Ane irazabal

Aitona-amonak naziak izan balira?

2026ko ekainaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Historiak erakutsi digu aginduak betetzeko prest egon ez diren gizabanakoek aldatu dutela gizateriaren norabidea. Alegia, desobedientzia egin duten emakumezkoek eta gizonezkoek, kasu askotan anonimoek, suntsiezinak ziruditen kateak apurtu dituzte eta etorkizuneko belaunaldiei bidea ireki diete.

Hain zuzen, egun hauetan, gai horretaz hausnartzen ari dira Alemanian. Izan ere, laurogei urte atzera egin, eta, nazismoaren garaian, artaldetik atera zen gizon batek XX. mendeko artxiborik garrantzitsuenetako bat gorde zuen bere bulegoan. Hanns Hubber Municheko paper fabrikaren burua zen erregimen naziak Alemaniako Alderdi Nazionalsozialistako afiliazioaren inguruko hamabi milioi fitxategi suntsitzeko agindu zionean. Bigarren Mundu Gerraren azken fasean, presa bidelagun, dokumentuak etengabe deuseztatzeari ekin zioten naziek. Edo saiatu, behintzat. Hubberrek, ostera, ez zuen suntsitu artxiboa.

Gerokoa luze eta sakon kontatu da historia liburuetan. Naziek gerra galdu zuten eta artxiboa AEB Ameriketako Estatu Batuetako armadaren esku geratu zen. Dena den, deigarriena da 2026ra arte dokumentu horiek ez direla digitalizatu; eta, horrek aukera eman du Alemaniako hainbat hedabidek datu base antzeko bat sortzeko.

Ezin dira maila berean jarri aitona-amona kuttunek Hitler segitzen zutela jakitea eta inoiz ezagutu ez duzun birraitona edo birramona nazia zela deskubritzea

Ildo horretatik, Dei Zeit egunkariak bilatzaile azkarra diseinatu du. Familiaren abizena idaztea besterik ez dago jakiteko aitona-amonek, edo birraitona eta birramonek, alderdi naziaren karneta izan zuten ala ez. Estatistikoki, aukera handiak dituzte; izan ere, Alderdi Nazionalsozialista hamar milioi afiliatu baino gehiago izatera iritsi zen.

Orduz geroztik, esan beharrik ez dago, bilatzailearen webgunea behin baino gehiagotan kolapsatu da; hots, alemaniarrek beren iragana ezagutu nahi dute. Askok irizten diote familian tabua gainditzeko garaia iritsi dela, hein handi batean, lotsaren ondorioz, gezurrak kontatu dizkietelako. Halaber, hamarkadek aurrera egin ahala, belaunaldi gazteek ez dute iraganean arakatzeko beldurrik. Historialariek denborari egozten diote aldaketa hori; ezin baitira maila berean jarri aitona-amona kuttunek Hitler segitzen zutela jakitea eta inoiz ezagutu ez duzun birraitona edo birramona nazia zela deskubritzea. Denborarekin, atxikimendu emozionala hoztu egiten da. Ez da hain mingarria.

Nolanahi ere, alemaniarrentzat gai sentikorra eta deserosoa izaten jarraitzen du; eta herritar gutxik erabakitzen dute auzian gehiago sakontzea eta Alemaniako Artxibo Federalean gehiago arakatzea. Batzuek nahikoa dute aurreko belaunaldiek «gehiengo isila» ordezkatu zutela aitortzearekin, egungo miseriei begiratu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE