Ane irazabal

Alemania, estatu poliziala?

2025eko urriaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nazio Batuen Erakundeko adituen batzordeak ez du zalantzarik. Alemaniako Polizia neurri gabeko indarkeria erabiltzen ari da Palestinaren aldeko manifestazioetan, eta elkartasun palestinarraren kriminalizazioa amaitzeko eskatu dio. «Kezkatuta gaude Palestinarekin elkartasuna erakusteko mobilizazioetan Polizia erakusten ari den errepresioarekin», adierazi dute, eta nabarmendu, gainera, 2023ko urritik traba eta zigorrek gora egin dutela.

Palestinaren aldeko mugimenduek hilabeteak daramatzate Alemaniako Poliziaren indarkeria eta «traba burokratikoak» salatzen. 2025eko otsailetik aurrera, manifestazioetan arabierazko leloak debekatuta daude (alemanez eta ingelesez bakarrik baimentzen dira) eta «From the river to the sea» esaldia ere legez kanpokotzat hartzen da. Berlingo agintarientzat, leloa antisemita da, eta protesta askotan protestariak sakabanatzea ekarri du. Atxiloketak eta bortxakeria eguneroko kontu bilakatu dira Gazako genozidioa salatzeko antolatu ohi diren protestetan. Berlinen kasuan, Europa mailako komunitate palestinarrik handienetakoa du, eta mobilizazio gaitasun handia erakutsi du.

Alemaniako Poliziak muturreko metodoak erabili ditu palestinarrekin elkartasuna adierazten duten manifestazioen aurka, astero biltzen diren talde neonaziekin erabiltzen ez duen errepresioa aplikatuz.

Nolanahi ere, Alemaniako Poliziak muturreko metodoak erabili ditu palestinarrekin elkartasuna adierazten duten manifestazioen aurka, astero biltzen diren talde neonaziekin erabiltzen ez duen errepresioa aplikatuz. Baina ez hori bakarrik. Berlinen bizi ziren nazioarteko lau herritar, tartean estatubatuar bat, kanporatuak izan dira, eta bi urtez Schengen eremuan sartzea debekatu diete. Hori hala, indarkeria sistematikoa ez da oharkabean pasatu, eta Michael O’Flaherty Giza Eskubideen Europako komisarioak gutun bat bidali dio Alemaniako Barne ministro Alexander Dobrindti, «proportzionaltasun printzipioak» betetzeko eskatuz. Kaleetatik kanpo ere debekuak ugaritzen ari dira. Iazko martxoan, adibidez, Buchenwaldeko memorialaren zuzendaritzak erabaki zuen kufija daramaten bisitariei sarbidea debekatzea. Nolabait, Buchenwaldeko ordezkarien arabera, kufija eramatea Holokaustoaren negazionista izatearen parekoa da.

(ID_15378884) GERMANY ISRAEL PALESTINE GAZA
Alemaniako Polizia Palestinaren aldeko ekintzaile bat atxilotzen Berlinen, urriaren 2an. CLEMENS BILAN / EFE 

Baina agintarien debekuek eta Poliziaren errepresioak talka egiten dute Alemaniako iritzi publikoaren gogo aldartearekin. YouGovek publikatutako azken inkestaren arabera, bozkatzeko ahalmena duten alemaniarren artean, batez beste bost herritarretik hiruk uste dute Israelek Gazan genozidioa egin duela. Sozialdemokratei botoa ematen dietenen kasuan, %71koa da portzentajea, CDUko kontserbadoreen alde egiten dutenen artean %60koa, eta Die Linke ezkerraren hautesleen artean %79koa. Ultraeskuinari bozkatzen diotenek ere (%56 inguruk) iritzi bera dute. Boto emaile guztien artean, erdiak baino gehiago Israeli zigorrak ezartzearen alde egongo lirateke, gainera. Ordea, hedabideetan, ordezkari politikoen adierazpenetan eta segurtasun indarren jarreran justu kontrakoa islatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.