Igor Susaeta.

Arrazoiak ematen

2025eko abenduaren 5a
17:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Agintari politikoek jendaurrean gauza bat esaten dutela eta gela baten barruan kontrakoa egiten dutela esatea ariketa nahiko ohikoa da herritarren artean. Politikariak kexatu egiten dira seriotasun, sinesgarritasun edo sendotasun gabezia hori leporatzen dietenean, baina horretarako motiboak ematen dituzte beren jardunean.

Der Spiegel Alemaniako astekariak Volodimir Zelenskiren, Mark Rutte NATOko idazkari nagusiaren eta Europako potentzietako liderren arteko elkarrizketa baten transkripzioa kaleratu du, filtrazio baten bidez. Diplomaziaren protokolo arauetatik harago joanez Donald Trumpi publikoki koipea ematen dioten horiek beraiek ohartarazten diote Ukrainako presidenteari tentuz ibiltzeko Etxe Zuriko maizterrarekin, ez fidatzeko; ezta haren ordezkari Steve Witkoffekin eta Jared Kushnerrekin ere. «Jolasean ari dira; bai zurekin, bai gurekin»; esan zion Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak Zelenskiri.

Merzen bozeramaile bati galdetu dio Politico hedabideak ea modu horretan hitz egin ote zuten telefono dei horretan. Ez du ez ukatu, ez baieztatu. Halakoak irakurrita, eta logika bera aplikatuz, Errusiak berak eska diezaioke Trumpi ez fidatzeko europarrez. Negoziazio batzuetan gertatutako gorabeheratzat ere har daiteke hori guztia, dena den.

Emmanuel Macronek ere parte hartu zuen dei horretan. Ukatu egin du AEBek Ukrainari «traizio» egin diezaioketela esan izana. Ordea, zilegi litzateke pentsatzea ez duela egia esan; bide batez, herritarren praktika hori elikatzeko arrazoi bat eman du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.