ditu, La Reina kaleko bizilagunek antolatutako emakumeentzako bizitoki inprobisatu batean.

16 urte ditu Saidaren alabak, eta 13 semerik zaharrenak. Ceutako mugara joan ziren, eta amari esan zioten Ceutara igaroko zirela, «mundu guztia» ari zela pasatzen. «Nola joango ziren, ba, bakarrik?». Orduan, amak bi haur gazteenak hartu —7 eta 8 urtekoak—, uretara jauzi egin, eta bostak batera iritsi ziren Tarajalgo kai muturrera. Ceutan lanean aritua da Saida, eta ezagun batzuek etxean hartu zituzten lehen egunetan. Geroago iritsi ziren La Reinara.

Saidak bezala, beste hirurehun emakume inguruk pasatzen dute gaua La Reinako asfaltozko futbol zelaian. Emakumeak eta haurrak bakarrik onartzen dituzte. Horretarako beharra zegoela ikusi zuten bizilagunek, eta, administrazioen utzikeria ikusita, futbol zelaia atontzen hasi ziren.

«Heriotza ikusi dugu. Igeri egiten ez zekien jendea gainontzekoen gainean jartzen zen; haurrei ere bultza egiten zieten»

SAIDAMigrante marokoarra

«Emakume asko bortxatu dituzte, mendian», azaldu du Abdellah Mustafak. Sidi Embarek auzuneko bizilagunen elkarteko presidentea da, gune horretako alkatearen parekoa. «Aurrera! Baina barruan argazkirik ez», agindu du. «Emakumeek leku seguru bat behar zuten, eta horregatik hasi ziren etortzen». Hasieran, kanpadenda handi bat jarri zuten; orain, kanpaleku bihurtu da. Kanpadenda gutxi batzuk daude, emakume eta haur batzuk koltxoietan etzanda, eta gehienek manten edo alfonbren gainean egiten dute lo.

Bizilagunek toldoak jarri dizkiete, arropa eman diete, jana ere bai… Gobernuz kanpoko erakunde batzuek ere jakiak eramaten dizkiete, eta Gurutze Gorriko anbulantzia bat iritsi berri da. «Administrazioek albo batera utzi dituzte beren egitekoak, eta bizilagunak gizakiak izatera behartuta sentitu gara».

Bozgorailua hartu du Mustafak. Guztiek ezagutzen dute. «Nor dago aspertuta?», «nork du beroa?». Gehienek «nik!» erantzun dute. Arazo horiek, baina, oraingoz ez dute soluziorik. «Zauriren bat duzuenak edo haurdun zaudetenak hor kanpoan dagoen anbulantziara joan zaitezkete», jakinarazi die, arabieraz —Menel gizarte hezitzaile ceutarrak egin ditu itzultzaile lanak—.

Erditzear dago emakume bat; bederatzi hilabete daramatza haurdun, baina ez da Gurutze Gorrikoengana joan. Marokoarra da, eta ez du izena eman nahi. Bi haur ditu. Horiei flotagailu bana jarri, eta hirurek uretatik zeharkatu zuten muga. Bi herrialdeak bereizten dituen hesitik hurbil igaro zituzten lehen bi egunak, Tarajalgo industrialdean: «Nabe huts bat eta militarrak, besterik ez zegoen». Kalean igaro zituzten hurrengo egunak, aharik eta La Reinara iritsi ziren arte: «Bizilagunen lan solidarioari esker gerizpea dugu, berotik babestuta gaude, eta jana eta edana ditugu».

«Ez gaituzte baloratzen»

Mariamek —tunisiarra da—, Ceutako egoera gogorra dela aitortu badu ere, kontatu du Tunisian ezin dituela eskuratu Ceutan daramatzan dozena bat egunetan jaso dituen elikagaiak eta sendagaiak. Ceuta ekialdeko auzuneetan geratu diren migrante gehienak marokoarrak dira, baina badaude beste nazionalitate batzuetakoak ere. Hasna, esaterako, aljeriarra da, baina nazionalitate marokoarra ere baduela oroitarazi du.

Tangerren bizi zen (Maroko), eta ez zuen herrialdea uzteko asmorik. Baina sare sozialetan zabaldutako mezuari jarraituz, Espainiako mugara hurbiltzea erabaki zuen. Zeharkaldi masiboa baino bi egun lehenago iritsi zen Fnideqera —Castillejos, espainieraz; Ceutako ekialdearekin egiten du muga—. Lehenago iritsi zen Mariam. Tunisian zegoela jakin zuen, sare sozialen bidez, «muga zabalduko zutela», igarotzea edukiko zuela.

Indartsu hitz egiten du Mariamek, emozioz. Kazetariari begietara begiratzen dio, eta, ulertzen ez diola jakin arren, berari mintzo zaio. Salatu du kazetari askok ez dutela errealitatea den bezala erakusten, eta argi utzi du muga zeharkatzen duten guztiak ez direla «gaiztoak».

«Administrazioek albo batera utzi dituzte beren egitekoak, eta bizilagunak gizakiak izatera behartuta sentitu gara»

ABDELLAH MUSTAFA Sidi Embarek auzuneko presidentea

Hanka goitik behera bendatu diote anbulantzian. Infekzio bat du. Tunisian zegoela ere egoera berean zegoela azaldu du, baina ez zutela artatu. «Han ez gaituzte baloratzen», salatu du, erdi negarrez. Aske bizi nahi duela adierazi du. Eta Hasnak gehitu du bere seme-alabek etorkizun hobea izan dezatela nahi duela, eta emakumeen eskubideak errespetatzen dituzten herrialde batean bizi.

Emakumez inguratuta daude orain. La Reinako bizilagunek zaintzen dute bizi diren esparrua. «Neska asko traumatizatuta iritsi dira», azaldu du Mustafak. «Hori eragotzi nahi dugu. 14, 15 eta 16 urteko neskato hauek begietan haurren inozentzia hori manten dezaten nahi dugu». Komunitate bilakatu da kanpalekua; zenbait haur korrika ari dira, erratza pasatzen ari diren emakume helduagoei eta elkarri ilean txirikordak egiten ari diren nerabeei izkin eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA