Bartzelona

Alkate sozialista izango du Bartzelonak

Comukoek azken orduan iragarri dute babesa emango diotela PSCko Jaume Collboniri, nahiz eta alderdia udal gobernutik at geratu. PPk ere babestu du zerrendaburu sozialista, agintaldiak irauten duen bitartean Comukoekin akordiorik ez egitearen truke.

Jaume Collboni sozialista, gaur, kargua hartzeko unean, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko ekainaren 17a
17:49
Entzun

Dena erabakita zegoela zirudienean, irauli egin da Bartzelonako testuinguru politikoa. En Comu Podemekoen eskutik heldu da ezustekoa, iragarri dutenean PSCko alkategai Jaume Collboniren alde bozkatuko dutela, nahiz eta udal gobernutik kanpo geratu. Ada Colau buru duen alderdiak jakinarazi du komunikatu batean erabakia euren kabuz hartu dutela, sozialistekin eta PPrekin hitz egin gabe. Idatzian jasotzen denez, «eztabaida askoren ostean» hartu dute erabakia, baina argia da haren helburua: «Eskuineko sektoreen aldeko politikak egingo lituzkeen eta lobby-ei ateak zabalduko lizkiekeen Juntsen gobernu bat eragoztea». Hala, oposizioan jarraituko du Comuk, edo horretarako borondatea agertu du behintzat Colauren alderdiak.

Dena ez da, baina, borondate ona izan, sozialisten jarrera ere kritikatu dute Comukoek, ez direlako «gai izan» ERCrekin eta eurekin ezkerreko gobernu bat osatzeko. «Penagarrria da mugimendu bakar bat ere egin ez izana ezkerreko indarren arteko akordioa bat lotzeko, eta, aldiz, hamar zinegotzirekin, gutxiengoan agintzeko prest egotea», idatzi dute komunikatuan. Hala ere, alderdiak ez du baztertzen ezkerrekoen arteko akordioa hori posible izatea etorkizunean, «Bartzelonak behar dituen politika publikoak egin ahal izateko».

Colauk berak, ordea, ohartarazi du «pozoitutako oparia» dela Comukoena, ezinezkoa delako hamar zinegotzirekin gobernatzea, eta, beraz, akordioak egin beharko dituela PSCk. Bide batez, esan du sozialistek PPrekin hiruko akordio bat egitea proposatu zietela atzo, baina uko egin ziotela beraiek: «Ez dugu uste hori denik gauzak egiteko modua». Colauk berretsi du eurena ez dela izan independentisten aurkako botoa, eta ez dutela Collboni «gustuz» babestu, «kalterik txikiena» egingo zuen aukera zelako baizik.

Baina, Collbonik ez zuen aski Comukoen babesarekin gehiengo osoa lortzeko, PPrena ere beharrezkoa zuen. Alderdi Popularrak ez du berehala erantzun. Kargu hartze ekitaldirako minutu gutxi batzuk geratzen zirenean jakinarazi dute erabakia, alegia, baietz, PSCren alde bozkatuko dutela, baldin eta Collbonik «hitza» ematen badu, ez diola Comuri udal gobernuan sartzeko gonbitarik egingo agintaldiak irauten duen bitartean. PSCren erantzuna baino lehen heldu da Comukoena; baietz haiek ere, onartzen dituztela baldintzak.

Eskerrak eman dizkie Collbonik bera babestu dutenei, eta hitzeman du «guztien alkate» izango dela. Gogorarazi du, bide batez, «zilegitasun osoz» egiten duela karguaren zina, eta «alde guztiek» errespetatu beharko dutela hori. Hala, datozen lau urteetako erronken artean nabarmendu du «herritarrek bozetan eskatutakoari leial» jokatzea eta kultura «nortasun ikur» bilakatzea.

Azken orduko aldaketek atzeratu egin dute udal osaketarako bozketa. Arratsaldeko 17:00etarako jarrita zuten hitzordua, baina ezinegona eta urduritasuna ziren ordu horretan oraindik Bartzelonan. Aldiz, aurpegi zurbilak eta haserrea ziren nagusi JxC Junts per Catalunyako eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyako hautetsien artean. Ez da gutxiagorako, atzo arte JxCko zerrendaburu Xavier Triasek ziurtzat jotzen baitzuen Bartzelonako alkatetzat, ERCrekin akordioa itxi ostean.

Udala utziko du Triasek

Udal gobernua osatzeko saioa hasi ostean ere, ez zegoen oraindik argi zer gertatuko zen Bartzelonako alkatetzarekin. Juntseko hautetsiak eta Trias bera izan dira Salo de Cent aretoan sartzen lehenak, eta txalo artean jaso dituzte bertan bildutakoek. Txalo hots gutxiagorekin jaso dituzte Collboni eta hautetsi sozialistak, eta txistu hotsak entzun behar izan dituzte Comukoek. Aldiz, isiltasuna izan da nagusi PPko lau hautetsiak eta Voxeko biak sartu direnean.

Haserre agertu da Trias ere, eta iragarri du uko egingo diola hautetsi karguari: «Daukadan adinarekin, 76 urte, ez zait axola aukeratua ez izatea. Zoazte guztiok popatik hartzera! Kontzientzia lasai dudala joango naiz etxera, ez beste batzuek bezala. Gaizki egin duzue». JxCko alkategaiak gogorarazi du hirugarren aldia dela alderdien arteko akordio baten ondorioz bera kaltetuta irteten dena, baina onartu du «demokrazia garaian, irabazten eta galtzen jakin beharra» dagoela. Hala, eskerrak eman dizkio ERCko zerrendaburu Ernest Maragalli jasotako babesagatik; aldiz, gezurretan aritzea egotzi die Collboniri eta Colauri, eta salatu du Bartzelonak «alkate independentista bat izatea» izan dela eragotzi nahi izan dutena.

«Boterearen izenean, guztia onartzeko prest egotea» egotzi die sozialistei Maragallek, eta ohartarazi du herritarrek ez dutela «barkatuko». Udal eta erkidegoetarako bozetan Bartzelonarako alkategai izandakoak nabarmendu du Collboniren gobernuak ez duela «erraza» izango: «Herritarrek ez dute ikuskizun hau barkatuko. Euren burua aurrerakoi eta iraultzailetzat dituztenek euren buruak gezurtatzen dituzte boterearen izenean. Denak balio du haientzat».

Kalean, Sant Jaume plazarako bidean, Triasn jarraitzaileen oihuei egin behar izan die aurre Collbonik. Horiek «kanpora», «independentzia» eta «Trias» oihukatuz egin diote harrera Bartzelonako alkate berriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.