Ane irazabal

Alemania, irailera begira

2026ko abuztuaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alemaniako hainbat txokotan hauteskunde kanpaina betean daude abuztuan. Hain justu, herritarrak oporretara joan eta Berlingo kaleak turistaz betetzen direnean, farola eta zutabe gehienak askorentzat ezezagunak diren hautagaien kartelez josita daude. Hain zuzen ere, irailean bozak egingo dituzte hiru estatu federatutan; alegia, Saxonia-Anhalt, Berlin eta Mecklenburg-Aurrepomerania landerretan; denak ekialdean. 

Lehen zita Saxonia-Anhalten izango da, irailaren 6an, eta inkestek dagoeneko gehiengo absolutua aurreikusten dute AfD Alemaniarentzako Alternatibarentzat. Bestela esanda, botoen %40 gainditu litzake ultraeskuinak, eta horrek bakarrik gobernatzeko aukera emango lioke. Horregatik, Saxonia-Anhalteko hauteskundeak inflexio puntu bat bihurtu daitezke Alemaniako politikan; izan ere, lehen aldiz, eskuin muturrak boterea eskuratuko luke lander edo estatu federatu batean.

Berlingo Ordezkarien Ganberarako bozetako hautagaien kartelak, Alemaniako hiriburuan, abuztuaren hasieran. CLEMENS BILAN / EFE
Berlingo Ordezkarien Ganberarako bozetako hautagaien kartelak, Alemaniako hiriburuan, abuztuaren hasieran. CLEMENS BILAN / EFE

Gauzak horrela, CDUko demokristauen artean badago gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari den korronte bat; hots, eskuin muturrarekin hitz egitea eta negoziatzea nahitaezkoa dela uste dutenena. Korronte hori CDUk Bundestagen duen taldearen buru ohiak, Jens Spahnek, ordezkatu du orain arte. Baina haurdunaldi subrogatuaren bidez aita izan dela iragarri ostean, dimisioa eman behar izan du. Beste aldean, berriz, Friedrich Merz kantzilerrak zera irizten dio: negoziazioaren ateak itxita daudela AfDrentzat, eta beharrezkoa den guztia egingo duela eskuin muturra boterera irits ez dadin; baina ekialdeko estatuetan geldiezina dirudi alderdiaren gorakadak.

Testuinguru horretan, bigarren hauteskunde egun nagusia irailaren 20an izango da; izan ere, orduan bozkatuko dute Berlinen eta Mecklenburg-Aurrepomeranian. Alemaniako hiriburuaren kasuan, inkestek garailetzat jotzen dute Die Linke ezkerreko alderdia. Bere hautagaia Elif Eralp da, eta Zohran Mamdani du inspirazio nagusitzat. Eralpen gurasoak turkiarrak dira, eta 1980ko estatu kolpearen ostean iritsi ziren Alemaniara. Die Linkeren hautagaiak Berdeekin eta sozialdemokratekin batera gobernatu nahiko luke hiriburuan.

Edonola ere, irailean egingo diren hiru hauteskundetan inkestek porrot handia aurreikusten dute SPD alderdi sozialdemokratarentzat. Datu gehienen arabera, sozialdemokratak hamar puntu jaitsiko lirateke batez beste hiru landerretan, eta Berlinen, adibidez, eskuin muturraren atzetik geratuko lirateke. SPDren barruan ere badago korronte bat uste duena CDUrekin Koalizio Handia delakoan gobernatzeak kalte egin diola, eta sozialdemokratek oposiziora itzultzeko eta berrantolatzeko beharra daukatela. Halere, gobernu krisirik ez da antzematen zerumugan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA