Gizatalde baten suntsiketa sistematikoa eta berariazkoa da genozidioa. Hala, azken urteetan, aditu askok genozidiotzat jo dute Israelek Gazan egindako sarraskia. Hilketa masiboak eta lehengaien gabezia aipatu dituzte, besteak beste, jarrera hori justifikatzeko. Baina gizatalde bat suntsitzeko beste modu bat ere badago: haurdun dauden edo egon litezkeen emakumeak jomugan jartzea, gizataldeak ondorengoak izan ez ditzan. AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak gaur salatu duenez, Israel hori ere egiten ari da Gazan.
Existitzeko baldintzarik ez: emakumeak eta neskak, eta Israelek Gazako palestinarren aurka egiten duen genozidioaren genero dimentsioak deituriko txostenean adierazi du hori AIk. Bertan, ohartarazi du Israelen erasoek eta blokeoek «emakumeen gorputzak, osasuna eta etorkizuna» suntsitzen dituztela, eta orain arte gutxi aztertu den gai batean jarri du fokua: emakumeen ugaltzea ekiditeko ahaleginean.
Txostenaren arabera, Israelek neurriak ezarri ditu «Gazako palestinarren jaiotzak eragozteko», eta horren inguruko ikerketa egiteko eskatu du AIk. Erakundeak ez du ondorioztatu neurri horiek jaiotzak eragozteko asmoz ezarri direnik, baina uste du Israelen ekintzek asmo hori iradokitzen duela. Hala, amatasuna sarraskiaren jomugan jartzea «genozidioaren beste ekintza bat» izan daitekeela argudiatu du GKEak.
Genozidio Delitua Prebenitu eta Zigortzeko Konbentzioak, izan ere, genozidioa egiteko ekintzen artean jasotzen du «gizatalde baten jaiotzak eragozteko neurriak ezartzea».
AIk, hain zuzen, adierazi du Israelen erasoek eta merkantzien sarrerari ezarritako blokeoek Gazako amatasun zerbitzuak dasagerrarazi dituztela, sendagaiak eta osasun materiala eskuratzea eragotzi dutela, eta ugalkortasun tratamenduetarako sarbidea ukatu dutela. Horren ondorioz, «saihestu zitezkeen jaioberrien edo amen heriotzak, eta haur galtzeak» gertatu dira.
Hortaz, erakundeak ohartarazi du osasun sistemaren suntsiketak «bereziki gogor» jo dituela haurdun dauden emakumeak eta jaioberriak. Txostenaren arabera, ospitaleen %90 baino gehiago suntsituta edo partzialki funtzionatzen ari dira, eta oraindik erabili daitezkeen amatasun zerbitzuak gainezka daude: «Emakumeek oheak partekatu behar dituzte, edo lurrean erditu». Osasun langileek, gainera, erditzeak argindarrik, anestesia nahikorik eta esterilizazio egokirik gabe egin behar izan dituztela azaldu diote erakundeari.
Ospitaleetatik harago
GKEak salatu du Gazako umeen jaiotza ekiditen duten kalteak ez direla eraso zuzenetara mugatzen. Lekualdatze behartuak, elikagai eskasia eta kanpadendetan bizitzeak «muturreko baldintzak» eragiten dituztela salatu du, eta hortaz, emakumeek gero eta zailtasun handiagoak dituztela «beren ugalketa osasuna eta erabakitzeko gaitasuna bermatzeko».
Amal Siyam Gazako Emakumeen Gaietarako Zentroko zuzendariak adierazi du milioi bat emakumek baino gehiagok premiazko laguntza behar dutela, eta higiene pertsonalerako produktuak eta ura eskuratzea zaila dela.
Horiek horrela, Siyamek zera adierazi du: «Gazako edozein emakumeri etorkizunaz galdetuz gero, hau erantzungo dizu: ‘zer etorkizun’». Hala, erakundearen salaketaren arabera, emakumeen ugaltzeko gaitasuna urratzea ez da soilik gaur egungo bizitzen aurkako erasoa: Gazako palestinarren etorkizuna ere arriskuan jartzen du.