«Hala eta guztiz ere, gizakiaren onberatasunean sinesten dut». Bergens-Belsengo (Alemania) kontzentrazio esparruan hil baino zazpi hilabete lehenago, 1944ko uztailaren 15ean, esaldi hori idatzi zuen Anna Frankek azken urteetan bidelagun izan zuen egunerokoan. «Bizitza bat salbatzen duenak mundu osoa salbatzen du». Hala dio Ben Kingsley aktoreak Schindler’s List filmeko (1993) pasarte batean, Anna Frank judua hil eta 49 urtera. Film horren zuzendari Steven Spielbergek —judua, hura ere— Oscar sarietan zuzendaririk onenaren saria irabazi eta 21 urte geroago, Anas al-Xarif Al-Jazeerako kazetariak bere sorterriaren askapenerako zubi izateko eskatu zion nazioarteari, hil aurretik sare sozialetan zabaldutako mezu batean: «Galdutako lurrak duintasunak eta askatasunak argiztatzen dituzten arte».
Israelek abuztuaren 10ean hil zuen Al-Xarif, eta harekin batera akabatu zituen beste bost kazetari ere, Gaza hiriko Al-Xifa ospitalearen kanpoaldean hala moduz jarritako kanpadendetan atseden hartzen ari zirela. 2023ko urriaren 7az geroztik, zerrendan 66.200 pertsona hil ditu Israelek modu batera edo bestera; sarekadetan, bonbardaketetan, janaria banatzeko guneetan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren arabera, hilketa horiek guztiek badute oinarri, justifikazio eta helburu bat, ordea.
Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana badu ere, ia ordubetez hitz egin zuen duela astebete pasa New Yorken (AEB), NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran. Agerraldi horretan, argi esan zuen: «Lan zikina egiten ari da Israel»; eta iradoki zuen Hamasek Europaren aurka ere egin zezakeela urriaren 7ko eraso hura, eta gogorazi oraindik ere Palestinako erakunde islamistaren esku daudela 49 gatibu. Bere egin zituen haren aliatu nagusi eta AEBetako presidente Donald Trumpen tonua eta erretorika, eta QR bat jantzi zuen paparrean, hitzaldia entzuten ari zirenek Hamasek duela bi urte egindako «basakeriak» ikus zitzaten.
Victor Hugo idazlearen hitzetan, parekoa konbentzitzea da egiaz irabaztea; hots, beste norbaiten iritzian eragiteko gai izatea. Eta horixe izan zen Netanyahuk emandako hitzaldia: Israel Gazan egiten ari den genozidioak zentzurik baduela sinetsarazteko saiakera bat. Aurten, zerrendan pairatzen ari diren basakeriaren bigarren urteurrenak bat egin du NBEren sorreraren eta Bigarren Mundu Gerraren amaieraren 80. urteurrenarekin. Orduan ez bezala, mundua zuzenean ikusten ari da Gazan zer gertatzen den; hortaz, ikusi beharko da 80 urte barru Al-Xarifen azken hitzek Oscarrik irabazten ote duten.