Alderdi arabiarrak indartuta atera dira Israelgo Legebiltzarrerako bozetatik. Erabakigarriak izango dira Israelgo Gobernuaren eraketan, eta haiek ere jakitun dira. Bi dira ganberako talde arabiarrak: Zerrenda Batua ezkerrezko koalizioa —hiru alderdik osatzen dute, eta hamabi eserleku izango dituzte—, eta Zerrenda Arabiar Batua kontserbadorea —zazpi eserleku izango dituzte—. Aurrenekoen buru Yousef Jabareenek adierazi du ez luketela Gadi Eisenkot buru lukeen gobernu baten parte izan nahi, baina bloke hori bigarren plano batetik babestu dezaketela, Eisenkotek gutxiengoan goberna dezan.
Eisenkotek hauteskunde kanpaina osoa egin du Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroa kargutik kenduko duela esanez. Baina bere blokea inkestek aurreikusten zutena baino urrunago gelditu da gehiengo osorako behar diren 61 diputatuetatik —48 eserleku izango ditu—, eta zenbakiak argigarriak dira: arabiarren babesik gabe ezingo da lehen ministro izan.
Ez da Eisenkotek nahiko lukeen egoera. Azken asteetan kazetariek hainbatetan galdetu diote ea arabiarrekin batera gobernua osatzeko prest legokeen. Ez du esan alderdi arabiarren babesari muzin egingo liokeenik. Hala ere, kanpaina egiten hasi aurretik, hainbatetan egin ditu alderdi arabiarren aurkako adierazpenak. Besteak beste, adierazi izan du ez dutela «baliorik partekatzen» arabiarrekin.
Balizko gobernu horren mahaiaren bigarren hanka lirateke Eisenkoten blokeko gainerako alderdiak. Demokratak dira arabiarrekin batera gobernu bat osatzearen alde dauden bakarrak. Ezkerreko alderdiaren buru Yair Golanek atzo adierazi zuen boto guztiek «berdin» balio dutela, eta ez dagoela etorkizunik arrazismoa atzean utzi ezean. «Ez dugu onartu behar Netanyahuk boto juduen eta boto arabiarren artean egiten duen bereizketa arrazista». Era berean, gaur X sare sozialean salatu du Netanyahu arabiarraren aurkako «deslegitimazio kanpaina itsusi bat» egiten ari dela hauteskundeen emaitzak jakin ostean.
Bloke horretako Elkarrekin eta Yisrael Beteinu alderdietako buruek, ordea, ez dute arabiarrekin batera gobernu bat osatzeko deirik egin.
Bestalde, arabiarren artean, ezkerreko koalizioak argi dauka ezin dutela Eisenkot buru duen balizko gobernu baten parte izan. Izan ere, 2015etik 2019ra Israelgo estatu indarren buru izan zen, eta, oro har, Israelek Gazan, Libanon eta Iranen egindako operazio militarrak babestu ditu azken urteetan. Hala ere, Jabareenek ez du baztertu hura babestea, gutxiengoan goberna dezan. «Netanyahuren gobernua erorarazteko eta, zorte apur batekin, Israelgo egoera politikoa aldatzeko».
Arabiar kontserbadoreen buru Mansur Abassek, berriz, atzo Israelgo zenbait hedabideri esan zien Eisenkot buru duen gobernu baten parte izateko prest daudela. «Zailtasunak gainditu ditzakegula uste dut, eta Eisenkoten blokeko hautesle gehienek gu gobernuan nahi gaituztela». Kontuan hartu behar da 2021ean Abassek Naftali Bennettekin eta Yair Lapidekin ituna egin zuela, eta haren botoak Netanyahu kargutik kentzeko balio izan zuela —aurreneko aldiz sartu zen alderdi arabiar bat Israelgo Gobernu batean—.
«Lapurreta», baztertuta
Netanyahuk botoa emateko epea amaitu aurretik egin zuen larrialdi deia: «Larrialdia! Musulmanen alderdiak hauteslekuak hartzen eta hauteskundeak lapurtzen ari dira». Gero, Netanyahuk Israelgo Poliziari eta Shin Bet barne zerbitzu sekretuari eskatu zien arabiar komunitateetako hauteslekuetan egon zitezkeen «irregulartasunak» ikertzeko.
Bada, Times of Israel eta Ynet egunkariek zabaldu dutenez, Poliziak baztertu egin du akusazio hori. «Ez dago Likud alderdiaren akusazioa babesten duen frogarik. Prozesuaren osotasunari dagokionez, hauteskunde egunean oso gorabehera gutxi izan ziren. Baita aurreko urteetako hauteskundeekin alderatuta ere», adierazi dio Poliziaren gertuko iturri batek Times of Israel kazetari.
Horrekin lotuta, Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultra Itamar Ben Gvirrek eskatu du alderdi arabiarretako buruak atxilotzeko. «Atzerriko finantzaketa» erabiltzea leporatu die X sare sozialean zabaldu duen mezu batean, baina ez du hori erakusten duen frogarik erakutsi. Hala ere, nabarmendu du barne zerbitzu sekretuak gaur bertan atxilotu behar dituela arabiar alderdietako buruak. Oraingoz, Shin Betek ez dio Ben Gvirren eskaerari erantzun.