Kazetaria

Robin Yassin-Kassab: «Al-Assaden erregimeneko kartzeletan eta Estatu Islamikoarenetan antzeko zaintza eta tortura sistemak zeuden»

Yassin-Kassab siriar-eskoziarrak Al-Assad presidentearen ondorengo Siria du ikergai. «Ñabarduren bila ibili naiz». Nabarmendu duenez, herrialdeko egoera batzuk ez daude gobernuaren kontrolpean.

Robin Yassin-Kassab. BERRIA
Robin Yassin-Kassab. BERRIA
2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

The Blood Between Us; Syria After the Fall of Assad du izena Robin Yassin-Kassaben (Londres, 1969) libururik berrienak (Gure arteko odola: Siria Al-Assad erori ondoren), eta gaur egungo eragilerik eta erronkarik handienen «erretratu» gisa aurkeztu du obra. «Batzuei iruditzen zaie gaurko gobernua ez dagoela Estatu Islamikotik bereizterik; beste batzuek, berriz, uste dute gobernua kritikatzea Al-Assad itzul dadila eskatzea dela».

Nola ikusten duzu Siria Eskoziatik?

Maiz joaten naiz Siriara; besteak beste, kide naizen proiektuen bidez. Ziauddin Sardar autore britainiar-pakistandarrak Critical Muslim aldizkaria sortu zuen, eta ikuspegi musulmana ematen die gaur egungo zenbait eztabaidari. Prisons Museum atarian, berriz, Al-Assaden eta Estatu Islamikoaren erregimenek beren kartzeletan egindako krimenak dokumentatzen dituzte. Horko kide gehienak torturatu egin dituzte, espetxe batean edo bestean. Al-Assaden gobernua eta Estatu Islamikoarena ezberdinak ziren erretorikaren aldetik, eta, gainera, bata laikoa zen eta bestea islamikoa, baina, berez, antzekoak zituzten zaintza, atxilotze eta tortura sistemak.

Diozunez, Siriako gaur egungo gobernua ez da iraultzaren emaitza.

Iraultza lehenago zanpatu zuten. Erregimenaren kartzeletan, gutxienez 170.000 lagun torturatu zituzten hiltzeraino; haietako asko sektarismoaren kontrako eta demokraziaren aldeko aktibistak ziren. Beste batzuek ospa egin zuten herrialdetik. Belaunaldi galdu bat da.

Al-Assad erori ondoren, tokiko batzordeak osatu ziren, gizartea antolatzeko. Ez ideologia demokrata bat nagusitu zelako, baizik estatua desagertua zelako. Espero dut hortik zerbait geldituko dela oraindik.

Nolakoa zen Al-Assaden mende bizitzea?

90eko hamarkadan bizi izan nintzen han. Ez zegoen 80ko hamarkadan bezainbesteko beldurrik, orduan elkarren kontrako gerran arituak baitziren erregimena eta Anaia Musulmanak. Gero, ordea, politikan sartzen ez bazinen eta burua makurtzen bazenuen —gehienek egiten zuten bezala—, modua zenuen ondo samar bizitzeko. Hori bai, izugarrikeria urrats bakarrera zeneukan beti.

Egun batean, ezagun baten senarra herrira joan zen lehengusu bat ikustera, hura kartzelatik ateratzekoa baitzen 22 urtez barruan egon eta gero: Anaia Musulmanekin lotua zuten norbaitekin kalean ikusi, eta horregatik atxilotua zuten; egunero torturatu zuten. Txiki-txiki eginda utzi zizkioten bai gorputza eta bai buru barrua. Ez zen gauza ezohikoa: pixka-pixka bat erreparatuz gero, izugarrikeriaren erreinu bat aurkitzen zenuen han, ez atzera ez aurrera.

Gerran, lurraldea banatuta geratu zen zerbitzuen horniketaz arduratzen ziren talde armatuen artean.

Talde bakoitzak bere finantza interesak zeuzkan. Kontrolgune militarrak jartzen zituzten: talde baten jurisdikzioaren mendeko lurralde batetik beste batera hornigaiak, armak edo pertsonak pasatzeko, tasaren bat ordaindu behar izaten zenuen, edo taldekideren bat erosi. Erregimena zure bila bazebilen baina zuk nahikoa ordaintzen bazenuen, orduan bazenuen aukerarik libratzeko.

Baliabide ekonomikoak zeinek eskuratuko borrokatzen ziren askotan talde haiek: Siriako Indar Demokratikoak [kurduak buru] eta Estatu Islamikoa; Siriako Armada Nazionala eta Hayat Tahrir al-Xam [HTS, gaur egungo presidente Ahmed al-Xaraaren gidaritzapean Al-Assad garaitu zuen talde islamista]. Desadostasun ideologikoak zituztelako borrokatzen ziren, bai, baina baita mugengatik eta gasguneengatik ere. Izan ere, zenbat eta diru gehiago eskuratu, orduan eta arma eta borrokalari gehiago eduki zitzaketen.

«Al-Assaden garaian, politikan sartzen ez bazinen eta burua makurtzen bazenuen, modua zenuen ondo samar bizitzeko. Hori bai, izugarrikeria urrats bakarrera zeneukan beti»

Libanoko Hezbollah taldea Al-Assaden alde borrokatu zen.

Libanoren eta Homsen artean dagoen herri batean, Al-Qusair-en, Siriako Armada Libreko milizien aurka borrokatu zen. Hezbollahk modu sektarioan jokatu zuen, xiiten banderak zintzilikatuz suniten meskiten gainean.

Aurrerago, zenbait udalerri setiatzen hasi ziren, erregimenaren politika jakin bati segituz: Al-Assaden kontra zeuden komunitateetan gosea zabaltzeko politikari, hain zuzen. Gaur, batzuek sektariotzat jotzen dituzte siriarrak, zer-eta ez dutelako atsegin Hezbollah; baina hori egitea palestinarrei antisemita izatea egoztea bezala da; palestinarrak ez dira Israelen kontra borrokatzen juduen aurkako arrazoi ideologikoak dituztelako, baizik estatu judu hori palestinarrak hiltzen ari delako, eta haiei herrialdea lapurtzen.

Lehenago, ordea, Hezbollahk ospe ona izan zuen siriarren artean.

2006an, Hezbollahk Israel borrokatu zuen, eta hura Libanotik egotzi. Orduan bai, siriar gehienek oso-oso begi onez ikusten zuten Hezbollah. Esaten zuten Hassan Nasrallah heroi bat zela. Izan ere, hortxe ikusten zuten talde arabiar musulman bat historiaren alde zuzenean, arabiarren eta musulmanen eskubideak defendatzen.

Orduan, ehunka mila libanoar xiitak Sirian hartu zuten babes: han hartu zituzten, baita Al-Qusairren ere. Gero, ordea, gerra krimenak egin zituzten bai Hezbollahk eta bai Sirian Iranen alde zebiltzan beste milizia batzuek, eta, horren ondorioz, askok pentsatu zuten Irango erregimenaren adar bat zela Hezbollah; azken batean, haientzat, Al-Assad tiranoa babestu zuen herrialde bat zen Iran, arabiar munduan asmo inperialista propioa zuena. Hori dena dela medio, gaur egun AEBek eta Iranek duten gatazkari bagagozkio, siriarrek munduaren gainerakoak ez bezalako ikuspegi bat du, ñabarragoa.

«Al-Assadek urteetan iraun zuen boterean, Iranen eta haren miliziei esker eta Errusiari eta haren aireko indarrei esker. Esan daiteke askapen nazionaleko borroka bat izan zela»

Atzerriko borrokalarien laguntzarik ezean, Al-Assadek ez zuen politikan iraungo 2024ra arte.

2016an, Al-Assadek berriz ere Alepo bereganatu zuenean, lurrez borrokan ari zirenen %80 atzerritarrak ziren: Libanotik zetozen, Afganistandik, Pakistandik, Yemendik. Xiitak ziren, eta Irango komandanteak zituzten buru. Gatazka zibiltzat jotzen zen hura, baina, gerraren parte handi batean, siriarrak deliberatuta egon ziren iraultza babestu eta Al-Assad botatzera. Hark, ordea, urteetan iraun zuen boterean, Iranen eta haren miliziei esker eta Errusiari eta haren aireko indarrei esker. Esan daiteke askapen nazionaleko borroka bat izan zela.

Eta HTS agertu zen.

Lehen Jabhat al-Nusrakoak ziren, Al-Qaedarekin lotutako talde salafista eta jihadista batekoak. Haren testuinguru berbera zeukan, adibidez, gerora Estatu Islamikoa bilakatu zen taldeak: hark, nihilismo estremista bat hautatuta, gerra egin zuen, eta bere ideologia inposatu. Bada, ikusita nolako porrotak izan zituen Estatu Islamikoak eta nolako gorrotoa pizten zuen, HTSk beste bide bat hartu zuen. Beste milizia batzuen kontra aritu zen zenbaitetan, baina, oro har, elkarlanean jarduten zuen. Haren mezua zera zen: iraultzaren alde zegoen Siriako gizarte handi haren parte zela, eta prest zegoela gizarteko beste sektore batzuekin lan egiteko.

2018an, boterea hartu zuten Idliben, beste milizia batzuk eta gizarte zibila zanpatuz. Boterean finkatuta, ordea, ireki egin ziren, eta salafistak izateari utzi. Sufiek hobeto ordezkatzen dute gizarteko gehiengo sunita, eta HTSk baimendu egin zien xeke jardutea, otoitzak antolatzea eta hezkuntzan esku hartzea. Musika egiten uzten zioten jendeari, eta ez zeukaten moralaren poliziarik; Salbazioaren Gobernua izeneko erakunde bat sortu zuten, eta onartzen zuten nolabaiteko parte hartze demokratiko bat; eta, horrez gainera, toleratu egiten zuten jendeak Idlibeko HTSko agintarien kontra protesta egitea: ez zieten jende guztia hilez erantzuten protestei, Al-Assadek eta Estatu Islamikoak egingo zuten moduan.

Ikasi egin zuten bidean.

Ezin izango zuten Sirian boterea hartu talde salafista eta jihadistez bestelako erakunde gisa aurkeztu ez balira aurrez siriarren aurrean. Horregatik, 2024an, herri kristau eta ismaeldar batzuek ateak ireki zituzten HTSko errebeldeak pasa zitezen. Hori hala izan ez balitz, askoz ere odol gehiago isuriko zen, zeren jende asko, hilko ote zituzten beldurrez, haien kontra borrokatuko baitzen.

HTS buru duten agintariak bat eginda al daude gaur egun?

Bada alde bat liderren eta behe mailakoen artean. Buruzagiek, hala nola Al-Xaraak eta Atzerri ministro Asaad al-Xaibanik, ulertu dute salafismotik urrundu behar dutela. Siria gobernatu nahi dute; ez dute izan nahi emirerritxo bat gobernatzen duten jihadista batzuk. Beheragoko mailetako asko, berriz, traumatizaturik daude, gogoan baitute nola hil zizkieten gurasoak indarkeriaz edo nola bonbardatu zieten etxea, edo iheslari esparruetan haziak baitira, inguruan sunita zaurituak zituztelarik, eta ez hiri multikulturaletan. Sinetsita daude borroka egin zutela eta Jainkoak, lege islamikoa ezarri nahi duten musulmanak direnez, irabazarazi egin ziela.

Badago talde bat Saraya Ansar al-Sunnah izenekoa, eta, diotenez, hark egin zuen 2025ean Damaskoko San Eliasen elizaren kontrako erasoa, baita gutxiengoen kontrako beste eraso batzuk ere. Eliza hartan 25 kristau hil ziren. Bada, hotsa dabil HTSko borrokalari izandako batzuek eratu dutela taldea; izan ere, antza denez, desengainua hartuta daude, uste baitzuten programa salafista estremista baten alde ari zirela borrokan, baina orain, berriz, iruditzen zaie HTS ez dela ari programa hori indarrean jartzen.

«Buruzagiek, hala nola Al-Xaraak eta Atzerri ministro Asaad al-Xaibanik, ulertu dute salafismotik urrundu behar dutela»


Gaur egun, siriarrek gobernatzen dute Siria?

Oro har, bai. Baina egoera batzuk ez daude gobernuaren kontrolpean. Beharbada, Al-Xaraak Israelen kontra borrokatu nahi luke, baina badaki ezin duela, zeren AEBek, Siriari jarritako zigorrak kentzeko, Al-Xaraa behartu baitute esatera segurtasun akordio bat lortu nahi duela Israelekin.

Mingarria zait As-Suwayda herri drusoaren egoera ere. Harrapatuta daude. Alde batetik, gobernu zentral bat dute, eta bertako borrokalari batzuk sarraskitu egin zituzten 2025ean; oraindik inork ez du barkamenik eskatu, eta ez da gertakari haiengatik justiziarik egin. Beste alde batetik, gerra jaun bat ere badago bertan, Hikmat al-Hajari xekea, eta As-Suwaydan berak bezala pentsatzen ez dutenak kikiltzen eta hiltzen ditu. Programa independentista irreal bat dauka desertuaren erdian dagoen herrixka horrentzat. As-Suwaydako drusoen izenean negoziatzea lortu du Israelek.


Nola lortu justizia trantsizionala, kontuan hartuta boterean dagoena gatazkaren parte izan zela?

Al-Assaden erregimeneko kide izandako batzuk zigortzen ari dira, baina hori ez da justizia trantsizionala. Gerran hautsi egin dira taldeen arteko loturak, eta, gizarteak berriz konfiantza izan dezan, kontuak eman beharra dago. 

Al-Assaden funtzionarioak epaitzen ari badira duela hamar urte egindako krimenengatik, ez da posible aldi berean zigortu gabe uztea iaz drusoak eta alauiak sarraskitu zituztenak. Horiek ere zigortuko balituzte, komunitate jakin horiek sentituko lukete badutela etorkizunik Sirian.

HTSk ere hil, torturatu eta desagerrarazi du jendea. Ez litzateke errealista izango Al-Xaraa kartzelatzea horregatik. Justizia trantsizionala zentzu zabalean ulertuta, uste dut siriar gehienek nahikoa luketela HTSk aitortuko balu zenbait gauza oker egin dituela, eta biktimei konpentsazioa emango balie. Baina ez zait iruditzen halakorik gertatuko denik, eta, prozesu sinesgarririk egiten ez bada, baliteke indarkeria sektarioa hedatzea, askok pentsatuko baitute berek egin behar dutela justizia.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA