Gutxinaka, Europako airearen kalitatea gero eta hobea da. Europako Batasunean hainbat lege onartu dira azken urteetan kutsadura atmosferikoa apaltzeko, eta hobekuntza nabaritu egin da: 2015etik hona ia %60 murriztu dira industriak isuritako sufre oxidoak, eta trafikoarekin lotutako partikula txikien isurketak %34 apaldu dira.
Datuak «pozgarriak» direla adierazi du Europako Batzordearen menpeko den Copernicus-Atmosferari Behatzeko Zerbitzuak: «Airearen kalitatearen adierazle gehienak hobera egiten ari dira Europan, eta horrek erakusten du arrakastatsuak direla azken urteetan airearen kalitatea kudeatzeko aplikatu diren politikak, baita hobekuntza teknologikoak ere, industriakoak eta garraiokoak».
Sufre oxidoaren eta nitrogeno oxidoen kutsadurek urtean %3 eta %5 artean egin dute behera batez beste, eta, industriak isuritako sufre oxidoen kasuan, 2015etik 2025era %59 murriztu dira isurketak. Iturri bereko nitrogeno oxidoak, berriz, %39 gutxitu dira. Errepidean sortzen den kutsadura ere isurketa iturri handienetako bat da, eta sektore horrekin lotutako nitrogeno oxidoak %40 gutxitu dira atmosferan, eta 2,5 mikrometrotik beherako partikulak (PM2,5), berriz, %34.
Atmosferari Behatzeko Zerbitzuaren ustez, horrek erakusten du deskarbonizazio politikek eta bestelakoek helburuak betetzen dituztela, ekonomia jarduera eta garraioa hazten ari diren aldi berean gertatzen ari baitira murrizketa horiek.
Hutsuneak eskualde batzuetan
Aireak lotura estua du klima larrialdiarekin eta fenomeno meteorologikoekin. Copernicusek gogorarazi du «tenperatura beroek, eguzkiaren irradiazio handiak eta atmosfera geldi batek» udan ozono troposferikoa sortzeko baldintzak sortzen dituztela; bestalde, iazko udan Espainian eta Portugalen izandako suteen oinarrian lehorteak daudela ere esan dute. Suteak kutsatzaileen isurle handienetakoak dira.
Bestalde, azken neguak aurrekoak baino hotzagoak ere izan dira, eta horrek ere egun batzuetan atmosferaren kutsadura okertzea eragin duela nabarmendu dute, batez ere erregaien errekuntzagatik eta inbertsio termikoagatik.
Eskualdeka, Italia iparraldean, Polonian eta Balkanetan izan dute airearen kalitaterik okerrena, PM2,5 partikulen kutsadurari dagokionez. Herrialde horietako leku askotan urtean 50 egunetan baino gehiagotan izan dituzte atmosferako metro kubo bakoitzeko 25 mikrogramo PM2,5 edo gehiago.
Gaur egun indarrean dagoen araudiaren arabera, 25 mikrogramo da gehienezko kutsadura, baina 2030etik aurrera hamarrera murriztuko da. 2024an onartu zuten direktiba hori, eta beranduenez aurtengo abenduan integratu beharko dute araudi hori herrialdeek beren legedian.