Ane irazabal

Antisemitismoaren mamua Alemanian

2026ko urriaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berlingo hauteskundeek antisemitismoaren inguruko eztabaida mahaigaineratu dute. Die Linkeren garaipenaren ostean, askok antisemitatzat jo dute ezkerreko alderdi hori. Eztabaidaren erdian daude hauteskunde kanpainan hip-hop abeslari batek intifadaren alde egin zituen adierazpenak, eta hauteskunde gauean Remmo talde kriminaleko kide bat alderdiaren egoitzara joan izana. Elif Eralp hauteskundeen irabazleak akusazio guztiak arbuiatu ditu, baina Alemaniako Juduen Kontseilu Zentralak Berdeei eta sozialdemokratei ohartarazi die Die Linkerekin koaliziorik ez egiteko; batzordearen ustez, ezkerraren gobernuak hiriburuko judu bizitza arriskuan jarriko luke eta.

Horiek horrela, 150 judu berlindarrek gutun bat argitaratu dute Die Linkeren aurkako salaketak «manipulazio politiko ziniko bat» direla esanez. Sinatzaileen artean daude Deborah Feldman eta Eva Menasse idazleak. Gutunaren egileek gogorarazi dute Kontseilu Zentralak ez duela Alemaniako juduen artean dagoen aniztasuna ordezkatzen, eta ez dela zilegi batzorde horrek judu guztien izenean hitz egitea. Halere, hainbat hedabidek «juduak gorrotatzen dituzten judu» gisa definitu dituzte gutunaren sinatzaileak.

(ID_16465639) GERMANY ELECTIONS
Elif Eralp Die Linkeren Berlingo burua —erdian— irailaren 20an, bozak irabazi zituztela ospatzen. CHRISTOPH RUTENKOLK / EFE

Iaz, Alemaniako Poliziak 6.548 delitu antisemita erregistratu zituen, estatistikak daudenetik jaso den kopururik handiena. Poliziaren Kriminalitate Bulego Federalaren arabera, %47 eskuin muturrari egotzi zitzaizkion, %35 atzerriko ideologiari —Ekialde Hurbileko egoerari lotutako delituak biltzen dituen kategoria—, eta %9 estremismo erlijiosoari.

Azken urteetan, antisemitismoaren inguruko berezko definizioa egin du Alemaniak. 2008an, Angela Merkelek Knesseten hitz egin zuen, eta bertan nabarmendu Israelen segurtasuna dela Alemaniaren estatu arrazoiaren zati bat. 2019an, berriz, Bundestagek Israelen aurkako BDS kanpaina (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) antisemitatzat jo zuen, baina, aldi berean, argi zehaztu zuen Israelgo Gobernuaren aurkako adierazpenak egitea ez dela antisemitismoa. Praktikan, ordea, dena sartzen da zaku berean; hots, Israelen existentziaren aurka daudenak, Netanyahuren gobernua kritikatzen dutenak eta Gazako sarraskia salatzeko genozidioa hitza erabiltzera ausartu direnak.

Edonola ere, antisemitismoaren muinean dagoen ideia —alegia, judua atzerritar gisa antzemateko ikuskera— oso errotuta dago alemaniar askoren subkontzientean. Duela gutxi, Friedrich Merz kantzilerrak zera adierazi zuen: «Antisemitismoa da atzerritarren kontrako gorrotoaren eredurik maltzurrena». Merzek ez zituen bere adierazpenak zehaztu, baina alemaniarrak eta juduak bereizi zituen; bestela esanda, ez zen bere antisemitismoaz jabetu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA