Al-Faxerko sarraskiaren eraginez are jende gehiago desplazatu da, eta gosetea zabaltzen ari da Sudanen

Ipar Darfurreko hiriburua hartu ostean, paramilitarrek ekialdera egin dute, eta erasoak areagotu dituzte Ipar Kordofan estatuan. Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzak uste du posible dela Al-Faxerren gizateriaren aurkako krimenak egin izana.

Gerraren ondorioz desplazatutako dozenaka sudandar, Tawilako kanpalekuetara bidean, apirilean. MARWAN MOHAMED / EFE
Gerraren ondorioz desplazatutako dozenaka sudandar, Tawilako kanpalekuetara bidean, apirilean. MARWAN MOHAMED / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko azaroaren 4a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gerraren ondorioz etxea utzi behar izan duten milaka sudandarren bizileku bilakatua zen Al-Faxer hiria. Bada, berriz ere ihesean dira. Ahal izan dutenak behintzat. RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak Ipar Darfur estatuko hiriburua hartu zuen urriaren 26an. Ordura arte herrialdeko armadaren gotorlekua zen horretatik 71.000 pertsonak alde egin dute azken astean, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera. Baina oraindik atera ezinda daude beste milaka herritar. NBE Nazio Batuen Erakundeak salatu du RSFk «ehunka zibil» hil dituela hiri horren aurkako erasoan, indarkeria erabiltzen ari dela oraindik, laguntza humanitarioa blokeatuta duela, eta ez dietela ihes egiten uzten herritarrei. Herrialdeko armadaren arabera, paramilitarrek gutxienez 2.000 lagun hil dituzte Al-Faxerren. Bi urte eta erdi baino gehiago igaro dira Sudango gerra piztu zenetik, eta gosetea zabaltzen ari da, bai setiatutako hirietan, eta bai desplazatuentzako kanpalekuetan.

Paramilitarrek setiatuta eduki dute Al-Faxer azken hemezortzi hilabeteetan. Hura zen Sudango armadaren gotorleku nagusia herrialdearen mendebaldean, Darfur eskualdean. Paramilitarren esku dago eskualde horretako zati handiena, eta orain ekialdera egiten ari dira. Inguratuta dute Al-Obeid hiria, Ipar Kordofan estatuko hiriburua, eta «berehala» hartuko dutela iragarri zuen igandean Dagalo Hemedti RSFko jeneralak, bideo adierazpen batzuetan. Darfur eskualdearen eta Khartum herrialdeko hiriburuaren artean dago Ipar Kordofan. Hain zuzen, armadak martxoan kanporatu zituen paramilitarrak hiriburutik.

Paramilitarrek setiatutako hirietan gosetea zabaltzen ari dela ohartarazi dute IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuaren azken txostenean —atzo argitaratu zuten—. Azterketa horren arabera, gosetea pairatzen ari dira jada Al-Faxerren eta Kaduglin —Hego Kordofan estatutako hiriburua da—; eta horien inguruko guneetan ere areagotu egin da gosetea zabaltzeko arriskua, desplazatuak pilatzen ari baitira. Tawila hirian, esaterako, 650.000 desplazatu baino gehiago daude, IOMk jakinarazi duenez. Al-Faxer hiritik mendebaldera dago Tawila, ehun kilometrora baino gutxiagora. SLM Sudan Askatzeko Mugimenduak kontrolatzen du ingurune hori. SLM ez da posizionatu 2023ko apirilean piztutako gatazkan.

Sarraskiaren testigantzak

RSFk Ipar Darfurreko hiriburuan egindako sarraskien berri eman dute Al-Faxer hiritik Tawilara ihes egindakoek. Iragan astean, Mohamed Refaat IOMren Sudango arduradunak Al-Jazeera hedabideari jakinarazi zion desplazatuak «izututa» iritsi direla. Are,Tawilara ihes egindako zenbaitek Al-Jazeerari esan diote kaleak hildakoz beteta zeudela, eta alde egiten saiatzen zirenei tiro egiten dietela. Adam Yahya da ihes egiterakoan bizi izandakoak azaldu dituztenetako bat: «Metrailadoreekin tiro egiten zieten gizonei, emakumeei eta haurrei. Hau entzun nien: 'Hil guztiak, ez utzi bat bera ere bizirik'».

Bortxatutako emakumeen testigantzak ere jaso dituzte. OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Seif Magangok ostiralean egindako agerraldi batean jakinarazi zuenez, RSFkoek gutxienez 25 emakume bortxatu zituzten Al-Faxerko errefuxiatuentzako kanpaleku batean sartu ostean. Al-Faxerren osasun langileen eta erietxeen aurkako erasoak ere egin dituztela jakinarazi du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Martxan zegoen ospitale bakarraren aurka egindako erasoan, esaterako, gutxienez 460 pertsona hil zituzten.

Testigantza horien harira, Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltza «kezkatuta» agertu da. Atzo zabaldutako ohar baten arabera, «egiaztatzen» bada RSFk Al-Faxerren halako sarraskiak egin izana, baliteke gerra krimentzat eta gizateriaren aurkako krimentzat hartzekoak izatea.

NBEren arabera, «munduko krisi humanitariorik handiena» dute Sudanen. Gutxi gorabehera 51 milioi biztanle daude herrialdean, eta horietatik hamalau milioi inguruk beren bizitokia utzi behar izan dute. Bi urte eta erdian dozenaka mila pertsona hil dituzte Sudanen. Hildakoen kopuru zehatzik ez dago; AEBetako Gobernuaren estimazioen arabera, litekeena dea 150.000 baino gehiago izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.