Gaurtik aurrera, Australiako milioika nerabek ez dute sarbiderik ez Facebookera, ez Instagramera, ezta Tiktokera ere. Izan ere, indarrean sartu da Australiako Parlamentuak iaz onartutako lege bat, zeinaren arabera 16 urtetik beherakoek debekatua duten sare sozialak erabiltzea. Australiako Gobernuak berak jakinarazi du sare sozialak kudeatzen dituzten plataformekin harremanetan jarri dela gaur, jakiteko zenbat kontu utzi dituzten zerbitzuz kanpo. 16 urtetik beherako 2,6 milioi nerabe bizi dira Australian. Beste inon ez da gisa horretako neurrik hartu.
Legeak zera exijitzen die Facebook, Instagram, Threads, Tiktok, Youtube, Snapchat, X, Reddit, Discord eta Kick sare sozial eta plataformei, erakuts dezatela «arrazoizko neurriak» hartu dituztela baimendutako adinetik beherakoen kontuak identifikatzeko eta indargabetzeko.Â
X sare sozialak izan ezik, gainontzeko plataformek jakinarazi dute legeak eskatutakoa beteko dutela. Legearen testuan jasotzen denez, araua betetzen ez duten plataformei isunak ezarri ahal izango dizkiete, 49,5 milioi dolar australiar arterainokoak —28,5 milioi euro—. Anika Wells Komunikazio ministroak ABC telebista katean emandako elkarrizketa batean esan duenez, hilero «kontrolatuko» dute ea plataformak legea betetzen ari ote diren.Â
Ikusi gehiago
Gobernuak berak proposatu zuen neurria, nerabeekin lan egiten duten hainbat adituren eta erakunderen iritzia bildu eta gero. Australiako Segurtasun Elektronikoaren Bulegoko buru Julie Inman-Grant izan da prozesua gainbegiratu duenetako bat, eta Linkedin plataforman gaur adierazi duenez, adingabeek sare sozialen plataformetarako erabateko sarbidea izan aurretik «alfabetatze digital handiago baterantz» emandako pausoa da hartutako neurria. Aintzat hartu behar da, dena den, Whatsappi eta Messengerri, adibidez, legeak ez diela eragiten, mezularitza plataformatzat hartuak baitira.Â
Hainbat informazio jaso ondoren The Guardian egunkariak gaur argitaratu duenez, izan dira aurpegiak ezagutzeko sistemaren bidez debekua ziurtatzeko plataformek ezarritako oztopoei izkin egin dietenak. Anthony Albanese lehen ministroak auziari buruzko gutun bat kaleratu zuen igandean hainbat hedabidetan, eta horretan esan zuen badakitela prozesua ez dela «perfektua» izango.
Inkestak, alde
Australiako Gobernuak uste du nerabeek geroz eta presio handiagoa jasaten dutela esparru digitalean, eta horretan beren buruak erakusteak arazoak ekar ditzakeela: antsietatea, autoestimu baxua, bakartuta geratzea... Iruditzen zaio, gainera, ziberjazarpena, eta, esaterako, algoritmoen manipulazioa nozitu dezaketela, eta eduki misoginoetarako eta bortitzetarako sarbidea edukitzeko arriskuan daudela.
Inkesten emaitzei erreparatuta, oro har, herritarren bi heren neurriaren alde daude. NBE Nazio Batuen Erakundearen Australiako adarrak, baina, txosten bat kaleratu du 5.000 nerabe ingururekin hitz egin ondoren, eta horrek zalantzan jartzen du neurriaren eraginkortasuna. Beste hainbat herrialdek —Espainiak, Norvegiak, Danimarkak eta Malaysiak, besteak beste—, antzeko debekuren bat ezartzeko asmoa agertu dute.