Luze edo motz, badira korapiloak askatzeko balio duten bilerak, eta badira soka are gehiago katramilatzeko baino balio ez dutenak. Bigarrenaren tankera har dakioke Errusiako presidente Vladimir Putinek eta AEBetako Donald Trumpek bart izandako juntadizoari: Anchorage hiriko (Alaska) base militarrean hiru orduz bilduta egon ondoren, Ukrainako gatazkarako akordiorik gabe amaitu zen bi liderren arteko bilera. Halere, topaketak agerian utzi du Etxe Zuriko maizterra prest legokeela Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren eskaera nagusietako bat baztertu eta Putini kontzesio batzuk egiteko: Trumpen arabera, orain «bake akordio bat» erdiestea da lehentasuna, eta ez da beharrezkoa horretarako su eten bat adostea.
Etxe Zuriko agintariak Alaskan «egun arrakastatsu eta handi bat» igaro eta Washingtonera itzuli ondoren egin ditu adierazpen horiek, sare sozialetan. Haren arabera, Zelenski ados legoke erabaki horrekin, baita Europako liderrak ere, argudiatuta telefonoz hitz egin duela haiekin, Putinekin bildu ondoren. Ukrainako presidenteak, ordea, ez du oraindik bere eskaera alde batera uzteko asmorik: «Erasoak eta hilketak ahalik eta lasterren amaitu behar dira, eta ezinbestekoa da su eten bat indarrean jartzea, bai borroka eremuetarako, bai aire bidezko erasoetarako». Zelenskik etzi izango du Trump limurtzeko aukera, harekin biltzekoa baita Etxe Zurian.
Trumpek egin dio gonbita, Ukrainako gatazkari eta negoziazioei buruzko «xehetasun guztiak» jorratzeko. Zelenskik berak sare sozialetan adierazi duenez, ordubeteko bideo dei bat egin du AEBetako presidentearekin, Putinekin izandako hizketaldiaren berri izateko. «Ukrainak berretsi du prest dagoela bakea lortzeko ahalegina egiteko», esan du Zelenskik, eta nabarmendu du AEBen indarra garrantzitsua dela egoerak hobera egin dezan. Halaber, begi onez ikusi du Trumpek proposatu dion bilkura, hiru herrialdeen artekoa: «Liderren artean funtsezkoak diren gaiak landu daitezke, eta hiru aldeko formatu bat egokia da horretarako».
Hain justu, landuko lituzketen gaietako bat Ukrainaren lurralde osotasuna litzateke. Moskuk argi esan du urteotan eskuratutako lurraldeen kontrola izan nahi duela aurrerantzean ere, eta, orain arte, Zelenskik baztertu egin du eremu horiek Errusiari ematea; gaur, baina, arlo horretan kontzesio batzuk egiteko prest agertu da. «Ukrainarentzat pisuzkoak diren afera guztiak Ukraina aintzat hartuta eztabaidatu behar dira; batez ere, lurraldeei dagozkienak. Horiek ezin dira negoziatu Ukraina aurrean egon gabe», esan du kaleratutako prentsa oharrean.
Iturri ofizialak aipatuz nazioarteko hainbat hedabidek kaleratu dutenez, gatazka amaitzeko eta frontean borrokak eteteko baldintza bat jarri dio Putinek Trumpi: Donbass eskualdeko lurraldeak, Donetsk eta Luhansk, Moskuri ematea. Informazio horren arabera, Trumpek proposamen horren inguruan hitz egin nahi du Zelenskirekin; nahiz eta hark esana duen ez duela Errusiari lurralde horien kontrola emateko asmorik.
Dena den, ikusteko dago luze gabe hiru agintariak aurrez aurre bilduko ote diren. Trumpek bezalaxe, bilera «baliagarria» izan dela adierazi du Putinek, eta, irribarrea ahoan, beste behin elkartzeko gonbita egin dio AEBetako presidenteari: «Hurrengoa Moskun?». Nolanahi ere, ez du iradoki Zelenskirekin bilduko litzatekeela. Eta Ukrainako gatazkari dagokionez, nabarmendu du hura eragin zuten arrazoiei «konponbidea» jarri behar zaiela; alegia, Ukrainaren neutraltasuna bermatu behar dela, eta NATO Errusiako mugetatik urrun eduki.
Europaren itzala
Zelenskirekin ez ezik, Europako agintari batzuekin ere hitz egin du Trumpek, Putinekin bildu ondoren. Dei horretan izan dira, adibidez, Frantziako presidente Emmanuel Macron, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmer eta Alemaniako kantziler Friedrich Merz. Halaber, Trumpekin hitz egin du NATOko idazkari nagusi Mark Ruttek. Gero, ohar bateratu bat plazaratu dute, eta begi onez ikusi dituzte azken orduetako gertaerak: «Pozez hartu dugu Trump presidenteak Errusiaren erasoa eta Ukrainako sarraskia amaitzeko eta bake justu eta iraunkor bat lortzeko eginiko ahalegina».
Trumpen eta Zelenskiren arteko bilkurari dagokionez, berriz, Europako liderrek baieztatu dute «prest» daudela Zelenskirekin eta Trumpekin batera lan egiteko hiru aldeko bilera hori egin dadin, Europaren sostenguarekin; are, jakinarazi dute bihar bilera birtual bat egitekoak direla, Zelenski Washingtonera ailegatu baino lehen. Macronek azaldu duenez, bilkura horren helburua da «segurtasun bermeak» zehaztea eta hurrengo pausoak adostea.
Hain zuzen, Zelenskirentzat «garrantzitsua» da Europako liderrak prozesuaren «fase bakoitzean» inplikatuta eta konprometituta egotea, Ukrainak segurtasun berme fidagarriak jaso ditzan. Oraingoz, ordea, elkarrengandik urrun daude Errusiaren eta Europaren nahiak: «Argi daukagu Ukrainak segurtasun berme sendoak izan behar dituela bere subiranotasuna eta lurralde osoa defendatzeko. Ukrainako segurtasun indarrei ez zaie inolako mugarik ezarri behar, ezta Ukrainak beste herrialde batzuekin izan dezakeen lankidetzari ere».
Era berean, adierazi dute Errusiak ezin duela inolako «beto eskubiderik» izan Ukrainak Europako Batasunean edo NATOn sartu nahi izanez gero. Ukrainak formalki eskatua du EBren parte izateko, eta bertako kide izateko prozesuan ari da. «Ukrainari dagokio bere lurraldeari buruzko erabakiak hartzea», gaineratu dute oharrean.