Blokeoa Israelgo Knessetean. Inkestek aurreikusi bezala, ez Benjamin Netanyahuren blokeak eta ez Gadi Eisenkotenak ez dute gehiengorik lortuko Israelgo Legebiltzarrerako bozetan. Botoen erdiak zenbatu dituzte oraingoz, eta egungo lehen ministroaren alderdia dago buruan, botoen %20,8 bilduta, eta 27 eserleku izango lituzke —botoen %23,4 eskuratu zituen 2022an, eta 32 eserleku—. Eisenkoten Yashar alderdia bigarren indarra izango da, eta, oraingoz, 21 eserleku izango ditu, egungo lehen ministroak lituzkeenak baino sei gutxiago. Hala ere, oposizioaren blokeak espero baino indar gutxiago edukiko duela dirudi. Alderdi arabiarrak giltzarri izango dira gobernua osatzeko.
Netanyahuk agerraldia egin du goizaldean, aurreneko botoak zenbatzen hasi direnean, eta behin betiko emaitzak jakin arte itxaroteko eskatu du. Hala ere, argi utzi du bere helburua zein den: eskuineko gobernu bat osatzea, «alderdi arabiarrik eta antisionistarik gabe». Likud alderdiak Jerusalemen daukan egoitzan hitz egin du egungo lehen ministroak, eta, besteak beste, Irango erregimena izan du ahotan. Adierazi du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearekin batera «borroka» egingo duela «mehatxu» horrekin amaitzeko.
Trumpek mezu bat idatzi du Truth Social bere sare sozialean. Aipatu du bere babesak Netanyahuren «porrot erabakigarria» saihestu duela. Gaineratu du oraingoz blokeoa dagoela, edota Netanyahuk «irabazi» duela: «Dena Trump presidenteak babesa eman ostean gertatu da. Trump presidenteak onena nahi du Ekialde Hurbilarentzat, Israelentzat eta Ameriketako Estatu Batuentzat».
Netanyahuk egin bezala, Eisenkotek bere alderdiaren egoitzan hitz egin du, zaleen aurrean, eta adierazi du bere eskuetan dagoen guztia egingo duela «Netanyahurik gabeko gobernu bat» osatzeko. Adierazi du israeldarrek haren aurka bozkatu dutela, eta «Israelgo herritar guztiak ordezkatuko dituen gobernu sionista bat» osatzen ahaleginduko dela zehaztu du. «Buruzagi duin batek zentsura mozio hau onartuko luke, eta gaur bertan iragarriko luke bizitza politikotik erretiratuko dela», gaineratu zuen Eisenkotek.
Hala ere, botoen erdiak zenbatuta, 55 eserleku edukiko lituzke Netanyahuren blokeak, eta 49 Eisenkotenak. Egunak aurrera egin ahala, espero da Eisenkotenak emaitza hobeak erdietsiko dituela, eta Netanyahurenak, berriz, behera egingo duela zertxobait.
%80Israelgo zenbat soldaduk eman duen botoa legebiltzarrerako bozetan, ehunekotan.
Israelgo armadak jakinarazi duenez, soldaduen ia %80k eman zuten botoa atzo Israelgo Legebiltzarrerako bozetan. Orain dela lau urteko hauteskundeetako datuekin alderatuta, sei puntu gehiago dira. Soldaduek botoa emateko aukera izan zezaten, armadak hautesmahaiak jarri zituen Israelgo baseetan eta Israelgo armadak Libanon, Sirian eta Gazan okupatuta dituen eremuetan.
Botoen erdiak zenbatu dituzten honetan, Netanyahuren blokeak ez du zundaketek aurreikusten zutena bezalako galerarik jasan. Tora Judaismo Batua ultraortodoxoek botoen %6,4 bildu dituzte, eta Itamar Ben Gvirren Otzma Yehudit eta Bezalel Smotrichen Sionismo Erlijiosoa alderdi ultranazionalistek, berriz, botoen %5,8 eta %5,5 bildu dituzte, hurrenez hurren. 2022ko hauteskundeetan elkarrekin aurkeztu ziren, eta 14 eserleku eduki dituzte Knessetean, botoen %10,8 bildu ostean.
Shas alderdi ultraortodoxoak jasango du galera nabariena. 2022an botoen %8,4 bildu zituen, eta hiru puntu inguru gutxiago lituzke orain: %5,7.
Alderdi arabiarrak erabakigarriak izango dira hurrengo agintaldian. Gogorarazi behar da Hauteskunde Batzorde Zentralak galarazi egin ziela bi alderdi arabiarrei hauteskunde hauetan parte hartzea, baina hil hasieran baliorik gabe utzi zuela erabaki hori Israelgo Gorte Gorenak. Ezein blokek ez du negoziatu nahi alderdi arabiarrekin, baina haiek edukiko dute giltza gobernu aldaketa bermatzeko. Behin-behineko emaitzen arabera, 16 eserleku izango dituzte. Alegia, ia bikoiztu egin dituzte orain dela lau urteko emaitzak.
Gaur-gaurkoz, Zerrenda Batua koalizio ezkertiarrak hamabi eserleku inguru lortuko ditu, eta Zerrenda Arabiar Batua alderdi kontserbadoreak, berriz, lau. Haien babesa edo abstentzioa ezinbestekoa izango da Eisenkotentzat. Hala ere, Mansour Abass Zerrenda Arabiar Batuaren buruak azken orduetan adierazi du, Yasharren deia jasotzeaz gain, Netanyahuren Likud alderdiaren deia ere jaso dutela.
Eisenkoten blokeari dagokionez, Naftali Bennetten eta Yair Lapiden Elkarrekin eskuineko koalizioa laugarren indarra litzateke. Botoen %9 lortuko lituzke, eta parlamentuan 11 eserleku izango lituzke. Demokratek ere bederatzi eserleku lortuko lituzkete Knessetean, eta Yisrael Beiteinnek, berriz, zortzi.
Parte hartzea 1999tik erregistratutako handiena izan da. Hauteslekuak ixterakoan, %77,3koa zen Hauteskunde Batzorde Zentralak jakinarazi zuenez; aurreko hauteskundeetan baino 7 puntu gehiago, alegia. Hauteslekuak 22:00etan itxi zituzten, Euskal Herrian 21:00ak zirenean. Netanyahuk epemuga hori zertxobait luzatzeko eskatu zuen, nahiz eta ez zuen zehaztu eskaeraren zergatia. Hauteskunde Batzorde Zentralak, hala ere, ez zion jaramonik egin, arrazoituz ez zegoela horretarako arrazoirik.