Azkenean bildu dira Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Donald Trump AEBetako presidentea, Alaskan. Orain arteko elkarrizketa saioek ez dute eman, ez, Ukrainako gatazka konpontzeko modurik; negoziazioek aurrera egin dezaten, Anchorage hiriko base militarrean elkartu dira bi presidenteak, aspaldiko partez —Etxe Zurikoaren lehen agintaldian bildu ziren azkenekoz, 2018an—.
Trumpek aste honetan zehar iragarri duenez, Moskuren eta Kieven arteko «lurralde trukea» izango dute hizpide, besteak beste. Gaur, berretsi du horri buruz eztabaidatuko duela Putinekin, Alaskarako hegaldian zihoala, nahiz eta finean ez duten ezer zehaztuko: «Ukrainak erabaki hobea hartuko du, eta ni ez nago hemen haren partez negoziatzeko, ezpada [bi aldeak] mahaiaren bueltan esertzera behartzeko».
Trumpekin hegaldian zihoazen kazetariek erasoaldiez galdetuta, AEBetako presidenteak erantzun du posible dela Putinen asmoa izatea indar erakustaldi bat egitea; «pentsatuko du akordio hobeagoa lortzen lagunduko diola». Baina, egiaz, «kalte egiten dio», haren ustez
Su eten baterako Ukrainak eskatzen dituen segurtasun bermeen inguruan ere galdetu diote Trumpi, ea prest egongo litzatekeen AEBek berme horiek emateko: «Agian, Europarekin eta beste herrialde batzuekin batera. Baina ez NATO [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] bidez». Halaber, argi utzi du ez duela Europako agintarien agindurik jasoko, baina «inplikatuta» egongo direla negoziazioetan. Zera ere esan du sare sozialetan, hizki larriz, ohi duen bezala: «Asko dago jokoan!».
Putin ere Alaskara heldu da, Euskal Herrian 21:00ak inguru zirenean. Geldialdia egin du Errusia ekialdeko Magadan hirian, Bigarren Mundu Gerrako SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eta AEBen arteko lankidetzari eskainitako oroitarria bisitatzeko, besteak beste. Hegazkin pilotu sobietarrak eta estatubatuarrak irudikatzen ditu, AEBek gerra hegazkinak eta bestelako ibilgailuak utzi baitzizkioten SESBi, hango base militarrak erabili ahal izatearen truke. Eskualdeko gobernadorearekin ere bildu da bisita ofizial horretan.
Ikusi gehiago
Bi agintariak euren hegazkinetatik jaitsi, eta Anchorageko aireportuan elkar topo egin dute, zazpi urte geroago. Adeitsu agurtu dute elkar, argazki batzuk egiteko jarri, eta ibilgailu ofizialean joan dira. Kremlinek jakinarazi duenez, Putin eta Trump aurrez aurre arituko dira lehendabizi, bakarrik baina itzultzaileen laguntzarekin; ondoren, bi potentzietako ordezkaritzetako kideak juntatuko zaizkie. Bilera hasi aurretik, Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak esan du bi presidenteen aurrez aurrekoa ez dela egingo, Steve Witkoff Etxe Zuriaren Errusiarako ordezkaria eta Marco Rubio Estatu idazkariak ere parte hartuko duelako bileraren lehen zatian.
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak Errusiako Channel One telebista kateari azaldu dionez, gutxienez sei edo zazpi ordu iraungo du bilerak. Hauexek osatzen dute Errusiako ordezkaritza: Sergei Lavrov Atzerri ministroak, Andrei Belousov Defentsa ministroak, Anton Siluanov Finantza ministroak, Juri Uxakov Putinen Atzerri kontuetako aholkulariak eta Kiril Dmitrievek —Zuzeneko Inbertsioen Errusiako Funtseko zuzendaria da, eta AEBetako Goldman Sachs bankuan aritutakoa—.
Eta beste hauexek, berriz, AEBetakoa: Marco Rubiok, Scott Bessent Altxorreko idazkariak, Howard Lutnick Merkataritza idazkariak, John Ratcliffe CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko zuzendariak eta Susie Wiles Etxe Zuriko kabineteburuak. Gainera, Steve Witkoff —ja bost bider batzartu da Putinekin aurten— eta Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailea ere Alaskan daude.
Ordezkaritza esanguratsua
Kontuan hartzekoa da bai ordezkaritza batean eta bai bestean ekonomiaz arduratzen diren ordezkariak daudela. Trumpek duela hilabete inguru mehatxu egin zion Putini: Ukrainarako su etena sinatu ezean zigor ekonomiko are gehiago ezarriko zizkiola Errusiari. Eman zion epea joan zen astean amaituagatik, AEBetako presidenteak ez zuen bere hitza bete. Trukean, Alaskako topaketa iragarri zuen. Gaur, Alaskara heldu aurretik, Moskuk ondorio ekonomiko «latzak» pairatuko dituela ohartarazi du beste behin, elkarrizketei ekiteko asmoa erakutsi ezean. «Ikusi dut, bai, Errusiako negoziolari asko ekarriko dituela [Putinek] berekin. Gauza ona da hori, negozioa egin nahi dutelako, baina ez dute negoziorik egingo, ez, gerra geratzen dugun arte», erantsi du Trumpek.
Washington eta Mosku elkartuko dira gaur, Kiev bakarrik lagata. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du gonbitik jaso, eta honako hau esan du sare sozialetan bilerari buruz: «Bake justu bateranzko bidea urratu beharko luke, eta fundamentuzko hiruko bilera baterakoa ere bai». AEBez «fio» dela gehitu du. Ukrainako inteligentzia zerbitzuekin bildu da gaur, gerra fronteko egoeraren berri izateko: «Negoziatzen ari diren egunean ere [Errusia] hiltzen ari da».
Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Alaskan da dagoeneko; SESB dioen jertse batekin heldu da ostatu hartuko duen hoteleko atarira. «Argudioak ditugu, eta jarrera argi bezain ulergarria», esan du telebistari egindako adierazpenetan, eta bilerari aurrea ez hartzeko eskatu du, zer gerta ere. Lavroven ministerioko ordezkari batek, ordea, «ekintza simetrikoak» aipatu ditu Tass Errusiako berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean; hots, Putin AEBetara joan den bezala, «espero» dutela Trump Errusiara joatea. Erantsi du bi potentzien arteko harremanak ez duela zertan Ukrainako gatazkaren jirabiran bakarrik garatu.
Erasoak
Ukrainako armadak zenbait eraso egin ditu bart, oharren bidez jakinarazi duenez. Batetik, Errusiako Olia portua bonbardatu du, Kaspiar itsasoan, Iranen ekipamendu militarra jasotzeko «gune logistiko garrantzitsua» dela argudiatuta, eta Port Olya 4 ontziari kalteak egin dizkiotela baieztatu du —ustez droneak hornitzeko munizioa darama—. Bestetik, armadak Errusiako Samara eskualdeko petrolio findegi bati ere eraso egin dio bart.
Errusiako Defentsa Ministerioak jakinarazi du armadak aurrera egin duela Donetsk eskualdean, eta beste bi herri hartu dituela kontrolpean: Stxerbinovka eta Iskra. Horietatik gertu da Pokrovsk hiri estrategikoa.